Odol-transfusioen arriskuak
1993/05/01 Furundarena Salsamendi, Jose Ramon Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pertsona batek odola falta duenean odol-transfusioa neurri seguru eta eraginkorra da, baina bere arriskuak ere badituela ezin ukatu. Medikuak arrisku guzti hauek kontuan eduki behar ditu, transfusioa behar-beharrezkoa baino ez denean egiteko. Zenbait arrisku aurrikus badaiteke ere, besteekin ez da horrela gertatzen. Azter ditzagun, labur-labur bada ere, transfusioen arriskuak.
Erreakzio hemolitikoak
Antigeno eta antigorputzen arteko erreakzio batek eragiten du eta dudarik gabe ABO odol-talde desegokia edo bateraezina transfunditzean agertzen dena izaten da larriena
Erreakzio honen sintoma nagusiak hauek dira: sukarra eta hotzikarak, bularreko mina, disnea edo arnas larritasuna, goragaleak, hipotentsioa, hemorragia, shocka, etab. Erreakzioa transfusioa hasi eta berehala ager daiteke, baina batzuetan geroago kontura gaitezke.
Gertatzen diren erreakzio hemolitiko larri gehienak pazientearen identifikazioan edo laborategian erabilitako lagin eta tutuetan akatsak egon direlako sortzen dira (bi pazienteren laginak nahastea edo horrelakoak). Horregatik da hain garrantzizkoa identifikaziorako erabiltzen diren pausu guztiei zehatz-mehatz jarraitzea.
Tratamendua berehala jarri behar da transfusioa geldituz, benan sueroa mantenduz eta mediku arduradunari deituz. Giltzurrunei erasan bazaie eta shocka baldin badauka, likido ugari eta diuretikoak emango zaizkio. Beste lagin batzuk bidaliko dira laborategira odol-taldea berriro aztertzeko, odola ondo identifikatua dagoela ikusteko eta proba gurutzatuak berriz egiteko.
Eritasun infekziosoen transmisioa
Odol-emaileen odolak eritasun hauek transmititzeko arrisku txikia eduki dezan, emaileak baldintza estu batzuen arabera aukeratzen dira eta emandako odolari azterketa asko egiten zaizkio transfusiorako erabilgarria dela erabaki aurretik. Hala ere, arriskua ez da zeharo desagertzen eta ondoren aipatutako eritasun infekziosoan transmititzaile izan daiteke odola.
Hepatitis birikoa
Honako birus hauek sor dezakete: B eta C hepatitisaren birusek, zitomegalobirusak eta Epstein-Barr-en birusak. Hepatitisa konturatu gabe pasa daiteke, arazo kronikoak ekar ditzake edo heriotza ere eragin dezake. Gaur egun onartzen da B hepatitisa transmititzeko posibilitatea transfunditutako 50.000 produktuko 1ekoa dela eta C hepatitisaren kasuan transfunditutako 3.300 produktuko 1ekoa.
Giza erretrobirusak
Hauetan ezagunenak HIV-1 eta HIV-2 dira, HIES eritasunaren sortzaileak. Egin diren kontrolak eginda ere, transmisio-arriskua transfunditutako 225.000 odol-produktuko 1ekoa dela onartzen da. HIESari buruzko Hego Euskal Herriko datuak kontutan hartuta Euskal Komunitate Autonomoan HIES kasuen % 4,2 odol edo odoletik eratorritako produktuen transfusioagatik agertu direla esan dezakegu eta Nafarroan, aldiz, HIES kasuen % 1,9.
Beste birus bat, HTLV-I neuropatia —nerbiotako eritasun— baten sortzailea da. Birus honen transmisio-arriskua, Euskal Herrian transfunditutako 50.000 produktuko 1ekoa dela esaten da.
Zitomegalobirusa
Jaioberrietan arazo larriak sor ditzake; ume goiztiarretan batipat. Inmunodeprimituetan ere eritasuna sor dezake. Pertsona heldu gehienak birus honekin kontaktuan egonak dira eta aurkako defentsak garatuak dituzte, baina odola defentsa horiek ez dituen hartzaileari emanda birusa transmiti diezaiokegu.
Beste infekzioak
Besteak beste honako hauen transmisioa aipatua izan da: paludismo, babesiosi, bartolenosi, borreliosi, bruzelosi, toxoplasmosi, tripanosomiasi, etab.en transmisioa.
Kutsaketa bakterianoa
Oso gutxitan gertatzen da eta odol-produktua daraman poltsan bakterioak agertu, garatu eta odol-hartzaileari transfunditzean gertatzen da. Odol-produktua denbora gehiegiz epelduta edukiz gero, arriskua handitu egiten da.
Horrelako kasuetan sukar kezkagarria, hotzikarak eta hipotentsioa agertzen dira transfusioa hasi bezain laster. Hartu beharreko neurriak hauek dira: transfusioa segituan gelditu eta poltsaren kultiboa egin bakterioa identifikatzeko, antibiotikoak jarri azkar eta shocka gainditzeko neurriak hartu.
Hartzailearen inmunizazioa
Globulu gorri edo hematieek, leukozitoek eta plaketek dituzten antigeno batzuen aurkako erantzun inmunologikoa sor dezake transfusioak. Erantzun honek ez du bapateko arazorik sortzen, baina ondoren egin daitezkeen transfusioak baldintza ditzake.
Hematieen aurkako erantzunean sortutako antigorputzak, antigorputz irregular deiturikoak, proba gurutzatuetan atzematen dira. Proba hauek derrigorrez egin beharrekoak dira, zeren bestela erreakzio hemolitiko larria sortarazi baitezakegu.
Leukozitoen aurkako antigorputzak atzematea zailagoa da. Antigorputz hauek dituzten hartzaileak sukarra eta dardara ager ditzakete transfusioekin.
Antigorputz antiplaketarioek sortzen duten arazoa honakoa izaten da: plaketak transfunditu ondoren analisietan gora ez egitea.
Injertoa eta ostalariaren arteko borrokaren eritasuna
Erabat arraroa den konplikazio hau sistema inmunologikoa gutxitua edo ondo garatu gabea daukaten ume edo helduengan ager daiteke. Odolean dauden linfozitoek sortzen dute eta, frogatu denez, usuago agertzen da senide baten odola transfundituz gero. Eritasun honen arriskua asko murrizten da lehen aipatutako pazienteei irradiatutako odol-produktuak transfundituz gero; horrela linfozitoak inaktibatu egiten baitira.
Sukar-erreakzioak
Gehienetan antigorputz antileukozitarioak medio agertzen den konplikazio hau, transfunditutako gaixoen % 1ek izan dezake. Aurretik hartutako transfusioengatik edo haurdunaldiengatik sentsibilizatutako pertsonengan agertzen dira. Tratamendu bezala transfusioa gelditu egiten da eta antipiretikoak ematen zaizkie. Erreakzio hau bi alditan edo gehiagotan izaten baldin bada, leukozito gutxiko produktuak transfunditzea komeni izaten da.
Erreakzio alergikoak
Transfunditutako pazienteen % 1-2tan agertzen den konplikazio honen sintoma klinikoak oso desberdinak izan daitezke: azkurea, urtikaria, angioedema eta sukarra. Ez dakigu oso ondo zergatik agertzen den, baina erreakzio bat baino gehiago izan duten gaixoengan komeni izaten da transfusio aurretik antihistaminikoak ematea.
Zorionez gutxitan agertzen den konplikazioa dugu shock anafilaktikoa. Adrenalina eta kortikoideekin tratatzen da. A inmunoglobulinarik ez duten gaixoei erasaten die eta transfusiorako hematie-kontzentratu garbituak erabiltzera behartzen gaitu.
Gainkarga zirkulatorioa
Era ulergarrian esateko, transfusioa azkarregi eginda edo bolumen handiegia transfundituta sortzen den egoera dela esan dezakegu. Zaharrek, pertsona baxuek eta lehendik odol- edo plasma-bolumen handia duten gaixoek dute konplikazio hau izateko arrisku handiena.
Tratamendua azkar jarri behar da eta ondorengo transfusioak kontu handiz jarriko dira bolumenak ondo neurtuz.
Burdin gainkarga
Odolak daraman burdinaren ondorioz sortzen den metal-pilaketa medio, urtetan transfusioak hartzen dituzten pazienteengan izaten den konplikazioa da.
Plaketa eta koagulazio-faktoreen urritzea
Gorputzeko odol guztia 24 ordu baino gutxiagotan aldatzen denean transfusio masiboaz hitz egiten dugu eta egoera honetan beharrezkoa izan daiteke plaketak eta koagulazio-faktoreak transfunditzea.
Konplikazio metabolikoak
Transfusio masiboetako konplikazio metabolikoak zenbait faktorek eraginda agertzen dira: gaixoaren shockak, transfusioak azkarrago jarri ezinak, hozkailuan dagoen odola erabiltzeak, etab.ek. Konplikazio aipagarrienak hauexek ditugu:
Hipotermia
Hotza dagoen odol-bolumen handiak transfundituta, bihotzeko arritmiak sor daitezke. Shockaren eragina areagotu dezakeen konplikazio hau saihesteko, odola 37 °C-raino berotzen duen berogailua erabil dezakegu.
Zitratoaren konplikazioak
Beste lan batean aipatu genuenez, odol-poltsetan zitratoa jartzen da odola koagula ez dadin. Transfusio masiboetan zitrato honek hipokaltzemia (hau da, kaltzioa gutxitzea) sor dezake. Gibeletik ondo ez dabiltzan gaixoek konplikazio hau izateko arrisku handiagoa dute.
Azidosia
Transfusio masiboen lehen unean azidosia ager badaiteke ere, geroago alkalosia agertzen da zitratoa metabolizatzean.
Potasioaren aldaketak
Hozkailuan gordeta edukitzen dugun odolean potasioak gora egiten du eta odol asko transfunditzean potasio horrek hiperpotasemia sor dezake.
Transfusioetarako arau orokorrak Ondorengo arau orokorrak kontutan hartuz, aipatu dugun zenbait arrisku murriz dezakegu:
|
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia