}

NWP-559: Sony-ren disko magnetiko-optikoa

1990/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bolumen handiko datu-multzoak gordetzeko garatua izan da kanpo-memoria hau. Beste euskarriekin konparatuz abantaila ugari eskaintzen du. 130 mm-ko diametroa duen disket batean (5 1/4 hazbetekoa) 594 Mb gorde daitezke; 297 alde bakoitzean.

Atzipen zuzeneko euskarri bat da eta datuak nahi adina aldiz borratu eta berridatz daitezke. Beraz, disket, disko gogor eta CD-ROMen abantailak biltzen ditu: alde batetik, datuak berriro idatzi ahal izatea eta bestetik bolumen handiak gordetzeko ahalmena.

Irudien tratamenduan, CAD-CAMen eta irakurketak edota idazketak denbora errealean egitea eskatzen duten eta informazio-bolumen handiak erabiltzen dituzten aplikazio eta lan-estazioentzat dago zuzendua batipat.

Esan bezala, memori ahalmen handia izatea ez da bere abantaila bakarra; disko gogor bat balitz bezala borra daiteke eta informazioa berriro gorde. Material berezi batez egina dago eta horri zor dio ezaugarri hau. Material horrek laser izpi baten bidez ‘curie’ puntu deritzon punturaino berotzen denean bakarrik aldatzen du bere polarizazio magnetikoa.

Gainerako euskarri magnetikoek baino segurtasun handiagoa eskaintzen du; datuak galtzeko tenperatura normalean egoten ez diren indar handiko eremu magnetikoak jasan beharko bait ditu diskoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia