}

Ongizatea

2024/02/14 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

ongizatea
Arg. Pernan Goñi

Euskal Herriko bizimodu aberats honek aparatu teknologikoak, arropak eta, oro har, gauzak metatzea du helburu, baina ez ongizatea bera.

Ongi bizitzea eta zoriontsu izatea zer den oso modu desberdinean ulertzen da kulturaren arabera, garaiaren arabera, adinaren arabera. Kapitalismoak sinetsarazi digu zoriontasuna gauza asko izatearekin lotuta dagoela, baina ikerketa zientifikoek erakutsi dute ongizateak zerikusi gutxi duela horrekin. Giza ongizateak ekitatea eta oinarrizko beharrak aseta egotea eskatzen du, baina frogatu da zoriontasunak ez duela zerikusirik aberastasunak pilatzearekin. Aberastasun materialak baino askoz gehiago asetzen gaituzte harreman sozialek, norberak nahi duena ikasteko aukera izateak, bizitzarekiko gogobeteta sentitzeak, lasaitasunak, lana eta bizitza pertsonala orekan sentitzeak, gizartearekiko konpromisoak, espazio berdeak eskura izateak…

Baliagarria izan daiteke ikustea kontsumismoak, ongizaterako bidea izan beharrean, mendeko bihurtu gaituela. Ongizatearen ikuspegi kontsumista eta kapitalista hori falazia bat dela ikustea lagungarri izango da hemendik aurrera ongizatea birdefinitzeko. Zerk egiten zaitu benetan zoriontsu? Non daude zure gehiegikeriak? Uko egin diezaiokezu planeta xahutzen ari den bizimodu kontsumista honi?

Erantzunek ez dute zalantzarako tarte handirik uzten: ongizatea guztiz bateragarria da bizimodu jasangarriarekin.

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia