}

Namibiako bakterio erraldoia

1999/05/23 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Mikroskopioak asmatu ziren arte, bakterioak ezin ziren ikusi. Zientziaren ikur bilakatu den tresna asmatu zutenetik, ordea, mundu honetan bizi diren izakien zerrenda asko handitu da. Hala ere, oraindik orain, zientzialari-talde batek begi hutsez ikus daitekeen bakterioa aurkitu du Namibiako kostaldean. Zientziaren historian hainbatetan gertatu den legez, oraingoan ere aurkikuntza kasualitatearen frutu izan da.

Alemaniako, Espainiako eta Estatu Batuetako ikerlari-talde batek, Namibiako kostaldean lanean ari zela, orain arte ezagutzen den bakteriorik handiena aurkitu eta bataiatu du. Thiomargarita namibiensis izena jarri diote; beste era batera esanda, Namibiako Sufrearen Perla. Aipatu mikroorganismoa begiz ikus daiteke, orain arte ezagutzen ziren mikroorganismo handienak baino 100 bider handiagoa da, ia esaldi honen bukaeran jarriko dugun puntutxoa bestekoa.

"Aurkikuntzaren berri ematen saitu nintzenean, lankideek ez zidaten sinetsi nahi, bakterioa handiegia zelako". Esaldia Heide Schulz-ena da, Max Planck Institutuko Itsas Mikrobiologiako doktoretza-ikaslearena. Izan ere, bakterio erraldoia ikerkuntzarako erabiltzen duten itsasontziak jasotako sedimentu-laginen artean berak aurkitu zuen. "Bakterio arraroekin lanean aritu naizenez, berehala konturatu nintzen sufrearen bakterioa zela".

Tamainaz ikaragarria izateaz gain, Thiomargarita bakterioa mikroorganismo exotikoa da, ozeanoetan gertatzen diren bi prozesu (sufrearen zikloa batetik, eta nitrogenoaren zikloa bestetik) eta hauen arteko harremana ulertzen laguntzeko ardatz izan daitekeena. Orain arte, zientzialariek bi prozesuok elkarrekiko bateraezinak zirela uste zuten. Mikroorganismo hauek bakterio-hormaren barnealdean oinarrizko sufrea biltzen dute; ez hori bakarrik, distira urdin-berdeskako nitratoa biltzeko gai ere badira eta. Gainera kate-eran hazten dira. Horregatik zientzialariek ilaran jarritako perlatxoekin alderatzen dituzte. Zelula hauen diametroa milimetroaren 3/4 ingurukoa izan daiteke. Beharbada adibide batekin hobeto uler daiteke. Demagun Thiomargarita bakterioa balea bihurtzen dugula, balea urdin, zehatz esanda; horren aldean, bakterio arruntek sagutxoen pareko tamaina izango lukete. Berri hau agertu arte ezagutzen zen bakterio handienak, berriz, Epulopiscum fishelsoni izenekoak, —adibide horretan— lehoien tamainakoak izango lirateke.

Sufrearen eta nitratoen zubi

Kasualitateaz hitz egin dugu artikuluaren lehen lerroetan. Izan ere, Namibian lanean ari ziren ikerlarien helburuak, sufrearen beste bi bakterio ziren: Beggiatoa eta Thioploca . Ozeano Barean aztertuta zituzten aipatu bakterioak, baina Namibiako kostaldearen hidrografia oso antzekoa denez, han ere aurkitu eta aztertu nahi zituzten. Bertara iritsi eta zientzialariak harrituta geratu ziren, bi bakterioen kopurua oso txikia baitzen. Harridura are eta handiagoa izan zen Thiomargarita rekin topo egin zutenean. Bakterio honek erronka ekologiko handiari egin behar dio aurre: sulfuroen oxidazioari nitratoen laguntzarekin. Itsasoko urak nitrato ugari du, baina ez da oxigenotan pobre eta sulfuroan aberats diren sedimentuetara iristen —bakterioen bizilekura alegia—.

"Bakterioak bizi daitezke —Schulz-ek dioenez— aldi berean sufrea eta nitratoa biltzeko gai direlako. Horrek argi uzten du sufrearen eta nitratoen zikloen artean dagoen lotura". Biziaren jatorria eta ezaugarriak ulertzeko berebiziko garrantzia izan dezake aipatu loturak. Lurreko inguruneak, eta ondorioz bizitzak, etengabe oinarrizko elementu jakin batzuk birziklatu beharra du; adibidez karbonoa, nitrogenoa eta sufrea. Mikroorganismoak garrantzi handiko erreakzio kimikoak garatzeko gai direnez—oxidazioa eta erredukzioa esate baterako— ziklo horietan partehartze handieneko izakiak dira. Erreakzio horiei esker ozeanoetan, sedimentuetan, atmosferan, eta izaki bizidunengan elementu horiek sor daitezke.

Aurkitu den bakterioak sufrearen eta nitrogenoaren zikloen artean zubi-lana egiten du. Bakterioak aurkitu dituzten tokian, plankton ugarikoan, sulfuro ugari dagoela kontuan hartuta, ikerlariei zalantza sortu zaie bakterioen oxidazioa ingurugiroarentzat orain arte uste zena baino garrantzitsuagoa ez ote den izango.

Mikroskopiorik gabeko etorkizuna?

Thiomargarita bakterioak mugikortasunik ez duenez, uretako sedimentuan egoten da sufrea bilduz, nitratoarekin topo egiten duen arte. Mugitzeko gai ez denez, bakterio honek baraualdi luzeak jasan behar izaten ditu; itxura denez, arazo handi barik. Beste bakterio batzuekin alderatuta, azken ezaugarri nabarmena ere badute erraldoi hauek: oxigeno- eta sulfuro-kontzentrazio handietan ondo molda daitezke.

Aipatutako ezaugarri guztiak kontuan hartuta, ez da harritzekoa ondorengo urteetan bakterio hauek ikerlari askoren eguneroko lanaren ordurik gehienak eramatea. Hori bai, zientzialariek glamour -a galduko dute, ez baitute mikroskopia erabili beharrik izango.

7Kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia