Osasun mentalaren genero-desberdintasuna tratatzeko ahalduntze-pilulak emakumeentzat

2025/09/01 Cuesta Zigorraga, Amaia - Deustuko Unibertsitatean Erizaintzako Graduko irakaslea eta ikerlaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

osasun-mentalaren-genero-desberdintasuna-tratatzek
Arg. Amaia Cuesta-Zigorraga

Emakume ez dela jaiotzen eta egin egiten dela zioen Simone de Beauvoir-ek, emakumearen zapalkuntzaren oinarrian feminitatearen eraikuntza kulturala ipinita. Feminitateak, hari kultural, historiko eta sozialez ehundutako kontzeptuak, bere errealitate konplexua islatzen eta desitxuratzen duen ispilu bat du medikuntzan. Historikoki, patologizatu egin dira andrazkoen bizipenak eta gorputzak, eta emakumeen gaineko kontrola estaldura batez disimulatutako pilulen bidez administratu da. “Histeria” terminoa dugu emakumearen portaera patologizatzearen adibide adierazgarri bat. Desoreka emozionalari erreferentzia egiten dion nahasmendu hori emakume-rolaren desbideratzearekin lotzen zen Antzinako Grezian, eta ugal-­aparatuaren gaitz batekin (uteroaren desbideratzearekin, zehazki) erlazionatzen zen. Oraindik ere, kaos emozionala feminitatearekin erlazionatzen duen narratiba zaharraren pisuari eusten diogu.

Egungo praktika psikiatrikoan, pazienteen bizitzen kontakizunak eskuliburuetan oinarritutako kodetan mutatzen dira. Zauri emozional korapilatsuak diagnostiko bakar bilakatzen dira. Histeriaren diagnostikoa 1980ko hamarkadan erretiratu bazen ere Nahasmendu Mentalen Diagnosi eta Estatistika Eskuliburutik (DSM), gaurko depresio-diagnostiko edo antsietate-nahasmendu mota orok histeriaren istorioa ekartzen digu gogora.

Aberatsa da osasun mentaleko diagnostikoetan genero-desberdintasunak daudela adierazten duen ebidentzia zientifikoa. Depresio- eta antsietate-­nahasmenduetan emakumezkoen prebalentzia gizonezkoena halako bi bada ere, portzentaje hori ez dago oinarri biologikoen edo arrazoi medikoen menpe[1,2]. Zer enigma daude osasun mentalaren genero-desberdintasunaren atzean?

Nola soinu, hala dantza

Generoa axola handiko faktorea da pazienteak adierazten duen ondoeza azaltzen duen diagnostiko bat zehazteko garaian. Medikuaren kontsultan, genero-rolek min emozionala adierazteko eta hori interpretatzeko modua agintzen dute: keinu eta hitz oro genero-espektatibaz beteta dago.

Pertsona bakoitzak esleitu zaizkion genero-­rolen arabera azaltzen ditu bere zauri emozionalak. Emakumeen kasuan, ezinegona modu irekian adierazteak berezko lotura du rol femeninoarekin. Ordea, zaurgarritasun emozionalaren adierazpena ez dago maskulinitatearen espektatiba tradizionalean integratuta. Horrekin bat eginez, praktika klinikoan erabiltzen diren tresna psikometrikoek arazo gisa definitzen dituzte genero femeninoaren arau ezaugarriak (hipersentikortasuna edo negarra). Neurketa-­eskalak eremu somatikoan zentratzen badira, gizonen artean gutxietsi egiten dira antsietate- eta depresio-kasuak, sintomatologia kognitibo edo afektiboa agertzen dutelako[3].

Osasun mentaleko arazoen prebalentzia (esleitutako 1.000 pertsonako). Arg. Osasun Ministerioa, 2020 [5]-etik egokitua.

Esate baterako, nortasunaren nahasmenduak DSM eskuliburuaren irizpideak aplikatuz diagnostikatzen direnean, emakumeen kasuan aukera gutxiago dago nortasun antisoziala diagnostikatzeko; aldiz, probabilitate gehiago dago nortasun histrionikoaren nahasmenduaren diagnostikoa egiteko[4]. Goldberg-en antsietate- eta depresio-eskalan eta Beck-en depresioari buruzko galdetegian, biak ala biak praktika klinikoan maiz erabiliak, andrazkoek puntuazio altuagoak lor ditzakete negarrari eta tristurari erreferentzia egiten dioten itemetan; izan ere, genero-aginduen adierazpen-arauekiko fidel izaten jarraitzeak emaitza larriagoak izatera eramaten dituzte. Feminitatearen ikuspegi erredukzionista duten erremintak aplikatzeak praktika klinikoa distortsionatzen du, eta esperientzia emozionalen patologizazioaren problematika betikotzen. Dinamika horrek nahasmendu mentalen diagnostikoen paisaia zehatz bat osatzen du, estereotipoak indartzen dituena eta genero-desberdintasunak agerian dituena. 

Aurreko lerroetan jorratutako genero-ikuspegi binarioak aniztasun globalaren irudikapena murrizten duela aitortzen da. Hain zuzen ere, genero- eta sexualitate-­esperientzia espezifikoak behar bezala ez ulertzeak eta kulturalki sentikorrak edo inklusiboak ez diren diagnostiko-arauak aplikatzeak badu eragina. Ziurrenik, horrek zerikusia izango du LGTBI+ komunitatea osatzen duten pertsonak mugako nortasunaren nahasmenduaren diagnostikoarekin etiketatzeko joerarekin, edozein psikopatologia erakusten dutela ere[6].

Kodifikazio-instrumentuek bazter batean uzten dituzte aniztasuna eta genero-ikuspegia, eta, gainera, ez dituzte ikusten samin emozionalen azpian dauden azalpen-faktore sozial eta kultural korapilatsuak. Ezin da alde batera utzi egungo gizarteko hierarkia patriarkalak osasunean duen eragin zuzena. Mendeko posizioaren ondoriozko bizi-baldintza okerragoek kausazko eragina dute osasun mentalean[7]; izan ere, indarkeria ekonomiko[8], fisiko, sexual eta sinbolikoaren testuinguruak nabarmen okertzen dute osasun mentala[9].

Pilularen atzean: psikofarmakoen kontsumoaren ondorio ikusezinak

Generoaren egiturazko desberdintasunak eta praktika klinikoaren ezaugarri den erredukzionismoak emakumeen bizi-esperientziak patologizatzen ditu, eta nagusiki sendagaiekin tratatzearen konbergentzia sortzen du. Bilakaerari buruzko datuek erakusten dutenez, antsiolitikoen eta hipnotikoen kontsumoak gora egin du etengabe azken urteotan. Horretan, Espainia Europako batezbestekoaren gainetik dago[10], eta andrazkoek gizonezkoek halako bi kontsumitzen dute[11].

Sendagai psikotropikoen kontsumoa 65 herrialde eta eskualdetan. Arg. Brauer et al. [10]-etik moldatua.

Psikofarmakoen kontsumoari lotutako bigarren mailako ondorioez gain (gehienetan tratamenduaren kronifikazioarekin lotuta egoten dira), badaude erabilerarekin erlazionatutako beste efektu batzuk. Bizi-egoera disruptiboetan, psikofarmakoetara jotzen da genero-rolari sozialki esleitutako zereginekiko haustura berrezartzeko. Eguneroko bizitzari aurre egiteko farmakoarekin konfiantzazko harremana sortzeak arazoa larriagotzea eta ikusezin bihurtzea dakar[12]. Haatik, pilulek ez dute kausa konpontzen; adierazitako sintomatologia naturalizatzen dute, eta gaixotasuna kosifikatzen (gaixotasuna pertsonarekiko independentea den objektu bereizi bat balitz bezala hartzea). Horrek emakumea psikofarmakoen mendekoa izatea dakar[13], eta haren ahalduntze-prozesua mugatzen du. Emakumeen ahalduntzeak, ostera, haien osasunean eragiten duten elementuen gainean jarduteko aukera ematen du, baita ondoez emozionala eragiten duen egiturazko menpekotasuna gainditzeko ere[14].

Etorkizunaren koloreak: intersekzionalitatea eta ikuspegi soziala

Gizonezkoen eta emakumezkoen ondoez-­zantzuen sare-egiturak ezberdinak direla erakusten du ebidentzia zientifikoak. Sintomen aktibazioan genero-­mekanismo espezifikoek parte hartzen dutela iradokitzeaz gain, aditzera ematen da horien autoinformazioa diagnostikorako muga funtzional bat dela. Funtsezkoa da indarrean dauden tresna psikometrikoak zalantzan jartzea, gailu horien ikuspegi sinplistak ez baititu aintzat hartzen giza esperientzia sakonki moldatzen duten determinatzaile sozialak. Berebizikoa da ikuspegi intersekzionala osasunaren zaintzan txertatzea (ikerketatik hasi eta arretaraino), generoarekin gurutzatzen diren beste dimentsio batzuk bistaratzeko. Etnia, gizarte-­maila, sexu-orientazioa, genero-­identitatea, adina edo desgaitasuna modu konplexu eta bakarrean lotzen zaizkie pertsonen esperientziei eta premiei. Nahasmendu mentala diagnostikatzeko garaian gizabanakoen bizipenen aniztasuna aintzat hartuz eta genero-isuririk gabeko erremintak aplikatuz, arreta ekitatiboa eta norbanakoaren beharretara egokitua sustatzen da.

Osasunaren zaintzaren alorrean, gaur egungo eredu medikoa ikuspegi sozialarekin ordezkatzeak emakumeei ahalduntze-pilulak errezetatzea ekar dezake. Genero-aginduz kutsatutako egunerokotasunari modu osasungarrian aurre egiteko behar diren gaitasunak preskribatzea osasun mentaleko arrakala gainditzeko formula bat da.

Denborarekin, agian, emakumezko gorputza patologizatzeko eta medikalizatzeko ondarea suntsitu ahal izango dugu. Egun horretan, osasunaren ikuspegi sozial eta feministak histeriaren kondairaren itzala desagerrarazten duen narratiba berria ehunduko du.

Bibliografia

[1]    Bacigalupe A. eta Martín U. 2021. “Gender inequalities in depression/anxiety and the consumption of psychotropic drugs: Are we medicalising women’s mental health?” Scandinavian Journal of Public Health, 49(3).
[2]    Bacigalupe A., Cabezas A., Bueno M. B. eta Martín U. 2020. “El género como determinante de la salud mental y su medicalización. Informe SESPAS 2020”. Gaceta Sanitaria, 34.
[3]    Jacob L. eta Kostev K. 2016. “Gender-based differences in the antidepressant treatment of patients with depression in German psychiatric practices”. German Medical Science, 14, Doc 02.
[4]    Garb H. N. 2021. “Race bias and gender bias in the diagnosis of psychological disorders”. Clinical Psychology Review, 90, 102087.
[5]    Gobierno de España. Ministerio de Sanidad. 2020. “Salud mental en datos: prevalencia de los problemas de salud y consumo de psicofármacos y fármacos relacionados a partir de los registros clínicos de atención primaria”.
[6]    Rodríguez-Seijas C., Morgan T. A. eta Zimmerman M. 2021. “Is there a bias in the diagnosis of borderline personality disorder among lesbian, gay, and bisexual patients?” Assessment, 28(3), 724–738.
[7]    McAllister A., Fritzell S., Almroth M., Harber-Aschan L., Larsson S. eta Burström B. 2018. “How do macro-level structural determinants affect inequalities in mental health? - A systematic review of the literature”. International Journal for Equity in Health, 17(1), 1–14.
[8]    Schrag R. J. V., Robinson S. R. eta Ravi K. 2019. “Understanding Pathways within Intimate Partner Violence: Economic Abuse, Economic Hardship, and Mental Health”. Journal of Aggression, Maltreatment & Trauma, 28(2), 222–242.
[9]    Sanz-Barbero B. I., Baró N. I. eta Vives-Cases C. 2019. “Prevalence, associated factors and health impact of intimate partner violence against women in different life stages”. PLOS One, 14(10).
[10]    Brauer R., Alfageh B., Blais J. E., Chan E. W., Chui C. S., Hayes J. F., ... eta Wong I. C. 2021. “Psychotropic medicine consumption in 65 countries and regions, 2008–19: a longitudinal study”. The Lancet Psychiatry, 8(12), 1071–1082.
[11]    Eusko Jaurlaritza. Osasun Saila. 2023. “Euskadiko Adikzioei buruzko inkesta”.
[12]    Del Río C. 2022. “La medicalización del malestar en la mujer. Una valoración crítica”. Revista de la Asociación Española de Neuropsiquiatría, 42(141).
[13]    López L. F. eta Rodríguez M. J. S. 2020. “Feminización del consumo de benzodiacepinas”. Perifèria. Revista de Investigación y Formación en Antropología, 25(3), 79–101.
[14]    García Arteaga V. F., Cruz Coria E. eta Mejía Reyes C. 2020. “Factores que impulsan e inhiben el empoderamiento femenino: una revisión de literatura”. Revista Reflexiones, 101(1), 121–140.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia