Ordulari bat DNAn
2013/11/08 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Era askotako lorratzak uzten ditu adinak gorputzean, baina, Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile batzuek erakutsi dutenez, DNAn uzten duena ordulari bikaina izan daiteke ehunak eta organoak nola zahartzen diren neurtzeko. Adinean aurrera egin ahala, aldatu egiten da DNAren metilazio-maila, eta horretan oinarritu dira ikertzaileak ehunen adina iragartzeko.
Metiloak etengailuen modukoak dira: geneak itzaltzen dituzte. Eta, metilazio-maila bizitzan zehar nola aldatzen den ikusteko, 51 ehun- eta zeula-motaren 8.000 lagin osasuntsu, eta 6.000 minbizidun aztertu dituzte. Eta 353 markatzailetan jarri dute arreta. Markatzaile batzuen kasuan metilazioak gora egiten du zahartu ahala, eta beste batzuetan behera. Hori kontuan izanda, ehun osasuntsuen adina zehaztasun handiz iragartzen duen ordularia lortu dute. Jaioberrien laginetan zero inguruko balioak ematen ditu ordulari horrek, eta balio negatiboak jaio aurreko laginetan eta zelula pluripotente induzituetan.
Bestalde, ikusi dute emakumeen bularrak gorputz bereko gainerako ehunak baino bizpahiru urte zaharragoak izaten direla, metilazioaren ordulariaren arabera. Bularreko minbizia duten emakumeen kasuan, berriz, tumorearen ondoko ehun osasuntsua gorputzeko gainerako ehunak baino 12 urte zaharragoa da. Eta 20 minbizi-motatako ehunak ehun osasuntsuak baino 36 urte zaharragoak direla ere ikusi dute. Genome Biology aldizkarian argitaratu dute lana.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia