}

Nolakoak izango dira etorkizuneko eskiak?

2003/03/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hori da, hori, gerri fina! Goialdea eta behealdea, berriz, dezente zabalagoak ditu. Aitortu beharra daukat: gero eta gehiago gustatzen zaizkit horrelakoak. Izan ere, horiekin hobeto moldatzen naiz; errazago kontrolatzen ditut, eta, batez ere, abiadura handitzeko aukera ematen didate, biratzean hobeto eusten baitute. Eta, zientzialarien esanean, etorkizunean are estuagoa izango dute gerria. Gozatu ederra hartuko dut orduan!... Aizu, ez iezadazu matxista deitu, eskiez ari naiz eta.
Modalitate bakoitzerako eski bereziak daude.

Azken urteotan, eskien itxura nabarmen aldatu da. Duela urte gutxiko eskiekin alderatuz, hainbat modalitatetako gaur egungo eskiak motzagoak dira eta pala zabalagoa eta gerri estuagoa dute. Diseinu berriko eskiek eskiatzeko teknika aldatzera behartu badute ere, onurak agerikoak dira.

Esaterako, lehengo eski luze eta zuzenekin biratzean, biraketa moteldu egiten zen une batean. Gerri estuko eskiekin, berriz, birak errazago, garbiago eta egonkortasun handiagoz ematen dira. Gainera, biratzen hasteko ez dago eskiak okertzeko indarrik egin beharrik; beraz, indar gutxiago galtzen da. Hori guztia jakinda, ez da harritzekoa eski berriek hain harrera ona izatea eta eskiatzaileak hain azkar ohitzea.

Mendeetako bilakaera

Itxura-aldaketa horrek iraultza ekarri duen arren, ez da, inola ere ez, eskien historian gertatu den aldaketa bakarra. Eskiak duela 2.500 urte asmatu zituzten, eta ehunka urtean oso aldaketa gutxi izan dituzte. Hasieran, eskiak garraiorako diseinatzen ziren: toki elurtuetan benetan nekagarria zen alde batetik bestera oinez joatea, eta garraioa errazteko, hanketara lotutako ohol luzeak erabiltzen zituzten. Ohol horiek muturra gorantz begira izaten zuten, eta egur aproposenak bilatzen saiatzen ziren. Baina ez ziren, inondik inora, aldapak ahal zen azkarren jaisteko diseinatzen.

Diseinu berriko eskiekin, birak errazago ematen dira.

Eski-lehiaketak ez ziren 1767ra arte hasi, Eskandinavian, nola ez. Lehiaketa horietan militarrek bakarrik hartzen zuten parte, eta 1843an izan zen zibilen arteko lehenengo eski-lasterketa. Gerora ere, ez da oso azkar zabaldu kirol hori, batez ere, ezin delako edozein tokitan eskiatu, noski.

XIX. mendearen erdialdean, gaur egungo eski-jaitsieraren aitzindaria azaldu zen Telemark hirian, Norvegian. Hiriak eski-mota bati izena eman zion; hain zuzen ere, eski horiek luzeak eta estuak ziren, erdialdean okertuta zeuden, eta hasierako eta bukaerako muturrak erdialdea baino zabalagoak zituzten. Horri esker, eskiaren ertzaren gainean indarra eginez gero, eskiak biratu egiten zuten. Horrekin batera, eskiek orpoetara lotzeko sistema berri bat asmatu zuten; hartara, eskien mugimenduak askoz ere hobeto kontrolatzen ziren. XIX. mendearen bukaerarako, Telemark eskiak denean zabalduta zeuden, eta XX. mendean ere asko erabiltzen ziren.

Aldaketak ez dira eskietan bakarrik antzematen; dena aldatu da: jantziak, botak...

Joan den mendearen bukaeratik, aldaketak etengabeak izan dira. Aurrena, zurezko eski trinkoen ordez, geruzatutako eskiak azaldu ziren. Gero, muturra metalezkoa zuten eskiak, plastikozko oinarria zutenak, sandwich-en moduan metalezko eta zurezko geruzak tartekatzen zituztenak, beira-zuntzezkoak, aparrezko bihotza zutenak, dardara gutxitzeko sistemadunak, eta, azkenik, gerri estu-estuko eski laburrak asmatu dituzte.

Botek ere badute garrantzia

Botek ia eskiek adinako garrantzia dute eskiatzeko eran, eta, eskiak bezala, denborarekin asko aldatu dira. Aldaketa handiena eskietara lotzeko eran izan dira. Lehen, larruzko zinta batzuen bidez lotzen ziren eskietara, baina gero belarriak asmatu zituzten. Horrela, lotura askoz ere hobea izatea lortu zen, eta eskiatzaileak inoiz baino hobeto kontrola zitzakeen eskiak. Gero, bi bota-pare erabiltzen hasi ziren, kanpokoak zurrunagoak eta barrukoak bigunak. Plastikozko lehenengo botak ere azaldu ziren, lokailuak aldatu ziren, atzetik janzten ziren botak asmatu zituzten...

Aldaketa horiekin, oinaren eta eskiaren arteko konexioa zuzena izatea lortu da. Orain, nahikoa da oina pittin bat mugitzea eskiak mugimendu horri erantzuteko; ondorioz, lehen baino askoz ere indar gutxiago egin behar da. Halaber, eskiatzaileak indarra beste era batera erabili behar du: lehen gorputzaren goialdearekin egiten zuen indarra, gero aldakekin eta pelbisarekin, aurrerago hankekin eta belaunekin, eta orain, oinek dute protagonismoa.

Boten diseinuak eskien itxurak garrantzia du.

Bota arruntekin, ordea, orkatila lotuegia egoten da, eta mugimenduak mugatuta daude. Hori gainditzeko, bota berri batzuk azaldu dira merkatuan. Bota horiek plastikozkoak dira, baina aurrealdean plastikoa moztuta dute, eta, horren ordez, material sintetiko malgu bat jarri dute. Bota horiek erraz janzten eta eranzten dira, ez dute orkatilaren mugimendua mugatzen, eta atzean eta alboetan egonkortasuna bermatzen dute.

Etorkizunean, zer berri?

Zientzialariek egin dute beren apustua: eskien gerriak gero eta estuagoak izango dira, eta luzeran laburtuz joango dira. Arazo bati egin beharko diote aurre, ordea; eski laburrek dardara handiagoa egiten dute. Nola konponduko dute? Erantzuna datozen urteotan jakingo dugu. Bitartean, gozatu eski-denboraldiaren azken egunetan, eta... gora bihotza, datorren urtean ere etorriko da eta negua!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia