Natura bai bitxia!
2002/05/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Beldarrek, noski, defentsa-mekanismo bat asmatu dute liztorrei aurre egiteko, eta larba arrotzaren inguruan kapsula itogarri bat sortzen duten odol-zelula espezializatuak dituzte. Baina Braconidae familiako liztorrek hori ere gainditzeko modua asmatu dute. Eta, horretarako, birusez baliatu dira.
Polidnabirusak liztor bizkarroi batzuen kromosometan txertatutako birusak dira, eta denborarik gehiena, ‘lo’ ematen dute. Baina ez beti. 1990eko hamarkadan Illinois Unibertsitateko ikertzaileek ikusi zuten emeen arraultzetan birus horiek aktibatu egiten direla, liztorraren DNAtik askatu eta arrautzen kanpoaldean itsasten direla, alegia. Gero, arrautza beldarrean txertatzean, birusek beldarraren defentsa-sistema apurtzen duten proteinak jariatzen dituzte. Proteina horietako batzuk liztorraren pozoia dira eta, beraz, ikertzaileek ondorioztatu zuten eboluzioaren uneren batean liztorraren gene batzuk birusetara transferitu zirela.
Orain, anbarrean harrapatutako antzinako liztorrak aztertuta, birusen eta liztorren sinbiosia aspaldi hasi zela jakin ahal izan da. Birusa duten Braconidae familiako liztorrek duela 93 eta 45 milioi urte artean eboluzionatu zutela kalkulatu dute Illinois Unibertsitateko ikertzaileek. 28 liztor-espezieren hiru gene ikertu dituzte birusak dauzkaten eta ez dauzkaten liztorren familia-zuhaitza egiteko, eta informazio hori ezagunak diren fosilen adinarekin alderatu dute. Horrela, artikuluan aipatutako liztorren eta birusen arteko sinbiosia duela 74 milioi urte hasi zela ondorioztatu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia