}

Ondorengoa hozkailuan

2001/02/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Itxarongelan urduritasuna nabaria da. Horrela ez dago ezer ematerik. Gelan gauden guztiak negozio beragatik etorri garelako. Bertako aldizkariek ez dutela asko laguntzen esan ohi da... Nire txanda. Motibatzeko, begiak itxi, lizunkeri gogokoenak gogora ekarri eta... nora doa nire esperma?

Norberaren material genetikoa sakratua da. Arrotasun osoz aipatzen dugu, batez ere, obario edo barrabiletan gordeta daukagunaz ari garenean. Hala ere, denok dakigu obulu- eta esperma-bankuak daudela. Saldu eta erosi egiten dira... emaileak bilatzeko kanpainak egiten dira... diote. Misterioaren esparruan dago gaia, baina ez ezezaguna izateagatik, erabili dutenek horretaz hitz egiten ez dutelako baizik.

Koadrila batean eztabaida sortu zen eta galdera-mordoxka bat egin ziguten. Zer gertatzen da espermatozoideekin? Nitrogeno likidoan izozten badira, nola liteke bizirik irautea? Hori gai polita! Artikulutxoa merezi dute, bai gaiak, bai eta koadrilak ere. Informazioa bildu eta gero, inguruko esperma-banku batera jo genuen teoria hori guztia errealitatearekin egiaztatzeko.

Zergatik nik?

Arrazoi asko egon daitezke esperma bankuan uzteko. Ordainaren truke izan gabe, norberak bere semena garai egokiagoetan erabiltzeko izaten da askotan. Haurrak izateko arazoak dituzten bikote batzuek emakumearen egun emankorrenetan intseminazio artifiziala egiteko gordetzen dute. Bestalde, basektomia egin nahi duten gizonezkoentzat ere aukera da. Batzuetan, barrabiletako tumoreak, linfomak, leuzemia edo horrelako gaixotasunak dituztenek ere, haientzat jarritako tratamenduaren ondorioz antzu geratzeko arriskuaren aurrean, badaezpada ere, gorde dezakete semena.

Espermatozoide bat obuluan sartzeko prest.

Obuluak eta espermak zein laborategian luzaroan bizirik gorde nahi diren zelula bizidun guztiak izoztu egin behar dira (kriogenizazioa). Hobeto esanda, tenperatura baxuetan gorde behar dira. Horretarako, nitrogeno likidoa erabiltzen da, -196 ºC-tan baitago. Horrelako ingurunean ez dago bizirik. Gainera, hain hotza dagoen zelula berotu arren, ez da bizira itzuliko; bestela, Everesten hildako jendea berpizteko, giro-tenperaturara ekarri besterik ez litzateke izango. Baina hori ez da nahikoa.

Emailearen lagina izoztu baino lehen, substantzia-nahaste batean murgiltzen da. Nahaste horri, besteak beste, kriogenizazioaren "babesleak" gehitzen zaizkio. Esperma izozteko glizerola eta arrautzaren gorringoa nahasirik erabiltzen dira disoluzio babesle moduan. Nahasteak, bestalde, glukosa eta beste osagai batzuk izaten ditu kontserbazioa ahalik eta hoberena izateko.

Tenperatura-jaitsiera kontrolatuaz hozten dira laginak. Gainera, likidoan murgildu baino lehen, nitrogenotik isurtzen den lurrun hotzean jartzen dira. Prozesu horretan, arazo osmotikoak edo inguruan sortzen diren izotz-kristalen eragin mekanikoak direla eta, zelula asko hil daitezke. Izan ere, espermaren % 50-60 bakarrik izaten da emankorra prozesua pasa eta gero.

Bizirik irauteko aukera erabilitako teknikaren eta zelularen "kalitatearen" araberakoa da. Noski, espermatozoideak eta obuluak ez dira horrelako prozesuak jasateko diseinatu. Horregatik, espermaren kasuan, lagina ontzi txikietan banatzen da, izoztu eta horietako bat segituan desizoztu egiten da. Desizoztutakoari "iraunkortasun-proba" egiten zaio.

Emaile baten espermak proba nabarmen gainditzen ez badu, lagin osoa baztertzen da. Espermaren kalitatea zehazteko ez da soilik iraunkortasun-proba egiten. Beste ezaugarri batzuk ere hartzen dira kontuan, zenbat espermatozoide dituen, nolako mugikortasuna eta itxura duten jakiteko. Baina emaile bati espermarenaz gain, beste analisi asko egiten zaizkio. Odol-analisia oso garrantzitsua da, zein odol-taldekoa den jakiteko eta izan ditzakeen gaixotasunak detektatzeko. Urte batzuetatik hona, adibidez, hiesaren birusaren proba ezinbesteko bihurtu da. Bestalde, galdeketa psikologikoa egiten zaio, familiaren historia klinikoaren eta jokaera sexualaren gaineko datuak jasotzeko.

Albaitarien eskarmentutik

Espermatozoidea mikroskopio elektronikoz ikusita.

Lagunduriko ugalketa kontu zaharra da albaitarientzat. Era batera edo bestera, abeltzaintza tradizionalean erabilitako teknika da. Hazitarako zezenak ohiko adibidea dira. Beraz, horretarako garatutako teknikak gizakien kasurako eredu izan dira. Abereen aldeko ezberdintasuna emankortasuna da. Zezena gizona baino askoz ere emankorragoa da. Izoztutako espermarekin behiak ernaltzeko probabilitatea % 90aren ingurukoa da.

Legez, emaile baten espermarekin ezin dira nahi adina ume sortu. Arrazoia endogamia-arazoen arriskua da. Oro har, jaiotzen diren umeetatik erdiak mutilak eta besteak neskak izango dira. Estatistikoki beraien artean berriz ugaltzeko zaila den kopurua da hori eta eskualdearen arabera aldatzen da. Esate baterako, Gipuzkoako zentro batean emaile bakoitzeko baimendutako ume-kopurua sei da gehienez.

Esperma-bankuek tarteka emaileak lortzeko kanpainak egiten dituzte. Normalean, unibertsitateetako jendea eskatzen da, jende gazte eta osasuntsu askok izan dezan deialdiaren berri. Emaile asko baztertzen dira nabarmen kalitate handiko esperma ez badute.

Emakumezkoek obulu-kopuru finkoa dute bizitza osoan eta, denbora pasa ahala, gutxitu eta zahartu egiten zaizkie. Horregatik, legez, obulu-emaileek dute adin-mugarik zorrotzena, 18 eta 35 urte bitarteko emakumeek bakarrik eman dezaketelako. Gizonen esperma-kalitatea ez da normalean adinarekin aldatzen eta, gainera, hiru hilabetero ekoizten dute berria. Gizonezkoak legez 50 urteko adinera arte izan daitezke emaile.

Bankuaren bezeroak ezin ditu nahi dituen ezaugarri fisikoak aukeratu. Odol-taldea kontuan hartuta, bikoteko gizonaren ezaugarrietatik gertuen dagoen lagina erabiltzen da kasu bakoitzean. Ez dago ume ilegorria, begi berdeduna edo altua eskatzerik... askotan bikoteei ez zaie igartzen bankutik pasatu direla seme-alabak ikusi hutsarekin.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia