Orkideen lilura itsugarria
2002/02/17 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Orkideak familia zahar eta zabala dira. Hiru petaloko loreak dituzte. Oraingoz, 40.000 inguru espezie identifikatu dira, baina oraindik milaka daudela aurkitzeke uste da. Hori gutxi balitz, gizakiak, espezieak nahasiz, beste 100.000 hibrido inguru sortu ditu laborategietan.
Hain familia zabala izanik, tamaina eta kolore guztietakoak daude. Neurri mikroskopikoetatik hasi eta futbol-baloiaren tamainako lore-pila dutenetaraino. Eta koloreetan zer esanik ez; exotikoak guztiak, baina antzekoak bat bera ere ez. Dracula generoa, esaterako, gorri ilunekoa da, baina gehienek kolore bat baino gehiago dute: berde iluna granatearekin, marfil kolorea arrosa biziarekin, petalo horiak purpura koloreko puntarekin… konbinazio guztiak, simetrikoak zein erabat nahasiak. Oraindik literaturan soilik dagoen orkidea bat ere bada: orkidea beltza.
Hainbeste tamaina eta kolore izanda, formez ere ez da gutxiago espero. "Landare hauen askotariko formek lilura sortzen dute. Txoritxo, musker, intsektu, emazte, gizonezko eta abarren antza dute. Batzuetan borrokalari sutsua dirudite eta besteetan barregura sortzen duen pailazoa" esan zuen Jakob Breyne botanikoak 1678an.
Nahasketa, ugalketa-motaren fruitu
Orkideek hain forma, kolore eta tamaina desberdinak edukitzearen arrazoia ugalketa-era da. Orkidea-espezie gehienak ez dira autopolinizatzen eta horrela material genetikoa nahastu egiten da. Charles Darwinek zioen bizirauteko borrokan landare konplexuek polinizazio sinplea egiten dutenek baino hobeto irauten dutela, informazio genetikoa nahasita, egoera berrietara egokitzeko aukera gehiago dutelako.
Polena landare batetik bestera garraiatzeko, haizeaz, hegaztiez, tximeletez edo erleez baliatzen dira. Horregatik, landareek forma egokia eduki behar dute polena haizeak eraman ahal izango duen leku batean gordetzeko eta, bestela, intsektuentzat erakargarriak izan behar dute.
Orkidea gehienak ez dira autopolinizatzen, ezta beren polena era artifizialean aplikatzen zaienean ere. Are gehiago, espezie batzuentzat beren polena pozoia izan daiteke lorezilera helduz gero. Intsektuak erakartzeko ahalmenik gabe orkideak desagertu egingo lirateke, baina erakartzeko trikimailu bat baino gehiago direla medio, ez da horrelakorik gertatu.
Orkidea askok beren intsektu maitatuenaren antz handia izatea lortu dute. Intsektu arrak, beren espezieko emea delakoan, lorearen gainean pausatu eta polenaz bustitzen dira. Huts bera bigarren aldiz egitean, lehen lorearen polena bigarrenaren gainean uzten dute. Hau da, lorea intsektua bera baino zuhurragoa da.
Beste orkidea-espezie batzuek intsektuaren harrapakinen itxura dute. Botanikoek fenomeno horri pseudoantogonia deitzen diote. Intsektuak, nahastuta, loreari egiten dio eraso eta alferrikako borroka horretan polenaz bustitzen da.
Beste zenbait espeziek erlea hurbiltzean ixten den labelo bat dute. Beren asmoa erlea polenaz igurztea izaten da, ez hiltzea. Erlea, landarearen atzealdetik ihes egiteko, polenaz bustita dauden hari nahasietatik pasatzera derrigortuta egoten da, eta, horrela, loreak bere helburua lortzen du.
Beste orkidea batzuek intsektu txikiak erakartzen dituen nektarea edo perfumea jariatzen dute. Ez pentsa gero perfumea beti usain gozokoa izaten denik! Batzuek haragi ustelaren usaina izan dezakete, baina txokolate usainekoak ere badaude, baita intsektuek preziatzen dituzten loreen usaina imitatzen dutenak ere.
Neurririk gabeko erakargarritasuna
Orkideek ez dituzte intsektuak eta hegaztiak soilik erakartzen; pertsona asko eta asko ere liluratu dute, koloreagatik, usainagatik edo beste zenbait bitxikeriagatik. Baina 1906an argitaratutako artikulu batek dioenez, orkideen xarma hazten diren lekuetaraino heltzean datza. Orkideak era guzietako gaixotasunak dauden aintziretan, baso tropikaletan, indigenak bizi diren leku urrunetan, etab. aurkitu izan dira; abenturazaleentzat eginkizun aproposa, beraz.
Orkideen aurkikuntzaren urterik oparoenak XIX. mendearen erdi-aldetik XX. mendearen hasiera artekoak izan ziren. Garai hartan, lan horretarako aurkezten zenak indartsua eta ausarta behar zuen izan, abenturan
joan bai, baina itzultzeko batere ziurtasunik ez baitzegoen.
Gaur egun orkideen komertzioak urtean 10.000 milioi dolar mugitzen ditu, eta landare arraro batek 25.000 dolar balio dezake. Tailandia da orkidea-esportatzaile handiena. Landareak esportatzeaz gain, 30 milioi dolarreko diru--sarrera lortzen du lore-sortak egiteko eta soinekoetan erabiltzeko saltzen dituen loreekin.
Orkideak erostea bezain garestia da haiek zaintzea. Orkideetan espezializatuta dauden zaintzaile bereziak daude, eta baita orkideentzako egoitzak ere. Horietara, oraindik lorerik eman ez duen orkidea eramaten da eta lorea ateratzen zaionean jabeak etxera eramaten du erakutsi ahal izateko. Bildumagile batzuek landare bat baino gehiago edukitzen dute egoitzan eta hilero 2.000 dolar ordaintzera irits daitezke.
Orkideen bilduma egiteko diruduna izatea ezinbestekoa dela argi dago, eta kasu ezagunak badira. Besteak beste, Monopoly jokoaren asmatzaile Charles Darrow 46 urterekin jubilatu zen, jokoari esker irabazi zuen dirutzarekin orkideen bilduma egitera dedikatzeko. Japan Airlines-eko sortzaileak beste hainbeste egin zuen. Michihiro Fukashima, negozioen munduak nazkaturik, oso gazterik erretiratu zen eta bere akzio guztiak emaztearen izenean utzi ondoren, harreman denak eten eta bere 2.000 orkideak hartuta Malaysiara joan zen.
Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia