}

Neska, ez duzu zientzialari itxura

2018/01/29 Galarraga Aiestara, Ana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Emakumeek eta neskek zientzian berdintasunezko parte-hartzea izateko xedearekin, otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izendatzea erabaki zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016an. Izan ere, aukera-berdintasunak bermatuta egon beharko lukeela iruditzen zaigun arren, datuek garbi erakusten dute zientzia-eremuan genero-bereizketa nabarmena dela, gaur egun ere.

Adibidez, Emakundek 2016an egindako azterketa baten arabera, alde handia dago batxilergoko neska-mutilek aukeratzen dituzten ikasketetan, generoaren arabera. Neskek osasun-zientzien, psikologiaren eta irakasle-ikasketen alde egiten dute; eta mutilek, berriz, nahiago dituzte ingeniaritzak.

Aukeraketa horren atzean genero bakoitzari esleitzen zaizkion gaitasunei buruzko estereotipoak daude: barneratua dugu emakumeak gizonak baino egokiagoak direla zaintza-lanetarako, eta gizonak, berriz, lan teknologikoetarako.

Eragile asko ari dira lanean estereotipo horiek ezeztatzeko. Baina lana ez zaie hor amaituko, beste faktore batzuek ere eragiten baitute bereizketa horretan, tartean, itxura fisikoak. Sarah Banchefsky ikertzaileak 2016an argitaratutako artikulu baten izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Ez duzu zientzialari itxura, baina! Irudi femeninoa duten emakume zientzialariek aukera gutxiago dute zientzialaritzat hartzeko.

Artikuluan, bi esperimenturen emaitzak aurkezten ditu Banchefskyk. Haietako batean, Internetetik hartutako 80 zientzialariren argazkiak erakutsi zizkieten boluntarioei. Boluntarioek esan behar zuten zeren itxura hartzen zieten argazkietako pertsonei: emakumeen kasuetan, zenbat eta itxura femeninoagoa izan, orduan eta aukera gehiago irakasletzat jotzeko. Gizonezkoetan, berriz, ez zegoen alderik. Bigarren esperimentua ere antzekoa zen, eta emaitza, berbera: emakumeentzat, itxura femeninoa eta zientzia-jarduera kontrajarriak dira.

Komunikabideetan emakume zientzialariez ematen den irudiak izan lezake eragina batzuen eta besteen estereotipoetan. Izan ere, protagonista zientzialari bat denean, emakumea bada, oso ohikoa da haren itxura fisikoari buruzko aipamenen bat egotea. Hori ez da gertatzen zientzialaria gizona bada. Argazkietan ere badago aldea: gizonezkoak normalean beren lan-ingurunean azaltzen dira, itxura bereziki zaindu gabe; emakume zientzialariak, berriz, testuingurutik kanpo eta apainduta.

Horrek guztiak erakusten du arazoaren sustraiak sakonak eta ugariak direla. Ea, otsailaren 11n ez ezik, urteko gainerako egunetan ere gogoan izaten dugun.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia