Olioa, kontainer berdeetara
2009/01/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Etxeko olioa biltzea ez da gauza berria. Udalerri askotan, hilean behin edo bitan furgoneta bat ibiltzen da etxeko olioa biltzen. Zerbitzu horrek, ordea, zenbait muga ditu. Izan ere, ordutegi mugatu batean eta kokaleku jakin batera eraman behar izaten dira erabilitako olioarekin betetako potoak. Zerbitzuak erraztasun gutxi ematen ditu, eta emaitzak horren adierazgarri dira. Oraindik ere erabilitako olio gehiena harraskatik behera botatzen da, eta oso gutxi bildu eta aprobetxatzen da benetan.
Arazo horri irtenbidea aurkitu nahian, Mondragon Unibertsitateak etxean erabilitako olioa birziklatzeko sistema berritzaile eta eroso bat garatu zuen. Zabor organikoa, papera eta kartoia nahiz plastikoa biltzen dituzten kontainerren ondoan, berde-koloreko kontainer berriak jarri zituzten. "Arrasaten dagoeneko mota horretako 7 kontainer daude udalerriko toki estrategikoetan kokatuta" dio Felix Zugasti proiektuaren arduradunak. Erabiltzaileek etxean dituzten olio-ontziak kontainerrera eramaten dituzte (aurrez, Arrasateko Udalak etxe guztietan ontzi bana banatu zuen). Kontainerrean, olio erabilia duen ontzia utzi eta, biradera bati eraginez, ontzi garbi bat har daiteke.
"Kontainer horren mekanismoa erabat mekanikoa da ingeniaritzaren ikuspuntutik" azpimarratu du Zugastik. "Mekanismo horrek mailaz maila ontziak erortzen doazen sistema birakari bat du. Maila bakoitzean 30 ontzi daude. Hegal edo palanka batek ontzi horiek banan-banan bultzatzen ditu, eta grabitatearen eraginez erortzen dira" gehitu du. Olio-ontzi bakoitzak litro bat olio jasotzeko edukiera du, eta kontainer bakoitzak 174 litro jasotzekoa.
Litro bat olio = litro bat bioerregai
Kontainerreko biltegia betetakoan, Ecogras enpresa biltzailea arduratzen da olio erabilia duten ontziak jasotzeaz. Ondoren, olio erabili hori tratatu, eta bioerregaia ekoizteko erabiltzen dute. Bioerregai-ekoizleak gai dira litro bat landare-oliotik gutxi gorabehera litro bat bioerregai ateratzeko. Ezin da esan birziklatzen den olioa guztia biodiesel bilakatuko denik, baina zati handi bat bai, behintzat.
Kontainer berri hauen helburua da etxeko olio erabiliaren birziklatze-sistema erraztea. Horri esker, jende gehiagok birziklatu ahal izango du. Izan ere, hilean behin edo birritan ordutegi zehatz batera egokitzea baino erosoagoa da kontainer horietara nahi denean edo ahal denean eramatea olioa.
Badira bi urte Arrasateko Udalak udalerrian birziklatze-sistema hori erabiltzen duela. Horri esker, urtean birziklatzen den olioa bostez biderkatzea lortu dute. Soilik Arrasaten, urtean 5.000 litro jasotzetik 25.000 litro jasotzera igaro dira. Gero eta gehiago dira erabilitako olioa kontainer berdeetara eramaten dutenak. Adituen arabera, herritarren artean harrera oso ona izan dute kontainer horiek.
Kontainerra orain dela bi urte diseinatu zuten Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko sei ikaslek. Ikerketa-proiektu baten emaitza da, eta hainbat euskal erakundek (aldundiek eta udalek) gertutik jarraitzen diote, beren udalerrietan erabiltzeko aukera aztertzeko. Une honetan, produktua industrializatzeko aukera aztertzen ari dira, ondoren estatuan eta nazioartean merkaturatzeko.
Orain, mota horretako kontainer sofistikatuago baten prototipoa lantzen ari dira Fagor-ekin elkarlanean. Ekimen berri horren helburua da edukiera handiagoko kontainer txikiagoak diseinatzea. Mekanikoki ez ezik, elektronikoki ere ekipatuko dituzte. Hala, une bakoitzean kontainerrean zenbat ontzi dauden jakin ahal izango dute, besteak beste.
Etorkizun hurbilean, beraz, ez harritu zure herriko kaleetan beste kontainer berde batekin topo egiten baduzu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia