Obesitatea XXI. mendeko obsesioa
2002/05/14 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Gezurra dirudi; urte asko ez dela, gure gurasoek eta, noski, aiton-amonek gosea ezagutu zuten; gaur egun, gure artean goseak ez du arazorik sortzen; obesitateak, aldiz, gero eta gehiago.
Izan ere, obesitatea gaixotasun kroniko ugariren eragile zuzen-zuzena da. Diabetea, bihotzeko gaixotasunak, minbizi-mota asko… gehiegi eta gaizki jatearen ondorio dira. Dena den, ezin da obesitatea = gose-eza identifikazioa hain argi egin. Obesitatearen atzean, sarritan bitamina- eta mineral-eskasia ezkutatzen dira. Hortaz, adituek diote obesitateari elikaduraren eskasiari bezainbeste erreparatu behar zaiola.
Duela urte batzuk ezinezkoa zen horrelakoak esatea. Goseak milioika lagun hiltzen dituenean, nola egin kasu obesitateari? Munduan 815 milioi pertsona gosez daude, horietako 780 garapen-bidean dauden herrialdeetan. Iaz jakin ziren datuen arabera, munduan gosez daudenen kopurua eta obesitate-arazoak dituztenena antzerakoak dira. Horietako asko, gainera, garapen-bidean dauden herrialdeetako biztanleak dira; baita, gosea dagoen herrialdeetakoak ere. Txinan, adibidez, obesitatea duten pertsonen ehunekoa % 10etik 15era igaro da hiru urtean. Brasilen eta Kolonbian obesoak populazioaren % 40 dira, Europako hainbat herrialdetan bezainbeste. Saharaz azpiko Afrikan ere —goseak dauden gehiengoak bizi diren herrialdetan— obesoen kopurua gora egiten ari da; batez ere, hirietako emakumezkoen artean.
Garapen-bidean dauden herrialdeetan obesitatea agertzea ez da harritzekoa, lurrak guztion beharrak asetzeko lain janari ematen baitu, nahiz eta elikagaiak ez diren iristen gehien behar dituztenengana. Gosea horren ondorioetako bat da, obesitatea bestea. Gosez daudenek zein obesitate-arazoak dituzten askok bitamina- eta mineral-falta izaten dute. Azken horiek elikagai ugari jaten dituzte, baina eskasak; hau da, urdaila betetzea lortzen dute, baina gorputzak ez ditu behar dituen elikagaiak bereganatzen. Egoera horren ondoriorik arruntenetakoak anemia —burdin faltagatik— eta itsutasuna —A bitaminaren faltagatik— izaten dira.
Obesitatea zergatik gora?
Garapen-bidean sartzen diren herrialdeetan, obesitatea elikaduraren, ariketa fisikoaren, osasunaren eta nutrizioaren eraldaketaren emaitzatzat har daiteke. Labur esanda, obesitatea nutrizio-trantsizioaren ondorioa izan daiteke. Herrialde txiroak, garatu ahala, herrialde aberatsen onurez jabetzen dira, onurez eta arazoez —horien artean obesitatea—.
Garapen-bide horretan dauden herrialdeetan, gehienetan hiriguneek nekazaritza guneek baino azkarrago egiten dute aurrera; ondorioz, obesitate-indizeak ere handiagoak izaten dira. Izan ere, hirietan elikatzeko aukera gehiago eta merkeagoak egoten dira. Gero eta emakume gehiagok egiten du etxetik kanpo lana eta inor ez da hasten elikagai osasuntsuak erosten eta prestatzen. Hirietako lanak, askotan, ahalegin fisiko gutxikoak izaten dira. Horri zera gehitu behar zaio: gero eta jende gehiago bizi da hirietan. 1900. urtean munduko populazioaren % 10 hirietan bizi zen; gaur egun, berriz, % 50. Aurreko guztiak, dena den, ez du esan nahi nekazaritza guneetan obesitate arazorik ez dagoenik. Inguru horietara ere makinak iritsi dira eta elikagaien aukera gero eta zabalagoa da.
Obesitateak gora egitearen beste arrazoietako bat herrialde garatuetatik gainerakoetara inportatzen diren elikagaiak dira. Ondorioz, barazkietan eta zerealetan oinarritutako ohiko elikadura, gantzetan eta azukrean aberatsegia den elikaduragatik ordezkatzen da. Elikadura-kontuetan dakitenetariko batzuek diotenez, herrialde aurreratuek garapen-bidean dauden herrialdeei okela txarrena saltzen diete, gantz asko eta gihar gutxikoa: indioilar txuntxurra edo ardien hegaleko haragia.
Globalizazioak obesitatearen ohiko esanahia eraldatu du. Mexikon eta Brasilen, adibidez, pertsona lodia = pertsona aberatsa lotura oso ohikoa izan da; gaur egun, alderantziz gertatzen da. Elikagai merkeenak —txiroek errazago eskura ditzaketenak— gantz gehien duten elikagaiak dira; aberatsenek, berriz, elikatzeko aukera zabalagoa dute eta dieta osasuntsuagoa egin dezakete.
Elikadura txarraren ondorioak
Egoera horien ondorioz, lodiak eta argalak antzerako osasun-arazoak izaten ari dira: sarriago gaixotzen dira, minusbaliotasun-arazo gehiago dituzte, urte gutxiago bizi dira, eta, oro har, produktibitate txikiagoa dute. Obesitateak gaixotasun kronikoak jasateko arriskua areagotzen du. Adibiderik nahi? Diabetea, hipertentsioa, bihotzeko gaixotasunak, arazo baskularrak, behazunaren gaitzak, minbizi-mota ugari… Eta, itxura guztien arabera, horietako gehienak garapen-bidean dauden herrialdeetan gertatuko dira. Adibidez, adituek uste dute 2025. urterako obesitatea dela eta diabetea izango dutenen kopurua 300 milioira iritsiko dela, horietatik 225 garapen-bidean dauden herrialdeetakoak. Bizirauteko dagoeneko arazo ugari duten herrialdeetan prebisio horiek beteko balira, hondamendia gertatuko litzateke.
Zergatik gizentzen gara?
Obesitatearen zergatiak ez daude oso argi, baina adituek uste dutenez, genetikak, ingurunearen eraginak eta bizitza sedentarioak zerikusi handia dute.
Genetikaren arloan lanean dihardutenek dagoeneko ezagutzen dute obesitatearen genea, baina ez dute uste hura bakarrean nahikoa denik obesitatea —hau da, gantz kantitatearen igoera— eragiteko. Ingurunearen laguntza ezinbestekoa da horretarako. Urte askotan argala = gaixoa, gizena = osasuntsua bezalako loturak egin dira, segurutik gosea, pobrezia eta gaixotasunak nagusi izan diren hainbat garairen herentzia gisara. Arbasoetatik jasotako mezu horien ondorioz, haurrei janari gehiegi emateko joera nagusitu da, eta baliteke horregatik nagusitzea haurren artean obesitatea. Jakina, haurtzaroan lodi diren horietako asko gero ere lodi izaten dira. Elikatzeko ohituren inguruko heziketa egokia oso garrantzitsua da, heldutasunean ohitura horiek ez baitira aldatzen.
Aurrez aipatutako loturak dagoeneko ez dira hain garbiak, baina ez dira erabat desagertu: ume potoloak ume ederra izaten jarraitzen du.
Bestalde, argi dago gizarte modernoa sedentarioa dela. Igogailua erabiltzeak, telebistako kateak aldatzeko urrutiko agintea edukitzeak, edo sukalderainoko gasa izateak, adibidez jarduera fisikorik ez egitea ekarri dute, aurrez programatutako zerbait ez bada behintzat. Beraz, gizakiak gero eta energia gutxiago gastatzen duenez, obesitateak gora egin du.
Egoera orokorrez gain, obesitatearen eragile izan daitezkeen arrazoi zehatzagoak ere badaude:
- Gaixotasunak . Cushing-en sindromea, hipotiroidismoa, Carpenterren sindromea, bulimia… obesitatearen eragile zuzenak izan daiteke.
- Botikak : Glukokortikoideek, depresioaren aurkako botikek eta antisorgailuek pisua irabaztea eragiten dute.
- Haurdunaldia : Sabelaldiaren garaian aldaketa hormonalak eta psikikoak sarri gertatzen dira. Ondorioz, askotan ohi baino gehiago jaten da, eta baliteke haurdunaldia bukatuta ere elikatzeko ohiturak aldatzea. Edoskitzaroan ere gauza bera gerta daiteke.
- Tabakoa uztea : Erretzeari uztean, 3 eta 10 kilo artean irabaz daiteke. Izan ere, nikotinak gose-sentsazioa gutxitzen du eta adrenalina jariatzen du. Hortaz, erretzaileek gutxiago jaten dute. Horretaz gain, tabakoa uztean antsietate egoera sortzen denez, askok eta askok tabakoa janariarengatik ordezkatzen dute.
- Ebakuntzen ondorengoak : Horrelakoetan askotan geldirik egotea gomendatzen dutenez, pisua irabaztea gerta daiteke.
Obesitatearen aurkako txertoa?
Ehun adiposoak, besteak beste, leptina izeneko hormona jariatzen du. Badirudi hormona horretan ematen diren gorabeherek zerikusia dutela munduan gertatzen diren obesitate-kasu guztien laurdenean. Hipotesi horretatik abiatuta, Nafarroako Unibertsitateko Fisiologia eta Nutrizio laborategiko ikertzaileek, aurkitu dute leptina hormonaren antigorpuetako batek eragina duela gorputzaren pisuan.
Ikerketaren prozesua konplexua izan da. Lehenik leptina eman zieten berez sortu ezin zezaketen arratoi lodiei. Jakina, horren aurrean arratoien gorputzak erreakzionatu, antileptinaren antigorputzak sortu zituzten. Antigorputz horiek hartu eta arratoi arruntei eman zitzaizkien. Antigorputz-antigorputz berriak, berriro erabili zituzten arratoiekin, eta une horretan jabetu ziren ikertzaileak leptinaren obesitatearen aurkako ezaugarriez.
Gauzak bere bidetik badoaz, obesoek noiz behinka hartu beharko duten tratamendua aterako dute Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileek.
Jaten eta edaten duguna
Fruta, zerealak eta kafesnea ogiarekin gosaltzeko; garbantzuak, arraina eta arroz esnea bazkaritan, urarekin bustita; meriendan fruta apur bat; eta afaltzeko entsalada, zopa, arrautzopila eta gazta Errioxako ardoarekin lagunduta. Horrelakoak dira eguneroko elikagaiak, jan eta edaten dituguna, baina beste era batera ere esan daiteke.
Karbohidratoak, gantzak, proteinak, bitaminak, mineralak eta ura. Hori guztia aurki daiteke elikagaietan, eta hori guztia behar dugu bizi ahal izateko. Izan ere, horietako baten falta gaixotasun bilakatzen da. Horietako bakoitzak bere zeregina eta bere funtzioa ditu.
- Karbohidratoak edo azukrea. Energia ematen diote gorputzari. Dieta orekatuetan lortzen den energiaren % 50-60 karbohidratoetatik ateratzen da. Gorputzak bizkor-bizkor xurgatzen ditu karbohidrato sinpleak, azukre-koskorrak adibidez; konposatuak —lekaleak adibidez— xurgatzeko, berriz, denbora gehiago behar du.
- Lipidoak edo gantzak. Funtzio ugari dituzte, baina nabarmenenak zelula-mintzak osatzea, hormonak sintetizatzea, eta energia-erreserba bihurtzea dira. Saturazioari dagokionez, gantz aseak eta ase gabeak bereizten dira. Gantz aseak animalien koipeetan egoten dira batez ere, eta kolesterolarekin zerikusia duten horiek izaten dira. Gurinak, margarinak, gozotegietako produktuek, gailetek, erraiek, haragi gorriek, arrautzek eta mariskoek, adibidez, gantz ase ugari dute. Gantz asegabeak, berriz, landare-koipeetan egoten dira. Oliba-, girasol-, arto- eta soja-olioak talde horretan sar daitezke. Gantz-mota horrek ez du kolesterolik izaten.
- Proteinak. Estrukturalak eta metabolikoak bereizten dira. Estrukturalak giharrak, azala, ileak, eta azkazalak osatzen dituzten proteinak dira. Proteina metabolikoetan hormonak, erreakzio kimikoak eragiten dituzten entzimak, gorputzaren defentsa-mekanismoaren parte diren gammaglobulinak, odola osatzen duten albuminak eta hemoglobinak daude. Proteinen iturri nagusia haragia, arraina, arrautzak, zerealak, lekadunak eta fruitu lehorrak dira.
- Bitaminak. Gorputzak berez osatu ezin dituen substantziak dira, eta erreakzio kimiko ugaritan hartzen dute parte. Gorputzari ez diote energia-ekarpenik egiten; hortaz, ez dute pisua irabaztea eragiten.
- Mineralak. Gorputzaren funtzionamenduan eta eraketan zeregin garrantzitsua duten substantzia inorganikoak dira.
- Ura. Kolorerik, usainik eta gusturik gabeko likidoa, oxigenoz eta hidrogenoz osatua. Urik gabe ezin biziko ginateke. Gizakia bera ere gehienbat ura da: jaiotzean % 80 inguru, heldutakoan % 60-65 eta zahartzaroan % 55.
- Azukredun edariak. Limoi- eta laranja-ura, tonika… nutrizioari begira ez dute balio handirik, baina ura dute.
- Alkoholdun edariak. Nutrizioaren ikuspegitik kaloriak baino ezin dira aipatu. Edariaren alkohol- eta azukre-kantitatearen arabera, kaloria gehiago edo gutxiago edukitzen dute.
- Esnea. Ugaztunek izaten duten lehen elikagaia. Adinean aurrera egin ahala, eta kaltzioa beste nonbaitetik lortuz gero, ez dago esnea edan beharrik. Proteina, grasa, mineral, bitamina eta abar ugari ditu.
Proteinak
Zenbat | Iturria | Zenbat |
100 gr | Behi-okela | 19 gr proteina |
100 gr | Zaldi-okela | 21 gr Proteina. |
100 gr | Txerri-solomoa | 15 gr Proteina. |
100 gr | Urdaiazpikoa | 19 gr Proteina. |
100 gr | Legatza | 15 gr Proteina. |
100 gr | Arroza | 7 gr Proteina. |
100 gr | Ogia | 9 gr Proteina. |
100 gr | Espinakak | 3 gr Proteina. |
100 gr | Garbantzuak | 20 gr Proteina. |
100 gr | Gazta | 27 gr Proteina. |
Bitaminak
- A bitamina : Esnea eta esnekiak, arrautza, azenarioak, espinakak, letxua, tomatea eta perrexila.
- B bitamina : Okela, arroza, garia, esnea, barazkiak, lekadunak, zerealak, arraina, esnea eta gibela.
- C bitamina : Barazkiak eta fruta.
- D bitamina : Esnea eta esnekiak, arrautza eta eguzki-izpiak.
- E bitamina : Arrautza, zerealak eta koipea.
- K bitamina : Bakailao gibela, aza, espinakak eta tomatea.
Gizena ala obesoa?
Begiratu batean obeso dirudien hori behar bada ez da obesoa izango, gizena, handia, ederra… baizik. Izan ere, gizen guztiak ez dira obeso izaten. Ba al dakizu zerk bereizten dituen?
Obesitatea gorputzean gantz gehiegi izatearen ondorioz sortzen den gaixotasun kronikoa da, gizarte modernoetako gorabehera metaboliko arruntena. Sarritan likidoen erretentzioa eta obesitatea nahastu egiten dira, baina erabat desberdinak dira. Izan ere, likido-erretentzioen ondorioz pisua hartzea arraroa da. Gutxiegitasun kardiakoak, giltzurrunetako gutxiegitasunak edo gibelekoak eragin dezakete hori, baina horrelakoetan ezin daiteke obesitateaz hitz egin, obesitatea gantz-kantitateak gora egiten duenean sortzen baita eta ez ur-kantitatea handitzen denean.
Kasu batzuetan, nahiz eta pisu handia izan, ez dago obesitaterik. Hori, adibidez, kulturismoa egiten dutenekin gertatzen da, pisu handikoak eta gantz gutxikoak izan arren, muskulu-masa oso garatuta izaten dute eta.
Gizena egotea obesitatea izatea al da? Galde dezake batek baino gehiagok. Ez du zertan izan. Izan ere, obesitateaz hitz egiteko hainbat sistema erabiltzen dira. Horietan erabilienetakoa gorputz-masaren indizea da. Indize horren kalkulua egiteko, honako formula sinple hau baino ez da egin behar: Indizea = pisua kilotan / altueraren karratua. Adibidez, 60 kilo eta 1,7 metroko altuera duen pertsona baten gorputz masaren indizea honako hau da: 60 / 1,7x1,7 = 60 / 2,89 = 20,7. Indizearen ebaluazioa egitean, berriz, sailkapena honela egiten da:
- 20, pisu gutxi.
- 20-25, normala.
- 25,1-26,9, obesitate txikia.
- 27-29,9, lehen mailako obesitatea.
- 30-34,9, bigarren mailako obesitatea.
- 35-39,9, hirugarren mailako obesitatea.
- 40, laugarren mailako obesitatea, morbidoa.
Obesitatea sailkatzeko beste sistemetariko bat gantzaren banaketarena da. Gantza non pilatzen den jakitea oso garrantzitsua izan daiteke obesitateak zein arazo eragin ditzakeen ondorioztatzeko. Obesitate-mota zein den jakiteko, gerriaren perimetroa mokorraren perimetroagatik zatitu behar da. Eragiketa horren emaitza emakumezkoen kasuan 0,9tik gorakoa bada eta gizonezkoen kasuan 1etik gorakoa, sabel-obesitateaz hitz egiten da; hortik beherakoa denean, berriz, obesitate periferikoaz hitz egiten da.
Sabel-obesitatea sagar itxurako gorputzei dagokie. Gantz gehiena aurpegian, toraxean eta sabelean pilatzen da. Adituek diotenez, diabetea eta gutxiegitasun kardiobaskularra dira obesitate-mota horren ondorio arruntenak. Sagarra sabel obesitatea islatzeko, eta madaria obesitate periferikoaren irudia emateko. Obesitate mota hori dutenei gantza gehienbat mokorraldean eta izterretan pilatzen zaie. Barizeak belaunetako artrosiak eta beheko gorputz-adarretako arazoak ez dira arrotzak izaten obesitate-mota hori dutenen artean. Azkenik, fruta-kontuekin bukatzeko, meloia aipatu behar; alegia, gorputz osoan era homogeneoan pilatzen den gantza, obesitate homogeneoaren ezaugarria.
Deia-ren D2 atalean argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia