}

Oinarrizko zientziarentzat aukera

2000/04/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Donostian ireki berria den Donostia International Physics Center ikerketa zentroak ezaugarri interesgarriak ditu. Txikitasunetik abiatuta Euskal Herriko zientzia garapenarako sare baten lehen hazia da. Jakina da, bestetik, oinarri zientifiko eta teknologiko sendoak dituzten herriek dutela etorkizuneko gizarte eta ekonomi ongizatea ziurtatuta. DIPC izenekoa, gure artean oinarrizko ikerketak dituen gabeziak emendatzera dator eta historiak frogatu duen legez, oinarrizko zientziaren bidez etorri dira ondorengo aplikazio teknologiko eraginkorrenak. Inguratzen gaituen mikro-elektronika horren adibiderik behinena da.

Zubi-lana egitera dator, halaber. Horrek esan nahi du, alde batetik, atzerriko fisikariekin lan egiteko aukerak sortuko dituela, bai hemengo ikertzaileak kanpora joanda, baita kanpokoak hona etorrita ere. Ikertzaile horien artean, gainera, maila handiko fisikariek ez ezik, zientzialari gazteek ere Physics Center-era etortzeko eskaintza jasoko dute. Kongresuak, hitzaldiak eta ikerketak egiteko tokia izango da.

Bestalde, aireportu ere izango da. Atzerrian dauden euskal zientzialariei geurera itzultzeko pista eskaini nahi die. Izan ere, Pedro Etxenikek aipatu duenaren arabera, bost urteko kontratuak eskainiko zaizkie beren ikerketa-lana bertan egiteko eta, bide batez, euskal zientzi eta teknologi sisteman integratzeko bidea aurki dezaten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia