Oinarrizko ama-zelula aurkitu dute
2001/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hainbat zientzialarik ugaztunen gorputzeko edozein ehun edo organo bilaka daitekeen ama-zelula aurkitu dute hezur-muinean. Duela gutxi arte, hezur-muineko zelulak odol-zelula bakarrik bilaka zitezkeela uste zuten. Azkeneko urteetan, ostera, gihar, hezur, garun eta beste hainbat organotako zelula ere bilaka daitezkeela frogatu dute zientzialariek.
Ikerketa New York, Yale eta John Hopkins Unibertsitateetako Medikuntza Eskoletako ikertzaileen artean egin dute. Lehenengo, sagu ar baten hezur-muineko ama-zelulak purifikatu zituzten. Gero, hainbat sagu emeri erradiazio bidez hezur-muina deuseztatu eta aurretik purifikatutako ama-zelula horiek transplantatu zizkieten. Hamaika hilabete igaro ondoren, arren zelulak emeen odolera eta hezur-muinera ongi egokitu zirela ikusi zuten.
Hori horrela zela baieztatzeko, arren zeluletan bakarrik ageri den Y kromosoma identifikatu zuten eta, odolean eta hezur-muinean ez ezik, birika, esofago, urdail, heste, gibel eta azaleko ehunetan ere sagu arren ama-zelulak aurkitu zituzten. Orain, zelulen transformazio-mekanismoa aztertu nahi dute, hainbat gaixotasuni aurre egiteko balioko duten tratamenduak bilatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia