ItsasMikro proiektuaren esparruan, Donostiako eta Orioko hondartzetan agertzen diren plastiko-aleak (pelletak) ikertu dituzte EHUko Materialak eta Teknologiak Taldeko ikertzaileek, eta industriatik iristen diren isuriak eragozteko neurri errazak proposatu dituzte.
Hasteko, bi parametro identifikatu dituzte, uraren kalitatea kontrolatzen duten agentziek euri-uren isurketak kontrolatzeko erabiltzen dituzten parametroen artean: solido esekiak eta solido eseki lurrunkorrak. Bi horiek industriako isurketa-baimenetan sartzea proposatu dute ikertzaileek. Izan ere, aleen isuriak prebenitzeko estrategia tekniko eta ekonomiko erraza izateaz gain, ingurumenarentzat ere onuragarria izango litzatekeela uste dute.
Halaber, gogora ekarri dute instalazio batzuetan lurpeko biltegiak erabiltzen direla hidrokarburo-ihesei eusteko eta bereizteko. Bada, mikroplastikoak isur ditzaketen industriek ere lurpeko tanga egokituak erabil ditzakete, isuritako mikroplastikoak flotazio bidez bereizi ahal izateko. Irtenbide hori ehungintza-enpresen zuntz sintetikoentzat eta kosmetika-industrien mikroesferentzat ere baliagarria izango litzateke.
Marine Pollution Bulletin aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



