Nekazaritza biologikoa: kantitate gutxiago, onura gehiago
2002/05/31 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ongarri organikoak erabili dituzten soroak ongarri inorganikodun eta pestizidadunekin konparatu dituzte. Dirudienez, lurzoruak asko eskertzen du ongarri organikoak erabiltzea, eta osasuntsuago mantentzen da: mikorriza gehiago sortzen dira eta mikroorganismoek hobeto betetzen dute beren funtzioa. Horrela, hondakinak errazago birziklatzen dira eta landareek errazago xurgatzen dituzte elikagaiak.
Gainera, soro organikoek biodibertsitate handiagoa dute, eta izurriteak murrizten laguntzen duten animalia gehiago agertzen dira. Eta maila energetikotik begiratuz gero, energia ere aurrezten dela ikusi dute zientzialariek. Ongarri inorganikoak ez erabiltzearekin bakarrik, energiaren erdia aurreztea lortzen da.
Hala ere, zientzialari suitzarrek argi utzi nahi dute nekazaritza organikoarekin ezingo direla inoiz ohikoarekin lortzen diren etekinak lortu. Diotenez, ongarri kimikorik gabe batez beste % 20 gutxiago produzitzen da. Patataren kasuan, esaterako, % 40 jaisten da produkzioa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia