Odol-analisi batekin parkinsona iragarri liteke, sintoma motorrak hasi baino zazpi urte lehenago

https://pixabay.com/es/photos/sangre-muestra-laboratorio-4944422/ - Ahmad Ardity / Pixabay


Odol-analisi baten bidez parkinsona iragartzea lortu dute, sintoma motorrak hasi baino zazpi urte lehenago. Zortzi proteinen mailatan dago gakoa, eta garrantzitsua izan liteke gaitza hobeto tratatzeko. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa

Parkinsonean sintoma motorrak hasi aurretik, bestelako sintoma batzuk izaten dira, hala nola loaren REM fasearen asaldua. Hain zuzen ere, une horretan gaixotasuna iragartzeko balio dezaketen markatzaileak bilatu dituzte ikerketa honetan. Horretarako, gaixotasuna diagnostikatua zuten 99 pertsonaren odol-laginak, REMaren asaldua duten baina sintoma motorrik ez zuten 72 pertsonarenak, eta 36 pertsona osasuntsurenak aztertu zituzten. 

Eta, ikasketa automatikoko eredu bat erabili zuten odolaren proteina-konposizioan oinarrituta diagnosia egiteko. Zortzi proteinetan oinarrituta, gaixoen % 100 identifikatu zituen ereduak. Eta, REMaren asaldua zutenek gaixotasuna garatuko zuten aurresateko gai izan zen, %79ko zehaztasunez, sintoma motorrak hasi baino 7 urte lehenago.

Ikertzaileek azpimarratu dute, batetik, parkinsona goiz detektatzea garrantzitsua izan litekeela tratamendu-aukerak hobetzeko; eta, bestetik, identifikatu dituzten markatzaile horiek,  hanturarekin eta proteinen degradazioarekin lotuta daudenak, botika berriak sortzeko ituak izan litezkeela.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna