Gar Lozano Realek Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien gradua egiten hasi zenean, ez zeukan garbi hori izango zenik bere bidea: “Biologia, erizaintza eta fisioterapia ere banituen aukeren artean, baina kirola ere egiten nuen, eta pentsatu nuen hura zela ondoen egokitzen zitzaidana une hartan”, gogoratu du.
Asko gustatu zitzaion hain praktikoa izatea, baita osasun-arloko ikuspegia ere edukitzea. Gradua bukatu zuenean, ikaskide gehienek irakaskuntzako irakasleen prestakuntza-masterra egiteko asmoa zuten. Lozanok, berriz, ikerketa-munduan sartzea erabaki zuen: “Argi neukan ikerketa gustatzen zitzaidala, baneukala gauzak aztertzeko edo ikasteko grina. Izan ere, gustatzen zait gauzak ulertzea edo saiatzea ikusten beste ikuspegi batzuetatik. Bitartean, praktikak egiten nituen osasun-arloko ikerketa batean.
Azaldu duenez, batez ere, hipertentsio-datuak aztertzen aritu zen emakumeetan, jakiteko arrisku kardiobaskularra berdina ote den menopausia pasa ondoren edo pasa aurretik. Gustura aritu zen, eta, masterra ia bukatu gabe zuela, EHUko fisioterapiako sailarekin batera proiektu bat atera zen lehiaketara. Orduan, kontratatutako ikertzaile gisa hasi zen ikertzen, adineko pertsonekin.
«Ematen du adineko pertsonak ez daudela gure eguneroko bizimoduan»
“Adineko pertsonekin ariketa fisikoko interbentzioak eramaten eta datuak jasotzen aritu nintzen ia bi urtez, eta izugarri aberasgarria izan zen. Hasteko, ordurako oso garbi neukan ezinbestekoa dela genero-ikuspegiarekin egitea lana. Eta haiekin ikasi nuen generoagatik bezainbeste geratzen direla batzuk baztertuta adinagatik. Ematen du adineko pertsonak ez daudela gure eguneroko bizimoduan. Gipuzkoako egoitzetan egon nintzenez, herri bakoitzeko panorama ezagutzeko aukera izan nuen, eta asko ikasi nuen”, onartu du.
Doktoretza egiteko, hala ere, beste arlo bat aukeratuko zuela erabaki zuen. Orduan, oporretara joan zen hilabete batez, eta bat-batean telefonoak jo zion: “Deustoko Unibertsitatean, Fisioterapiako sailean, irakasle izateko aukera eskaini zidaten, bai Fisioterapian, bai Jarduera Fisiko Kirolaren Zientzien graduan. Gustuko gaiak eman behar nituenez, baiezkoa eman nuen”.
Horrenbestez, bere garaian irakaskuntzako irakasleen prestakuntza-masterra egitea baztertu zuen arren, irakasle-lanetan hasi zen; hori bai, ikasle helduagoekin. Dena dela, erdi txantxetan esan du ez dagoela hainbesteko aldea ere unibertsitateko ikasleei klasea eman edo batxilergokoei. “Eta gero eta alde txikiagoa dagoela esango nuke gainera. Baina hori esan omen dute beti irakasleek, ezta? Belaunaldi berriek lehenagokoek baino heldugabeagoak diruditela”. Ahotsaren doinuak salatzen du gustura dagoela ikasleekin.
Izan Inurrekin batera
Hala, bigarren urtean, tesi-zuzendariak Osasun, Ongizate eta Bioetika doktoretza-programan izena ematera animatu zuen, eta proiektu bat aurkeztu zuten, Izan Inurri elkartearekin batera: “Niretzat izugarri ederra da proiektu hau. Bularreko minbizian erabakitze-prozesuari buruzko ikerketa bat da, eta, horren barruan, aztertzen dugu nola eraman paperera minbizia duten emakumeek kontatzen dutena edo bizitzen dituzten egoerak. Lehenengo Emakunden aurkeztu genuen, eta irabazi genuen dirulaguntza”, kontatu du.
«nola lagundu bakoitzari bere erabakia hartu dezan, aurreiritzirik gabe eta baldintzapenik gabe»
“Ikaragarria”, hitz horrekin definitu du proiektuan egiten ari den lana. “Izan ere, bakoitzak bizi du bere erara. Horregatik, erabakitze-prozesu horretan ikusi behar dugu zer duten denek komunean, eta gero nola lagundu bakoitzari bere erabakia hartu dezan, aurreiritzirik gabe eta baldintzapenik gabe”.
Orain analisi-fasean dago. Tesia egiteko, hiru artikulu zientifikoa argitaratzeko asmoa du, eta dagoeneko martxan lehenengoa. Bigarrenarekin hasteko, berriz, elkarrizketak sakon analizatzen ari da.
Atzera begira jarrita, iruditzen zaio gradua ikasten hasi zenean ez zuela imajinatzen horrelako tesi bat egiten arituko zela urte batzuk geroago, baina, pentsatzen jarrita, ondorio hau atera du: “Nik uste dut interesa daukaten pertsonek topo egin behar dutela. Eta hori gertatu zait. Nire abiapuntua zen ikuspegi feminista txertatzea ikerketan, eta beti bilatu dut hori. Orain, izugarri kontentu nago hemen egoteaz eta pila bat ikasteaz”.
Onartu du oraindik ere izaten duela batzuetan iruzurtiaren sindromea, bere gradua kirolekin lotzen baita, osasungintzarekin baino gehiago. “Hala ere, uste dut, kasu honetan, onuragarria izan dela ni kanpotik sartu izana. Izan ere, aurreiritzirik gabe sartu naiz, eta oso eskertuta nago, bai pazienteei, bai profesionalei. Egia da sistemaren egiturak asko baldintzatzen duela, baina denok elkarlanean aritu gara, eskuzabaltasunez, eta uste dut denontzat izan dela ona”.
Helburua da erabakitze-prozesurako baliabideak sortzea, eta ingelesez dagoena gaztelaniaz balidatzea. Aurrerago, euskararako eta beste hizkuntza batzuetarako egokitu nahiko lukete, gero eta emakume gehiago iristen baitira beste herrialde batzuetatik, beste hizkuntza eta kultura batzuekin. “Badugu zer egina”, bukatu du.
Gar Lozano Real Lezon jaio zen, 1994ean. Jarduera Fisiko eta Kirolen Zientzietan graduatua, ikerketako masterra du, eta, orain, ikerketako proiektuetan murgilduta dabil. Bularreko minbizi diagnostikoa jaso duten pertsonen erabakitze prozesuak eta bizi-kalitatea ikertzen ditu, testigantzen eta galdetegien bitartez. Ikerketa feministetan interesatuta dagoela eta jakin-min handikoa dela azpimarratu du.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



