}

Negatiboak baina erabilgarriak

2003/06/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gene batek gaixotasun batekin harremanik ez duela jakitea interesgarria da? Normalean titularrak kontrako berrientzat izaten dira. Gene baten eta epilepsiaren arteko lotura topatu dutelako irteten dira zientzialariak egunkarietan. Eta gauza bera gertatzen da aldizkari zientifikoetan ere. Emaitza negatiboak baztertuak izaten dira gehienetan. Ondorioz, ikerketa asko behin eta berriz egiten dira.
Uste oso indartsu bat ezeztatzen ez badute, aldizkarietako editoreek ez dituzte kontuan hartzen zerbait gertatzen ez dela dioten ikerketak.

Emaitza negatiboak ez badira ia inoiz argitaratzen, pentsatzekoa da ikerketa-bide bera behin baino gehiagotan probatuko zela laborategi bat baino gehiagotan. Datu zehatzik ez dago, gaiari arreta gutxi jarri baitzaio orain arte, baina guztiz logikoa dirudi. Horrela uste dute behintzat hainbat zientzialarik eta, horregatik, emaitza horiek publikatzeko aldizkariak sortu dira azkeneko urteetan.

Berrienetako batek Journal of Negative Result in Biomedicine izena du, biomedikuntzako ikerketa negatiboen aldizkaria, alegia. Joan den urtean sortu zen eta BioMed Central taldearen bidez argitaratzen da on line. Azarotik 11 artikulu jaso eta bi argitaratu dituzte. Ez da asko, baina tira.

Aldizkariak era guztietako ikerketak onartzen ditu. Bai saio klinikoei buruzko emaitzak eta bai erreaktibo batek esan bezala funtzionatzen ez duela dioen ikerketa. Muga bakarra jartzen die: emaitzek errepikatzeko modukoak izan behar dute. Hau da, edozein aldizkari zientifikoren modura funtzionatzen du.

Biomedikuntzan, funtsezkoa

Ikertzaileek nahiago izaten dute beste zerbaiti heldu emaitza negatiboen inguruko artikulua idatzi baino.

Ikerketa negatiboen berri ematea zientzia-esparru guztientzat da probetxugarria, baina badirudi zenbait alorretan besteetan baino premia handiagoa sentitzen dutela. Horietako bat biomedikuntza da eta horren lekuko sortu berri den aldizkaria. Izan ere, genomaren ikerketaren ondotik, izugarri ugaritu dira geneak eta gaixotasunak lotu nahi dituzten ikerketak.

Ikertzaileek milaka ezaugarri genetiko eta milaka pertsona aztertzen dituzte, ezaugarri genetiko batzuk gaitzekin batera heredatzen diren ikusteko. Gero, loturarik ez dagoela ondorioztatzen bada, askotan datuak galdu egiten dira, ez direlako argitaratzen. Eta atzetik datorrenak bahea hartu eta lehenago beste batek baztertutako
harri-kozkor guztiak berriz jasotzen ditu, urrea noiz agertuko zain.

1997an, sail berri bat iragarri zuten Journal of Universal Computer Science aldizkariko editoreek: emaitza negatiboen foroa. Baina artikulu bat bera ez dute jaso sei urtean.

Antzeko zerbait gertatzen da animaliekin egiten diren ikerketetan. Orain bi urte, ikerketa horiek egiteko baimena ematen duen Britainia Handiko batzordeak kezka plazaratu zuen, lehenago beste laborategietan huts egindako ikerketa berak egiten ari zirelako ikertzaileak. Orduan, lizentzia ematen zuen bulegoak neurriak har zitzan proposatu zuten: lizentzia jaso nahi bazen, derrigorrezko izan zedila emaitza negatiboen berri ematea. Baina bulegokoek ez zuten kontua euren gain hartu nahi izan, ikerketen emaitzak publikatzea ez delako gobernuaren lana eta gaia bertan behera gelditu zen.

Oso arrakasta eskaseko beste proiektu bat Journal of Universal Computer Science aldizkariak jarri zuen martxan. 1997an, sail berri bat iragarri zuten aldizkariko editoreek: emaitza negatiboen foroa. Aldizkariko editoreen esanean, arazoen okerreko konponbideak ez argitaratuta, ingeniaritza informatikoaren inguruko informazio interesgarria ere galtzen zen. Baina, antza, ikertzaileek ez dute berdin pentsatzen, artikulu bat bera ez baitiete bidali sei urtean.

Ez pentsa, dena dela, zientzialarien artean komunikaziorik ez dagoenik. Ez publikatzeak ez du esan nahi informazioa zabaltzen ez denik. Aldizkariak ez dira ikertzaileen informazio-iturri bakarra eta zientzialarien artean ere, toki askotan bezala, ahoz aho gauza asko jakiten da. Hala ere, bide normalizatu bat ezartzea ez litzateke ideia txarra izango, horrek denbora eta ahalegin antzuak aurrezten lagunduko badu. Formula asmatu beharra dago orain.

Nola publikatu emaitza negatiboak?

Emaitza negatiboen berri ematea interesgarria izanda ere, horiek nola argitaratu aztertzea ezinbestekoa da. Izan ere, ezinezkoa da guztiak ohiko artikuluen moduan publikatzea. Gehiegi dira, ikertzaileak ez dira artikulu horiek idazten jarriko eta aldizkariak inpaktu handiko ikerketak argitaratzeko lasterketan murgilduak daude.

Horrenbestez, badirudi Internet izango dela irtenbidea. Zenbait adituk informazio labur eta eskematikoa bilduko duten
datu-baseak sortzea proposatzen dute, eta emaitza negatiboak horietan biltzea. Baina
datu-baseak ez du informazioa ziurtatzen. Duela sei urte, minbiziarekin eta genetikarekin erlazionatutako ikerketa negatiboak plazaratzen dituen aldizkari batek antzeko zerbait egin zuen eta oso gutxik bidali dute informazioa.

Horren aurrean, zientzialari batzuek neurri zorrotzak proposatu dituzte: emaitza negatiboen berri ematea artikulu bat publikatzeko ezinbesteko eskakizun izan dadila. Beste batzuek, aldiz, kontzientziazioaren bidetik jo dute.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia