Neutroien bidez supereroankortasuna ulertzeko saioak
1999/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tenperatura Altuko Supereroankortasuna izeneko fenomeno fisikoa duela 12 urte aurkitu zen, baina bere atzean dagoen mekanismo mikroskopikoa oraindik misterioa da zientzialarientzat. Stuttgarteko Max Planck institutuan eta Princeton unibertsitatean mekanismo hau ulertzeko asmoz neutroien sakabanaketa-teknikak erabiltzen ari dira.
Izan ere, tenperatura handiko supereroaleen elektroiek duten biraketa-higidura edo spin-a ezinbestekoa da supereroankortasun-fenomenoa ulertu ahal izateko. Material supereroankorretan aurkako spin-a duten elektroiak binaka elkarturik egoten dira, elkarren artean momentu magnetikoak ezabatzen dituztelarik, eta ondorioz, elektroi-pareak materialean zehar energiarik galdu gabe higi daitezke. Honi esker, tenperatura handiko material supereroankorretan korronte elektrikoek ez dute erresistentziarik jasaten.
Zientzialariek Saclay eta Grenobleko erreaktoreetan neutroien bidez tenperatura handiko material supereroankorrak bonbardatu dituzte eta lortu duten erantzuna magnetikoki ordenaturik dauden materialen berdina izan da. Erantzun honek elektroien parekatze-efektua egiaztatzen du, Max Planck institutuaren arabera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia