Obesitatean jatearen plazera nola galtzen den azaldu dute
2025/03/28 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jateak ematen duen plazera gako izan liteke elikadura-portaera osasuntsuak mantentzeko. Ondorio hori atera dute saguekin egin duten ikerketa batean, ikusi baitute gantz askoko dietak garuneko zirkuitu neuronaletan eragin dezakeela jateko plazera murriztea; eta horrek, paradoxikoki, obesitatea garatzea ekar dezakeela. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Ebidentzia batzuek iradokitzen dute obesitatea duten pertsonek plazer gutxiago hartzen dutela jatean. Esaterako, garuneko eskanerren bidez, ikusi izan da pertsona obesoek jarduera txikiagoa dutela plazerarekin lotutako garuneko eskualdeetan, janaria ikusten dutenean. Eta gauza bera ikusi da animalietan ere. Gantz askoko dietarekin hazitako saguei aukeran jartzen zaizkienean kaloria handiko elikagaiak (gurina, kakahuete-gurina, jelea edo txokolatea), dieta normaleko saguek baino askoz ere gogo gutxiago erakusten dute horiek jateko.
Bada, ikerketa honetan hori azaltzen duen mekanismo bat aurkitu dute. Zehazki, ikusi dute gantz askoko dieta duten saguen garunean neurotentsinen maila murriztu egiten dela. Neurotentsinek dopaminaren jarduera areagotzen dute, eta haien maila murrizteak eragiten du elikagaiek ematen duten plazera galtzea; batez ere, kaloria askoko elikagaiek ematen dutena.
Bestalde, sagu obesoetan neurotentsina-mailak leheneratu zituzten, eta ikusi zuten kaloria askoko elikagaiak jateko desira berreskuratzen zutela eta haien elikadura-portaera normalizatu egiten dela; eta ondorioz, pisua galtzeaz gain, antsietatea murriztu zitzaien. Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute neurotentsina-maila berreskuratzea gako izan litekeela elikadura-jokabideak kontrolatzen laguntzeko.
Zientzialariek ohartarazi dute saguetan egindako aurkikuntzak beti ez direla zuzenean aplikagarriak izaten gizakietan, baina, haien ustez, aurkikuntza honek aukera berriak irekitzen ditu obesitatearen tratamenduari ikuspegi neurologiko batetik heltzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia