}

Nor da ispiluko hori?

2001/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pentsatu al duzu inoiz lanera edo ikastetxera joan aurretik ispiluan begiratu eta, agian, ez duzula zure burua ezagutuko? Orain arte egindako ikerketen arabera, badirudi burmuinaren eskuinaldeko hemisferioa dela geure buruaren irudia ezagutzearen erantzule, eta orain dela gutxi Israelen egindako esperimentu batek ere teoria hori baieztatzen du.

Esperimentua burutzeko, epilepsia-arazoengatik buruan ebaketa egin behar zitzaien bost gaixo aukeratu zituzten. Lehenengo alde bateko hemisferioa lokarrarazi zitzaien, hiru minutuz, eta ondoren bestekoa. Alde bat lo zeukatela, pertsonaia ezagun baten irudia erakusten zitzaien ordenagailuan, eta irudi hori, apurka-apurka, gaixoaren aurpegi bilakatzen zen.

Ikertzaileek behatu zuten gaixoek ezker-hemisferioa lo zeukatenean eskuineko hemisferioa gai zela beren burua ezagutzeko. Ostera, lo zeukatena eskuinekoa zenean, ezkerrekoak pertsonaiaren argazkia bakarrik ezagut zezakeen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia