}

Onddi dorrea, goi-mailako apustua

1995/06/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urumea eta Leitzaran ibaien artean dago Onddi mendia. Halaber, hantxe kokaturik dago ORONA, igogailuak eta eskailera mekanikoak egiten dituen enpresa. Maiatzaz geroztik, Onddi mendiari harro begiratzen dion gorakako eraikuntza ikus daiteke paraje eder horretan. Lekuak berak eman dio izena ORONA enpresaren saiakuntza-dorreari.

ORONA enpresa 1964an sortu zen Donostian eraikuntzan ziharduten bi lan-talde elkarlanean hasi zirenean. Edonola ere, 1967. urterarte ez zen osatu gaur egungo enpresa-egitura, Arrasateko Mondragon Corporacion Cooperativa elkargoaren babespean kooperatiba izaera bereganatu zuen arte, hain zuzen. Geroztik elkargoko kidea da, une honetan punta-puntakoak diren beste zenbait enpresarekin batera.

Gaur egungo ORONAk ez du garai hartakoarekin zerikusi handia. Une honetan 920 lagun ari dira lanean enpresak dituen 17 lantegietan. Horrez gain, Britainia Haundian, Frantzian, Portugalen eta Italian eratu ditu jadanik enpresaren ordezkaritzak. Produkzioari dagokionez, Estatu Espainoleko igogailuen % 15 ORONAn egin da.

ORONAren iharduera-eremua igogailuekin zerikusia duena da. Enpresa martxan jarri orduko etxebizitzarako igogailuen alorra nagusia bazen ere, gaur egun produkzioa eta zerbitzuen eskaintza erabat dibertsifikatu egin du: eskailera elektrikoak, oinezkoentzako ateak eta pasaguneak eta estalpe handien egiturak egiten ditu. Azken arlo honetan egin zuen ORONAk bere lanik ikusgarriena 1992an, Bartzelonako Sant Jordi kiroldegirako egindakoa, hain zuzen.

Onddi Dorrearen lehen arrastoak 1994. urtekoak dira. Enpresak orduantxe ekin zion ikerketak egiteko behar zuen laborategia lantzeari. Horren ondorioa da Onddi Dorrea, igogailuak aztertzeko probaleku bikaina. Dorrearen gibelean produkzioaren kontrolerako filosofia atzeman daiteke. Ikerketa-zentruekiko menpekotasunari ihes egin asmoz, bertako teknologia garatzeko bide ezin hobea eskainiko luke lantegian bertan eraikitako probalekuak.

Funtzionaltasuna eta estetika uztartuz

Dorrearen oinarria finkatzea lehen urratsa da. Ondoko irudian dorrearen gurutzeko oinplanoa eta enkofratua ikus daitezke.

Onddi Dorrearen diseinua Luis Peña Gantxegi arkitektoarena da. Dorrearen funtzionaltasuna eta ingurugiroarekiko begirunea uztartzea proiektuaren oinarrizko irizpidea izan da. Probalekuari eman nahi izan zaion izaerak proiektu asko baztertzera eraman ditu ORONAko arduradunak. Express Lifts enpresak Northampton-en duen 127 metroko proba-dorrea bisitatu eta gero, bertako metalezko eredua baztertu egin zuten, arkitektoen iritziz, Onddi mendiaren magalean inpaktu ekologiko handiegia sortuko lukeelako.

Hernanira itzulita, lanari ekin zitzaion. Hasierako diseinuak dorrearen altuera 86 metrokoa izango zela aurrikusten bazuen ere, geroago aztertuko diren arrazoiak medio, 71 metrora jaistea erabaki zen. Ez da gutxi, alajaina!.

Solairuak banan-banan eraiki dira aurrefrabrikaturiko hormigoizko plakak erabiliz. Hormigoia bertaraino eraman ahal izateko, ponpatze-sistema berriaz baliatu dira.

Dorrearen egitura osoko enkofratuaren bidez lortu da. Solairuak banan-banan eraiki dira, aurrefabrikaturiko hormigoizko plakak erabiliz dorrearen tontorrera iritsi arte. Hormigoi armatua solairuan bertan egitea ezinezkoa gertatu zenez, dorrearen oinarritik hormigoiaren ezaugarriak egonkor mantentzen dituen ponpatze-sistema berezia erabili behar izan dute. Altuera horretan lan egiteak sortzen duen arriskua zela medio, dorrearen egitura aldatzea hobetsi zen. Gurutzeko oinplano-ereduan oinarritzen da eta 24 solairutan banatzen den 71 metroko altuera du. Gurutzeko oinplanoa hautatu izanak abantaila handiak eskaini ditu, eraikinak maneiagarriagoak direlako eta eraikin bakoitzari funtzio desberdinak ematea ahalbideratzen duelako.

Onddi Dorreak paisajeak inpaktu ekologikorik sor ez dezan, estetikari garrantzi handia eman zaio. Egitura liraina sortu dute: 71 metroko altuera eta 1.100 tonako pisua.

Aitzitik, lau eraikeneko egiturak zurruntasun-arazoak sortu zituen. Mortairuzko junturak eta torlojozko egitura bereziak erabili dira egiturari zurruntasuna eta irmotasuna eman ahal izateko. Funtzionaltasunari baino, estetikari dagokio Onddi Dorreak sorrarazi duen buruhauste nagusitakoa. Paisajearekin uztartu ahal izateko, egitura “dotorea” bilatu behar izan da, sendoa eta aldiberean arina. Hormigoiaren ezaugarriak eta berau injektatzeko teknikak irizpide horren arabera aukeratu ziren. Horren ondorioz, dorrearen hormek 15 cm-ko lodiera baino ez dute. Dorre osoaren pisua 1.100 tonakoa da, solairu metro bakoitzeko 16 tona, hain zuzen.

Probalekuaren erraiak

Kanpo-itxurari garrantzi handia eman bazaio ere, Onddi Dorrearen barruan gauzatuko da benetako lana. Arestian esan bezala, igogailuak probatzeko erabiliko bada ere, hori ez da dirudien bezain sinplea izango, igogailuen muntaketa eta eragintza uste baino zailagoa baita. Besteak beste, eragintza-sistemek igogailuan sortzen dituzten mugimenduak eta bibrazioak neurtu beharko dituzte. Onddi Dorrearen baitan ezarritako kontrol-sistemei esker, motoreen zaratak, motelgailu pneumatikoen eta abiadura-sistemen arteko elkarrekintza aztertu ahal izango dute. Horrez gain, igogailuen datu-sareak eta eraikuntzarenak batera erabiltzean sortzen diren arazoak saihestea errazago izango dela uste dute.

ORONAk egingo dituen igogailuen muntaketa-prozesua azkartzea izango da Onddi Dorrearen betekizun nagusitakoa. Izan ere, muntaketa- eta produkzio-prozesuen artean alde handia izan ohi da eta horrek sortzen duen kostu ekonomikoa azken produktuaren salneurrian eragina izaten du. Prozesuak azkartzeak prezioak merketzea eta lehiakorragoak izatea ahalbideratuko duela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia