}

Osasuna! (bakardadeaz eta bizipozaz)

2011/03/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bakardadeak kalte egiten dio osasunari, eta bizipozak, aldiz, mesede. Esaldiak zentzuzkoa dirudi, erabat, eta edozeinek eman ditzake horixe erakusten duten adibideak. Baina ez da hain erraza bi faktore horiek osasunean duten eragina aztertzea eta neurtzea. Orain, horrekin lotutako bi ikerketa plazaratu dituzte, eta emaitzak argigarriak dira.
Bakardade kronikoak kalteak eragiten ditu nerbio-sisteman, sistema kardio-baskularrean eta immunologikoan.

Bakardadeari buruzko lana Science aldizkari ospetsuan argitaratu dute. Hasteko, Chicagoko Unibertsitateko ikertzaileak konturatu dira benetako erruduna, osasunari kalte egiten diona, ez dela bakardadea, baizik eta bakarrik sentitzea.

Hain zuzen ere, batzuk, bakartuta bizi diren arren, ez dute jendearekin harremana izateko beharrik sentitzen, eta, beraz, ez dute bakardadearen zama sentitzen. Horrenbestez, lagunik ez izateak ez die kalterik eragiten osasunean. Aldiz, beste pertsona batzuk, harremanak izan badituzten arren, bakarrik sentitzen dira. Eta horiei bai, horiei kalte egiten die bakardadeak.

Batzuk, bakartuta bizi diren arren, ez dute jendearekin harremana izateko beharrik sentitzen, eta, beraz, ez dute bakardadearen zama sentitzen

Hori dela eta, oraingo ikerketan ez diote harreman-kopuruari begiratu; horren ordez, jendearen bakardade-sentimendua neurtu dute, 1970eko hamarkadan sortutako tristeziaren eskala baten bidez. Zein maiztasunekin sentitzen diren bakarrik, zenbatetan pentsatzen duten ez dutela norekin hitz egin eta antzeko galderei erantzun diete ikerketan parte hartu dutenek, eta, gero, erantzunak osasun-egoerarekin erlazionatu dituzte ikertzaileek. Horrela ondorioztatu dute bakardade kronikoak kalteak eragiten dituela nerbio-sisteman, sistema kardio-baskularrean eta immunologikoan.

Horren atzean dauden mekanismoak ere ikertu dituzte. Adibidez, bakarrik sentitzen direnek presio arterial altua izaten dutela ikusi dute. Bada, antza denez, bakardade kronikoa dutenei estutu egiten zaizkie odol-hodiak; horren ondorioz, bihotzak gogorrago egin behar du lana odola punpatzeko. Horregatik igotzen da presioa.

Bestalde, pertsona horien gernuan eta listuan ohi baino kontzentrazio handiagoan azaltzen dira estresarekin lotutako hormonak, hala nola kortisola eta epinefrina. Hormona horiek nerbio-sisteman eragiten dute, zehazki,"borrokatu edo ihes egin" mekanismoan (ingelesez, fight or flight ). Nolabait esateko, bakardadeak gorputza arrisku bati aurre egiteko prestatuko balu bezala da. Eboluzioaren ikuspuntutik onuragarria da erabat, bakarrik geratzea oso arriskutsua baitzen gure arbasoentzat. Kroniko bihurtzen bada, baina, kalterako da.

Azkenik, immunitate-sisteman duen eragina ere ikertu dute, eta bakarrik sentitzen direnek hantura eta infekzio birikoak izateko arrisku handiagoa dutela frogatu dute. Azaldu dutenez, mekanismoa geneetan abiatzen da.

Txanponaren beste aldea

Bizipoza estresaren, minaren eta gaixotasunaren aurkako antidoto ahaltsua da.

Txanponaren beste aldean, bizipozari buruzko azterketa dago. Hain zuzen, ez da ikerketa bat, baizik eta gaiari buruz egin diren ikerketa guztien berrikuspen bat. Current Directions in Psychological Science aldizkari espezializatuan argitaratu dute Cornell Unibertsitateko ikertzaileek, eta, haien ustez, ondorioa garbia da: emozio baikorrak estresaren, minaren eta gaixotasunaren aurkako antidoto ahaltsuak dira.

Horren zergatia azaltzeko, arrazoi bat baino gehiago aurkitu dituzte ikertzaileek. Besteak beste, aipatu dute etxetik ateratzera, ibiltzera eta ariketa fisikoa egitera bultzatzen gaituela umore oneko egoteak, eta horrek ondorio onuragarria du osasunean. Gainera, kezkatuta edo triste gaudenean, gaizki egiten dugu lo, eta lo ondo egitea osasun ona izateko gakoetako bat da. Hori gutxi ez, eta estres txikiagoa izaten dugu pozik gaudenean. Hori guztia jakinda, agian "Kantu bat bizipozaren alde" entzuteko gogoa piztuko zaio bati baino gehiagori...

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia