}

Nobel sariak: tradizioa vs berrikuntza

2009/10/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hamar zientzialariz osatutako talde batek eskutitz bat bidali dio Nobel Fundazioko zuzendari Michael Sohlman-i, Nobel sariak gaurkotzeko eskatuz. 1901ean hasi ziren banatzen sari ospetsu horiek, bost arlotan, Fisiologia edo Medikuntza, Fisika, Kimika, Literatura eta Bakea. Hain zuzen, hori izan zen Alfred Nobelen nahia. Gero, 1968an, Ekonomiakoa sortu zuten. Baina geroztik ez da aldaketarik izan.

Berritzeko garaia dela iritzita, eskutitza idatzi du, beraz, zientzialari-talde batek. Ekimena New Scientist zientzia-dibulgazioko aldizkariaren proposamen batetik abiatu zen. Izan ere, aldizkari horrek punta-puntako hamar zientzialari bildu zituen, Nobel sariak gaur egungo zientziara egokitzen ote diren eztabaidatzeko. Eta handik sortu zen eskutitza idazteko ideia.

Hamar zientzialariz osatutako talde batek Nobel sariak gaurkotzeko eskatuz du.
(Argazkia: Nobel Fundazioa )

Sinatzaileek onartzen dute Nobel sariek izugarrizko garrantzia eta eragina dutela oraindik ere. Alabaina, haien iritziz, sortu ziren garaian ezin ziren aurreikusi gaur egun indar berezia duten zientzia-arloak; beraz, ez dira aintzat hartzen Nobel sarietan, ez baitira bat etortzen ezarrita dauden kategoriekin.

Horrenbestez, bi eskakizun egin dizkiote Solhmani: batetik, Ingurumenaren eta Osasun Publikoaren sariak sortzea, eta, bestetik, Fisiologia edo Medikuntzaren saria zabaltzea, bizitza-zientzien beste arlo batzuek ere lekua izan dezaten, hala nola oinarrizko biologiak eta jokabidearen zientziak.

Edozein modutara, Nobel sarien epaimahaiak behin baino gehiagotan erakutsi du ez duela zorrotz jokatzen kategoriekin. 2007ko Bakearen Nobel saria adibide garbia da, IPCCk eta Al Gorek jaso baitzuten, klima-aldaketaren aurka egindako lanarengatik. Egia esan, Al Goreren izendapenak nahikoa zalaparta sortu zuen; ez aurtengoaren adinakoa, hala ere.

Zientzia-arloko sarietara itzulita, aurten ere zientzialari-talde horrek eskutitzean aipatzen dituen irizpideak kontuan izan dituztela dirudi; hain zuzen, egunero erabiltzen ditugun teknologia batzuen aitzindariek jasoko dute Fisikako Nobel saria (zuntz optikoa eta kamera digitalen begiak), eta Kimikakoa , berriz, biokimika-alorrekoa da (erribosomen egitura eta funtzionamendua ikertzeagatik jasoko dute Nobela saridunek).

Bi sari horiekin, bada bitxikeria bat: Willard Boyle eta George Smith ikertzaileek CCD sentsorea asmatzeagatik jasoko dute Fisikako Nobel sariaren erdia (beste erdia zuntz optikoa asmatu zuenari emango diote). Eta juxtu teknologia hori erabili zuen Kimikako Nobel sariaren heren bat jasoko duen batek, Ada E. Yonath zientzialariak,erribosomen egitura ikertzeko.

Nobel bitxienak

Nobel Sariak baino bitxiagoak izaten dira, hala ere, horiek jakinarazten diren garai berean banatzen dituzten IgNobel sariak. Izatez, Ig Nobel sariak errepika ezin daitezkeen edo errepikatzea komeni ez diren ikerketei ematen zaizkie. Annals of Improbable Research aldizkariak antolatzen ditu sari horiek, eta, haren esanean, saritutako ikerketa guztiek hasiera batean irribarrea sorrarazten badute ere, “gerora zer pentsatua ematen duteâ€.

Adibidez, Kimikako IgNobel saria Mexikoko Unibertsitate Autonomoko hiru ikertzaileri eman diete, tekilatik abiatuta diamanteak egiteagatik, eta Albaitaritzakoa, berriz, Newcastle Unibertsitateko bi ikertzaileri, izena duen behiak anonimoak baino esne gehiago ematen duela frogatzeagatik. Bakearena, berriz, guztiz bat dator IgNobelen oinarriekin, ez baita errepikatzea komeni: Bernako Unibertsitateko bost ikertzaileri eman diete, buruan joz gero, kalte handiagoa zerk egiten duen ikertzeagatik, garagardo-botila hutsak ala beteak.

Jakin-mina duenarentzat, Journal of Forensic and Legal Medicine aldizkari espezializatuan argitaratu zuten ikerketa. Haren arabera, botila hutsak 40 J-ko energiarekin hausten dira, eta beteak, berriz, 30 J-rekin. Biak ere gai dira garezurrahausteko, baina botila hutsak zauri larriagoa eragiten du.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia