}

Neanderthal gizakiaren xirula

1997/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esloveniako Divje Babe kobazuloan topatu duten “xirulak” 43.000 urte ditu gutxienez eta ezagutzen den Neanderthalgo gizakiaren arte-adierazpen bakarra da.

Esloveniako “xirula”, haitzuloetako hartzaren femur-zatia da eta bertan lau zulo ditu. Gutxienez duela 43.000 urtekoa da eta Esloveniako Divje Babe kobazuloan topatu dute, Neanderthalgo gizakiaren tresnekin batera. Orain arteko musikagailu zaharrena izateaz gain, Neanderthalgo gizakiaren arte-adierazpen bakarra da.

Orain arte ehizarako edo jostatzeko hegazti handi edo ugaztunen hezurrekin egindako txistu edo xirulak aurkitu izan dira Europan (Euskal Herriko Isturitzen, adibidez) eta Asian, baina beti ere berriagoak, hau da, Homo sapiens sapiens gizakiari zegozkionak.

Karbono 14 sistemaren bidez datatzerik egon ez denez gero, topatu duteneko sedimentu-geruza aztertuta jakin dute noizkoa den. Horretarako geruza horretan zeuden hartzaren hortzetako esmaltea ikertu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia