}

Nobelekin batera, 2008ko Ig Nobelak

2008/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nobelekin batera, 2008ko Ig Nobelak
2008/11/01 | Elhuyar
Burmuinak desberdin hautematen du pataten kalitatea sortzen duten soinuaren arabera.
MorgueFile

Urtero bezala, Nobel Sariak iragarri baino egun batzuk lehenago banatu ziren Ig Nobel sariak. Errepikatu ezin diren edo errepikatzea komeni ez den ikerketek jasotzen dituzte Ig Nobelak, eta Annals of Improbable Research zientzia- eta umore-aldizkariak banatzen ditu, 1991z geroztik. Hona hemen aurtengo sarituak.

Bakearen saria izan da aurten saridun gehien izan dituena. Izan ere, izaki bizidunen defentsan aritzen den etika-batzorde suitzar batek eta Suitzako herritar guztiek jaso dute, "landareei bidegabe mina eragitea ez dela moralki onargarria, eta inork landareen jabetzarik ez duela" defendatzen duen lege-printzipioa ezartzeagatik.

Hain zuzen, landare horietako batekin egindako lan oso berezi batek jaso du Elikadura saria. Saridunek entzumenak jakien pertzepzioan duen eragina aztertu dute. Zehazki, patata frijituak jatean jasotzen ditugun soinu-seinaleak elektronikoki aldatuz gero, patata bera kirrikatsuagotzat, eta, beraz, freskoagotzat, edo zaharragotzat hartzen dugula ondorioztatu dute. Antza, burmuinak desberdin hautematen ditu soinuaren arabera. Patatak frijituak txikitzean entzuten dugun hori ez ahal da min-oihu bat izango!

Txakurren eta katuen arkakusoen salto-txapelketan, txakurrenak garaile.
MorgueFile

Eta landareetatik animalietara. Bazenekien armadiloek arkeologoen lana zaildu dezaketela? Bada animalia horiek, lurra mugitu, eta garai desberdinetako geruzak nahasten dituzte. Armadiloek zenbaterainoko eragina duten aztertzeagatik, Arkeologia saria jaso du Brasilgo ikertzaile-talde batek; eta ameba bat labirinto batean bide motzena aukeratzeko gai dela azaltzeagatik Zientzia Kognitiboen saria beste batek.

Animaliekin bukatzeko, arkakusoei buruzko ikerketa batek jaso du Biologia saria. Izan ere, talde batek txakurren eta katuen arkakuso-espezieen saltoak alderatu ditu. Txakurrenak izan dira garaile; 25 zentimetroko jauzia egiten dute, katuenak baino 8 zentimetro handiagoa. Badakizu, beraz, arkakusorik hartu nahi ez baduzu, txakurrei katuei baino urrunago eutsi!

Plazeboak, korapiloak eta espermizidak

Nobel sariek ere saritzen dituzten arloei dagokienez, bata bestea baino harrigarriagoak dira aurtengo hirurak ere. Medikuntza sariak, adibidez, plazebo efektua diru-kontu bat ere badela erakutsi du. Izan ere, ikertzaileek plazebo bera eman zieten hainbat pertsonari, botika berri baten probak egitearen aitzakiapean. Erdiei botika merkea zela esan zieten, eta beste erdiei garestia zela. Emaitza zein izan zen asmatu duzu honezkero, ezta? Plazebo garestia jaso zutenek erantzun hobea lortu zuten. Garunak ez gaitu patata frijituekin bakarrik engainatzen.

Kolazko freskagarrien eragin espermizida zalantzan dago.
MorgueFile

Fisikaren atalean saritutako ikerketaren abiapuntua zuk zeuk ikus dezakezu. Sartu kaxa batean soka edo ile-zati batzuk, mugitu pixka bat kaxa, ireki eta beha ezazu. Nahitaez, zatiak korapilatuta egongo dira. Prozesu horri azalpen matematikoa eman dietenentzat izan da Fisika saria.

Hala ere, aurtengo sari bitxiena Kimikakoa da ziurrenik. Izan ere, bi talde saritu dituzte, justu kontrakoa frogatzeagatik: batek kolazko freskagarriek eragin espermizida dutela frogatu du, eta besteak, guztiz kontrakoa, eragin espermizidarik ez dutela, alajaina!

1
247
2008
11
011
Sariak
Berriak labur
7

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia