}

NASAk ustezko martetarrak hil zituen

2007/02/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aurtengo Amerikako Astronomia Biltzarrean sortu zen zalaparta: bi geologok proposatutakoaren arabera, 1976an Martera joan ziren Viking zundek hango bizidunak suntsitu zituzten, hain juxtu, bizidunik ba ote zegoen jakiteko han egin zituzten esperimentuetan.
Gogor saiatu diren arren, oraindik ez dute bizirik aurkitu Marten.

Egia esan, asko gogor saiatu diren arren, oraindik inork ez du frogatu Marten bizia dagoenik, ezta bi geologo horiek ere ( Washingtongo Unibertsitateko Schulze-Makuch eta Liebig Unibertsitateko Houtkooper). Baina, bizia egotekotan, nolakoa izango litzatekeen proposatu dute. Haien ustez, Marteren ezaugarriak aintzat hartuta, baliteke hango bizidunen zeluletan ez egotea ura bakarrik, baizik eta uraren eta ur oxigenatuaren nahaste bat.

Hain zuzen ere, Marteren azalean substantzia oso oxidatzaile bat dago. Geologoen iritziz, ur oxigenatua izan daiteke substantzia hori, eta, gainera, haren jatorria biologikoa izan liteke, alegia, bizidunek sortutakoa. Bestetik, ur oxigenatuaren izozte-puntua urarena baino baxuagoa da; beraz, ur oxigenatuan oinarritutako zelulak ez lirateke izoztuko Marteko tenperatura hotzekin.

Gainera, halako zelulek nahikoa dute hezetasun pittin bat irauteko, eta Marten ez dago ia urik . Eta ur oxigenatua sortzeko Eguzkiaren energia erabil dezakete.Hortaz, geologoen arabera, proposatutako zelulak oso egokiak izango lirateke Marten bizitzeko.

Esperimentu suntsitzaileak

Marten halako bizidunak daudela edo zeudela onartuz gero, Viking zundek egin zituzten esperimentuetan hil egingo ziren, inolako arrastorik utzi gabe. Izan ere, Lurrean dagoen biziaren antzekoa bilatzeko diseinatu zituzten esperimentuak. Hala, zundek jasotako laginetan, elikagaitan aberastutako ura bota zuten, bizidunik bazegoen, elikatzeko eta ugaltzeko aukera izan zezan. Horrez gain, laginak erre ere egin zituzten, hondakin organikorik ote zegoen ikusteko.

Horrela ageri zen Marte Viking zunda batetik, harako bidean.
(Argazkia:NASA)

Alabaina, geologoek proposatutako zelulentzat, ura pozoia da. Beraz, esperimentu hartan, balizko bizidunak ito egingo zituzten. Geologoek esperimentua simulatu dute laborategian, eta, haien esanean, 10 °C-an eta % 50eko hezetasunean, zelulak irauteko gai dira, baina % 100ekoan egun gutxi batzuk bakarrik irauten dute bizirik.

Erretzean ere suntsitu egingo lirateke, eta ez litzateke hondarrik geldituko, zelulek askatutako ur oxigenatuak materia organikoa desagerraraziko lukeelako. Hain juxtu, mikroorganismoak hiltzeko duen ahalmenagatik erabiltzen dugu ur oxigenatua zauriak garbitzeko. Horren antzeko zerbait gertatuko zen, beraz, zelulen barruko ur oxigenatua askatzean, eta horregatik ez zen haien arrastorik geldituko.

Eszeptizimoa nagusi

Viking zunda bat Marteren azalean, esperimentuak egiteko prest.
(Argazkia:NASA)

Schulze-Makuch eta Houtkooper geologoek komunikabideen arreta bereganatu zuten. Eta ez da harritzekoa, hipotesia benetan zirikatzailea baita. Biltzarrean ziren astronomoek, ordea, eszeptizismoz hartu zuten. Haietako batzuek onartzen dute ur oxigenatuan oinarritutako bizidunak hil egingo liratekeela Vikingek egindako esperimentuekin. Baina horrek ez du esan nahi, inondik inora, halako bizidunik badagoenik Marten. Hau da, hilketa izan dela frogatu baino lehen, bizia nori kendu bazegoela frogatu beharko luketela uste dute.

Nolanahi ere, argi dago gaur egun bilatzen dituzten bizidunak eta duela 30 urtekoak ez direla berdinak. Lehen, biziak karbonoan oinarrituta egon behar zuela uste zuten, Lurrean hala gertatzen baita. Orain, berriz, bizia era zabalagoan ulertzen da, eta, ondorioz, bilaketa ez da hain mugatua . Bilaketak emaitzarik emango ote duen, hori da zalantza handiena.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia