Obelisko baten historia
1996/11/01 Ezpeleta Arenaza, Txema | Ruiz-Larrea, Isabel - Irakaslea eta ikertzaileaFisika Aplikatuko Saila II, EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nola heldu zen Pariseraino obelisko hori? Nork eraiki zuen? Zein da bere sinbolismoa? Zertarako erabili ohi zuten? Nola lortu zuten halako harritzarra garraiatzea eta gero zutik paratzea? Zein bide erabili zuten egiptoarrek duela 3.000 urte baino gehiago obeliskoa haitzetik erauzteko?
Horiek ziren izugarrizko lan horri behatzen nengoela neure buruari egiten nizkion galderetariko batzuk. Jakinminak jota, horien erantzunen bila ihardun nuen.
Obeliskoei buruzko zenbait datu
Liburutegian obeliskoen gainean ikertzen ibili ondoren, interesgarriak gerta daitezkeen honako datu hauek aurkitu nituen: ‘Obelisko’, grekoko obelisko delako hitzetik dator eta ‘lantza txikia’ esan nahi du. Gaur egun, antzinako egiptoarrek obeliskoa Amon irudikatzen zuen sinbolo falikotzat zutelako ustea dago. Amon jainkoa Lurraren sortzailea zen.
Egiptoko mitologiaren arabera, munduaren kreazioaren lehen egunean Eguzkia harri luze batean pausatu zen. Obeliskoaren prototipoa, ziurrenik, Eguzkiaren hiria zen Heliopolis-en sortu zen. Sinbolo hori, esparru sakratuetan eraikitako tenpluen kanpoaldeko obelisko-bikoteak ez bezala, obelisko bakarra zen.
Obeliskoa, bertikaltasunaren oroitarri irmoa ez ezik, argi jainkotiarraren erakargunea eta tenplutik indar negatiboak uxatzeko balio zuen talisman erraldoia ere bazen. Egiptoko obeliskorik zaharrenen egitura honelakoa bide zen: itxura mozkotea zuten eta kararrizko hainbat blokez eginda zeuden. Goiko aldean eta lana bukatzeko, piramidioi bat ipintzen zuten.
Obelisko monolitiko lirainak Inperio Ertainean (K.a. 1987-1640) hasi ziren agertzen eta binaka eraikitzen zituzten tenpluen aurrealdean. Obeliskoen aurpegietan, eraikuntza-lanak agindu zituen erregeari egindako protokolo eta laudorioei zegozkien hieroglifikoak zizelatzen ziren. Zenbait kasutan, urrez eta zilarrez egindako aleazioaz (elektrum zeritzonaz) estalitako erregearen irudia jartzen zuten piramidioian.
Emandako xehetasun horiek guztiak baliagarriak dira baina sarritan liburuek ezin digute behar dugun informazio guztia eman. Horrela, bada, Egiptorako bidaia egitea erabaki nuen obeliskoaren jatorria hobeto ulertzeko asmotan.
Egipton, obeliskoaren jatorrien bila
Egipto basamortu handi bat da eta bere aberastasun-iturri nagusiak, herrialdea zeharkatzen duen Nilo ibaiari loturik daude.
Parisen dagoen obeliskoa Inperio Berriaren (K.a. 1540-1075) garaian eraiki zen. Garai hartan, Inperioaren hiriburua Tebas hiria zen, Egipto Garaian Niloren ertzean zegoena. Gaur egun, hiri horren izena Luxor da eta Inperio Berriko tenplu harrigarrienetariko bi oraindik ere egoera onean daude bertan: Luxorreko tenplua eta Karnak-eko tenplua. Esan gabe doa, turista orok ikusi beharrekoak direla tenplu biak eta benetan merezi duela bisitaldia egitea.
Luxorreko tenpluaren eraikuntza-lanak Amenofis III.ak (K.a. 1417-1379) XVII. dinastiaren amaieran hasi eta Ramses II.ak (1279-1213) XIX. dinastian bukatu zituen. Tenplua, Tebasko hirukotearen ohoretan egin zen: Amon Ra, Nout bere emaztea eta Khonsou semea. Hasieran, aurrealdeak bi piloi zituen eta horien aurrean Ramses II.aren granitozko sei estatua zeuden; bitan eserita ageri zen eta beste lauretan zutik. Ekialdean kokaturiko zutikako estatuak Frantziari eman zizkioten eta orain Louvre museoan daude.
Bestalde, aurrealdea apaintzeko, simetrikoki kokatutako granito arrosazko bi obelisko zeuden. Bata, 25,03 metro altu da eta oraindik bertan dago baina bestea, 22,83 m-ko altuera eta 230 tonako pisua zuena, Muhammad Ali Pasha orduko Egiptoko erregeordeak Luis Felipe I.a Frantziako erregeari eman zion 1836an. Horixe da, hain zuzen, Parisko Concorde enparantzan dagoena. Agerian dagoenez, gaur egungo kokapenak ez du inolako zerikusirik bere jatorriarekin.
Beste tenplu garrantzitsua Karnaken dago, Luxorretik gertu. Amonen ohoretan eraiki zuten K.a. 1500ean, Inperio Berriko XVIII. dinastian. Karnakeko tenpluak, alboetan esfingeak dituen etorbide bat dauka. Esfingeek ahari-buruak eta lehoi-gorputzak dituzte. Tenplurako sarreran harrizko bi piloi itzel daude. Tenplu barnean, Tutmose I.aren eta bere alaba izan zen Hatsepsut erreginaren garaietan eraikitako obeliskoak ikus daitezke.
Tutmose I.aren (K.a. 1525-1512) obeliskoaren oinarria karratua da, 1,8 m-ko aldea duena, eta altuera eta pisua, 24 m eta 143 tona hurrenez hurren. Hatsepsut erreginaren (1479-1458) obeliskoak, berriz, 29 m-ko altuera eta 323 tonako pisua du. Obelisko biak inskripzio hieroglifikoz beteta daude.
Hatsepsuten obeliskoaren oinarrian, monolitoa harrobitik erauzteko prozesuak zazpi hilabete iraun zuela adierazita dago. Antzeko denbora-tartea behar izango zuten Ramses II.aren obeliskoa erauzteko ere, neurriak eta egitura oso antzekoak baitira. Luxorren inguruetan, baina, ez dago harrobirik. Nola lortu zituzten orduan granitozko harriak? Non zeuden harrobiak?
Erregeen haranerainoko bidaia
Artean aurreko galderen erantzunak ez nekizkiela, bidaiari ekin nion berriro. Nilo ibaia zeharkatuz, Luxorren pareko ertzean, Inperioaren antzinako hiriburua izan zen Tebas hiriaren aztarnak aurkituko ditugu. Lurralde hori basamortua da eta inguruetan, Tebasen inoiz ezagutu den nekropoli handiena dago. Bi haranetan banaturik, Erregeen haranean eta Erreginen haranean Egiptoko faraoi gogoangarrien hilobiak daude.
Erregeen haranean, emakume baten ohoretan eraikitako hilobi tenplu bakarra dago: Hatsepsut erreginaren tenplua. Eraikinak apaingarri modura dituen hainbat inskripzioren artean, Nilo ibaian zehar obelisko bat faluaz garraiatzen ageri deneko irudiak ikus daitezke; argi eta garbi dagoenez, Karnakeko tenpluko obeliskoari dagozkio. Inskripzioek, halaber, obeliskoak ibaian barrena bere bidaia egin eta lurreratutakoan, hura zutik jartzeko erabiltzen zuten metodoa azaltzen dute. Egiptoarrak, lurrezko arrapalez baliatzen ziren obeliskoa astiro-astiro inklinatuz joateko eta, azkenean, bertikalki kokatzea erdiesten zuten.
Horrela, bada, obeliskoaren jatorriaren bila Nilo ibaian gora joan beharko dugu. Espero bezala, gure bidaian Esna, Edfu eta Kom Ombo herriak atzean utzi ondoren, Asuan hiria aurkituko dugu non granito-harrobi famatuak dauden. Azkenean, bada, aurkitu ditugu obeliskoa erauzi zeneko harrobiak!
Asuango harrobiak eta bukatu gabeko obeliskoa
Asuango harrobietan bukatu gabeko obelisko bat ikus daiteke. Bere neurriak (30 m-ko luzera) direla eta, goian aipatutako Hatsepsut erreginaren garaian eraiki zela uste da. Eskailera batzuen bidez, bisitaria obeliskoaren leundutako gainazalera irits daiteke. Obeliskoa amaitu gabe utzi zuten, bertan aurkitu zuten arraila handiaren kausaz. Ez dago argi pitzadura hori berezkoa zuen harriak edo bestela, harrobitik ateratzen ari zirela sortarazi zioten. Arrazoia bata ala bestea izan, horixe izan zen lana bertan behera uzteko zio nagusia eta horri esker Historiaren ondare ikusgarri bat dugu eskura.
Obeliskoa erauzteko prozedura
Harrobitik halako neurriak zituen harri monolitikoa erauzteak lan handiak eman bide zituen (badakigu zazpi hilabete inguru behar izaten zutela), lehergailurik ezean, eskuz egin behar baitzuten oso-osorik lana. Horretarako, harrizko mazoak eta burdinazko puntzoiak izango zituzten lagun. Eta, jakina, atsedenik gabe aritzen ziren nahi adina langile zituzten lanerako.
Hala ere, langileak azkarrak ziren oso eta horri esker denbora asko aurreratzen zuten. Izan ere, obeliskoa erauzteko erabiliko zen haitza aukeratu ondoren, obeliskoaren eitea marrazten zuten bere leundutako gainazalean. Haitzaren gainazalaren marrazketa, pinturatan bustita eta atezatuta zeuden sokek eragindako zipriztinen bitartez egiten zuten. Lerroak egin eta gero, erpin bakoitzean oso sakona zen zulo angeluzuzena egiten zuten bertikalki. Mota horretako zulo nagusien artean, antzeko beste zulo batzuk tartekatzen zituzten marraztutako lerroan zehar. Zulo guztiak burututakoan, zuloguneetan zurezko hesola bana sartzen zuten eta Niloko ura isurtzen zuten harik eta zura blai eginda utzi arte. Ondoren, zenbait egun itxarotea baino ez zuten behar.
Gaueko hotzak ura izoztu egiten du eta bere bolumena nabarmen handiagotzen da. Zabalkuntza horrek, tentsio bortitzak sortarazten ditu eta horien ondorioz, haitza hautsi egiten da. Haustura haitzaren gunerik ahulenean gertatzen da, hesolen arteko gunean, hain zuzen ere. Haustura-prozesuak zenbait egun iraun zezakeen eta bitartean langileak gaua heldu aurretik hesolak bustita izaten ahalegintzen ziren.
Aipatu prozesuaren ondorioz, nahi zen eitea zuela hauts zitekeen haitza baina beti koskaduna zen jakina, eta horregatik leundu beharra izaten zuten. Alboetako soberako haitza kentzeko, azaldu berri dugun prozedura bera erabili ohi zuten, baina kasu horretan ez zuten horren kontu handia izan behar hesolak kokatzerakoan.
Hortaz, soberako haitza kendutakoan, alboko aurpegiak landu zitzaketen eta beheko aurpegira heltzeko bidea errazten zitzaien. Horrela, bada, zulo horizontalak egiten zituzten obeliskoaren pean, bertan hesolak sartu, horiek busti eta gaua igaro ondoren obeliskoa askatu egiten zen.
Benetan bitxia obeliskoa erauzteko erabiltzen zuten metodoa, batez ere orain 3.000 urte baino gehiago erabili zela jakinda.
Azkenean, bada, obeliskoaren historia osatu ahal izan nuen: Asuango harrobietatik, itsasuntziz joan zen Luxorreraino obeliskoa Niloko uretan barrena. Hantxe zizelatu zituzten inskripzio hieroglifikoak eta gero Amonen tenpluan kokatu zuten Ramses II.a errege zela. Urteak eta mendeak joan ziren eta 1836an Parisko Concorde enparantzaraino eraman zuten. Bertan dago gaur egun ere, jadanik desagertuta dagoen eta oraindik ere gogoan dugun kultura baten lekuko mutu gisa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia