}

Olatu erraldoiak urakanetan

2005/08/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

img height="420" src="images/E050808.jpg" width="420"/>

Zientzialariek uste dute Ivan urakanak ia berrogei metroko olatuak sortu dituela Mexikoko golkoan. Ondorio horretara iritsi dira itsas hondoko sentsoreek neurtutako presioak irakurri ondoren. Eta Ivan baino urakan handiagoak askotan izaten dira Atlantikoan.

Kostaldera iristen diren olaturik handienak tsunamiak dira, hau da, itsasikarek eragiten dituzte. 2004an Indiako ozeanoan izandakoak, adibidez, hogeita hamar metroko olatuak eragin zituen. Baina, urpeko sentsoreek neurtutakoaren arabera, litekeena da olatu erraldoi handiagoak maiz sortzea urakanen begitik gertu. Azken batean, olatuak haizeek eta itsas lasterrek eratzen dituzte, eta urakan batean begitik gertu izaten da bi faktore horien konbinaziorik bortitzena. "Inork ez daki zein den olatuen tamainaren muga" esan du NOAAko Paul Liu ozeanografoak.

Olatu erraldoiak itsas gizonek sortutako mitotzat hartu izan dira, baina beharbada benetakoak dira. Eta, hala bada, horrek azal dezake hainbat itsasontzi bat-batean desagertu izana.