}

Ondorengoak izateak uste baino energia gehiago eskatzen duela baieztatu dute

2024/10/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ondorengoak-izateak-uste-baino-energia-gehiago-esk
Haurdunaldiaren gastua orain arte kalkulatu dutena baino askoz ere handiagoa dela ikusi dute ikerketa zabal batean. - Arg. fezailc/Pixabay

Pertsona batek ume bat izateko behar duen energia orain arteko aurreikuspenek kalkulatu dutena baino 24 aldiz handiagoa izan daiteke. Animalia ektodermoentzat, alegia, kanpoko energia-iturriak baliatzen dituztenentzat, energia-gastua lehen kalkulatutakoa baino 4 aldiz handiagoa da, esaterako, sugeentzat. Eta bi aldiz handiagoa itsas arrainentzat. Adibide horiek Australiako Monash Unibertsitateko ikertzaileek eman dituzte, egin duten ikerketan oinarrituta.

Hain zuzen, ondorioztatu dute orain arteko kalkuluetan gutxietsi egin dela ugalketaren zeharkako kostua, hau da, zuzenean kumeak jaso ez duena. Emaitzek eragina izan dezakete animalien bizimoduari buruzko lanetan, eta lagungarriak izan daitezke aurreikusteko nola erantzungo dioten klima-aldaketari.

Ikerketa hori egiteko, 1930-2000 bitartean gaiari buruz argitaratutako lanak bildu eta aztertu zituzten, eta 81 espezieren datuak lortu zituzten, hasi rotiferoak bezalako animalia mikroskopikoetatik eta gizakietaraino. Horrez gain, ikusita zeharkako energia-gastua askotan ez zela aintzat hartu, edo ez behar bezainbeste, ikerketa zehatzak egin zituzten gastu hori kalkulatzeko. Adibidez, haurdun dauden emakumeen gastu metabolikoa neurtu dute, haurdunaldiaren hainbat fasetan.

Horrela, ohartu dira, zeharkako gastua guztizko energia-gastuaren % 5-25 zela uste izan bada ere, egiazko gastua askoz ere handiagoa dela. Horrenbestez, ikertzaileen esanean, egin duten lana baliagarria da jakiteko zenbat kostatzen zaion ugaltzea espezie bakoitzari. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia