}

Non dago ur gehien?

2002/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa geologikoen arabera, lurpean, 1.000 kilometrora, ozeano guztietan baino bost bider ur gehiago egon daiteke. Tokioko Teknologia Institutuko ikertzaileek mantuaren behealdea aztertu dute, 650 eta 2.900 kilometroko sakoneran dagoen geruza, eta osagaien % 0,2 (pisutan) ura izan daitekeela iragarri dute. Geologoek diotenez, ur horrek gure planetaren formazio prozesuari eta plaken tektonikari buruzko hainbat aztarna eman diezaguke.

Planeten formazioa aztertzen denean, kontuan hartzen da hasierako uneetan zenbat material lurrunkor zegoen eta, karbono dioxidoa eta ura horien artean daude. Ikertzaile japoniarren kalkuluetatik ondorioztatu denez, Lurraren jatorrizko nahastea ez zen uste bezain trinkoa. Bestalde, behe-mantuan dagoen ur-kopuruak plaken tektonikan ere eragiten du.

Urak behe-mantuko harkaitzen urtze-puntua txikitu eta ingurunearen likatasuna handitzen duenez, ur asko duen mantua azkarrago mugitu eta nahasiko da. Mugimendu horrek plakak gidatu eta materialak nahasten dituenez, behe-mantuko urak plaka tektonikoen higidura baldintzatzen du. Ikertzaileen ustez, urari esker plakak azkarrago eta errazago hondoratzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia