}

Noizkoa da gizakia?

1992/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

965. urtean aurkitutako hezur baten berrazterketa egin ondoren, ikerlari-talde estatubatuar batek, hezurrak 2,4 milioi urte zituela esan zuen.

Keniako hegoaldeko Baringo lakuan 1965. urtean aurkitutako eta museo batean zegoen hezur baten berrazterketa egin ondoren, ikerlari-talde estatubatuar batek, aipatu hezurrak 2,4 milioi urte zituela esan zuen. Yale-ko Unibertsitateko Andrew Hill-ek dioenez hezurra “Homo” generoari dagokio, baina ez du zehazten Homo habilis edo antzeko beste espezieren batekoa den. Analisia giltzadura maxilarrean eta garezurreko oinaren angeluan, beste ezaugarri anatomiko batzuekin batera, oinarritu da.

Orain arte, paleoantropologoek Keniako Turkana laku ondoan dagoen Koobi Foran aurkitutako hondakinak Homo habilis espeziekoak eta Lurreko zaharrenak zirela uste zuten, haien adina 1,9 milioi urtekoa zelarik.

Beraz, bi hondakinen artean dagoen adin-diferentzia nabaria da eta eztabaida bizia dago. A. Hill-ek bi arrazoi aurkezten ditu bere aurkikuntzaren alde. Alde batetik, harrizko gailurik zaharrenak orain dela 2,4-2,6 milioi urtekoak dira eta oro har “Homo” generoari atxikitzen zaizkio. Beste aldetik, garai hartan hozketa orokor bat gertatu zen eta ondorioz, espezie asko desagertu zen eta egoera berrira egokitzeko gai ziren beste espezie batzuk azaldu ziren, hauen artean “Homoa” zegoelarik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia