Nahi gabe ere erritmoari jarraituko diozu!
2001/06/25 Elhuyar Zientzia
Dantzari ona ez zarela? Erritmoari jarraitzeko zailtasunak dituzula? Estatu Batuetako ikertzaile batek konponbidea aurkitu dio zure arazoari. Ez pentsatu, eta erritmoak eraman zaitzala. Konturatu gabe, sinkronizatu egingo zara.
Bruno Repp ikertzaileak piano digital baten tonuen erritmoa behatzekin jarrai zezatela eskatu zien 8 laguni. Esperimentuan zehar, tonuen erritmoa aldatu egiten zen, baina boluntarioek ez zekiten hori. Erritmo-aldaketak oso txikiak ziren, subliminalak; hau da, kontzienteki ez gara haiek antzemateko gai. Baina 8 boluntarioen behatzak primeran egokitu ziren erritmo-aldaketara.
Repp-en ustez, garunak badu pertzepzioaren atariaren azpitik dauden aldaketak nabarmentzeko mekanismo bat, eta horren bidez jarraitu zioten boluntarioek erritmoari. Esperimentua 5 bider egin zuen, erritmo-serieak aldatuz, eta emaitzak berberak izan ziren. Repp-ek adierazi duenez, erritmo-aldaketa txikiekiko uste zena baino sentikorragoa da garuna. Dirudienez, zehaztasun handiko informazio hori ekintzak kontrolatzeko erabiltzen dugu, gu kontziente izan ez arren.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia