Munduko lurrik sakonenetako fauna
2002/05/01 Elosegi Irurtia, Migel M. | Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sarrerako txirrindularien pasadizoa munduko sakonuneetan aurki daitezkeen muturreko kondizioen adibide bat besterik ez da. Sakonuneak itsas-mailaren azpitik gelditzen diren eremu bero eta lehorrak dira eta Pangea izeneko espedizioa inguru berezi horiek aztertzeko asmoz sortu zen. Hona hemen Amerika eta Australiako sakonuneetan aurkitu zuten faunaren laburpena.
Death Valleyko animaliak
Heriotzaren Ibarra edo Death Valley Ipar Amerikako eremurik sakonena da (-86 m) eta Kaliforniako hego-ekialdean dago. Gaur egun parke nazionala den 13.500 km 2 -ko lurraldean, desnibel izugarriak daude Panamint mendilerroko tontor altuenetatik (3.367 m) sakonunearen behealderaino. Hemen, Heriotzaren Ibarreko sakonunean, urtean 45 mm inguruko prezipitazioa jasotzen da (Euskal Herriko leku lehorrenetan 300 mm inguru) eta uztaileko batez besteko tenperatura, 49 °C-koa da... itzaletan! Hauxe dugu munduan udako batez besteko tenperatura altuena duen lekua. Horiek horrela, ez dirudi animalientzako aparteko lekua behar duenik. Heriotzaren Ibarrean ordea, animalia ugari bizi da, baina horiek ikusteko beren erritmora egokitzea komeni da.
Eguzki-orduak saihestearren, egunean zehar gehienak itzaletan edo lurpean ezkutatzen dira, eta gaua iritsi eta freskatu ahala azaltzen dira. Sorpresa handia izaten da goizean jaiki eta gauean ibilitako piztien arrasto piloa aurkitzea hondarretan, egunez bizidun bakar bat ere ikusten ez den tokian.
Beharbada, musker-espezie desberdinak dira gehien ikusten diren animaliak; inguruko inurri, kakalardo eta abarrez elikatzen dira. Narrastien artean ezagunenetakoak sugeak dira. Eta horien artean kriskitin sugeak ditugu, basamortuetan ederki moldatzen direnak.
Ugaztunetatik kanguru-arratoiak, astoak eta koioteak aipa daitezke. Azken horiek Ipar Ameriketako leku gehienetan moldatu dira, Alaskako tundran bezala, Death Valleyko sakonunean ere. Nolabait esateko, otso eta azerien arteko zerbait dira eta, bere ahaideek bezala, gaitasun izugarria dute leku bakoitzak eskaintzen dituen baliabideak ustiatzeko. Taldekoiak, aiuri luzeen bidez komunikatzen dira eta Death Valleyko gauetan ohikoak dira. Marrazki bizidunetan bezala, koiotearen lurraldeetan 'korrekamino' edo bide-lasterkaria bizi da. Hegazti xelebre hori basamortuetan bizi da, eta ziztu batean ibiltzen da bere inguruko zoko guztiak ehizaki eske miatzen. Dena den, parkean gehien ikusten den hegaztia erroia edo beletzarra da, eta hegazti azkarra izaki, ederki asko daki turistak dabiltzan inguruetara bertaratzen janari hondakinen bila.
Basamortuan gutxien espero litekeena arrainak ikustea da. Heriotzaren Ibarrean, ordea, ur-putzu gazi eta bero batzuk daude eta, bertan, 5 arrain-espezie eta anfibioren bat ere aurkitu dituzte.
Munduko leku gehienetan bezala, jendeak ere lortu zuen Heriotzaren Ibarrean bizitzea. Shoshone tribuko indiarrak beti bizi izan dira inguruan, bertako haziak bilduz eta ehiza eginez.
Eyre lakuko fauna
Eyre lakua berezia da oso. Izan ere, 1.200.000 km 2 -ko lurralde bateko urak biltzen dituen 'lakua', normalean lehorra egoten da. Australiako ibai askok, kostaldera egin beharrean, kontinentearen erdigunean dagoen Eyreko sakonunerantz (-16 m) egiten dute, eta bertan hustutzen dute ura. Baina basamortu honetako beroa dela eta, urak bidean lurruntzen dira eta XX. mende osoan lautan besterik ez da lakua urez bete. 2000. urtea horietakoa izan zen.
Basamortuan, ura bizia da, eta dagoenean aprobetxatu egin behar da. Euri asko egiten duenean, Eyren Nafarroaren tamainako lakua sortzen da eta 'mirari' baten antzera ekosistema osoa martxan jartzen da. Lakua urez bete ahala, urtetan gatz eta hondarrez estalitako lurraldea zeharo aldatzen da. Ibaietan gora mantendu diren putzuetatik planktona, ornogabe ugari eta arrainak iristen dira. Hainbat landareren haziak edota animalia batzuen arrautzak, berriz, lurpean egon dira urtetan, uraren zain. Honela, anfibio, arrain eta abarrez beteko da Eyre eta horien atzetik, pelikanoak, ubarroiak, kaioak, lertxunak… bertaratuko dira elikatu eta ugaltzeko.
Baina lakuak ez du askorik iraungo. Lakuko ura lurrundu ahala, gatz-kontzentrazioa igo, eta uretako bizidunak hiltzen joango dira. Horixe aurkitu genuen hain zuzen ere bertara iritsi ginenean: Nematolosa erebi eta Craterocephalus eresii espezieetako milaka arrain aurkitu genituen gatzetan hilik.
Death Valleyn bezalaxe, Eyren ere animaliek ordurik beroenak saihesten dituzte. Bada, ordea, salbuespenik. Euli eta eltxoak ez dira egun osoan gelditzen, eta batzuetan benetan astunak jartzen dira.
Sakonunearen inguruan, berriz, aziendentzako prestatutako ur-andelak daude eta oasi horietara mokozabalak, lertxunak, ahateak, txilinportak, usoak, kakatuak eta abar arrimatzen dira. Ura dagoen ingurutik aparte, Australiako basamortuan arrunta da emua. Ostrukaren antzeko hegaztia da, hegan egiten ez duena, eta arrek zaintzen dituzte kumeak.
Australiako basamortuko ugaztun ezagunenak, berriz, kanguro gorriak, tantarik gabe pasa daitezke landare berdeak janez gero; karraskari askok ere sabeleratzen dituzten hazietatik lortzen dute ura. Narrasti, hegazti eta ornogabe askok ere oso-oso ur gutxirekin pasatzea lortzen dute. Eyre lakuaren inguruan bizi den hondarretako dragoi ikusgarria, adibidez, Varanus gouldii , ederki egokitua dago inguru honetara. Lurpeko zuloetan ezkutatzen da eta, gainera, ura aurrezteko oso gernu kontzentratua egiten du.
Australian, dena den, bertakoak izan ez eta kanpotik sartutako animaliak ere aipatu behar dira, hala nola, gameluak, behiak, untxiak, katuak eta abar. Horietako bakoitzari buruz luze hitz egin liteke. Untxiak, adibidez, ingelesek eraman zituzten ehiza egin ahal izateko, eta Eyre inguruan ikusi ahal izan genuen bezala, izurrite bihur daitezke. Izan ere, Australian etsairik ia ez dutenez, horien populazioak neurririk gabe hazten dira, bertako basabizitza arriskuan jartzeraino. Katuez beste hainbeste esan genezake. Gaur egun, Australiako bertako animalien etsai handienak dira, eta kudeatzaileei ezinezkoa zaie basati bihurtutako felinoak kontrolatzea.
Jendeari dagokionez, aborigenak basamortuan oso ongi moldatzen zirela esan behar da. Nekazaritza edo abeltzantzarik ez izan arren, ehizatik eta landareak biltzetik bizi ziren, baina gaur egun, orokorrean, egoera negargarrian daude. Zuriak iritsi zirenetik, lurrak galdu egin zituzten; bizimodu tradizionalari eusterik ez, eta modernora moldatu ere ez.
Laguna del Carbón
Hego Amerikako gunerik sakonena den Laguna del Carbón-ek (-105 m), sakonunea izaki, badu antzekotasunik aurreko biekin. Paraje lehorra dugu hau ere: urtean 150 200 mm euri besterik ez ditu egiten. Dena den, haiek ez bezala, ezin esan ingurune beroa denik. Udan ere nekez gainditzen dira 30 °C, eta urtarrileko gehienezko tenperaturen batez bestekoa 12-13 °C-koa da.
Faunari dagokionez, bertako animaliek lehorteari aurre egiteko beharra dute. Errazen ikusten dena guanakoa da. Argentinako herbibororik handiena den kamelido hori oso ondo moldatzen da kondizio gogorretara eta hilabete luzez egon daiteke batere urik edan gabe.
Gainera, ur gazikararekin ere moldatzen da, eta inoiz itsasoko ura edaten ere ikusi izan da. Deigarria zen txarrantxaz egindako itxiturak nola gainditzen zituzten ikustea, jauzi bakar batekin. Bere etsai natural nagusiak pumak dira. Horiek ugariagoak ziren gizon zuria iritsi aurretik, baina Patagonia osoan artzantza nagusitu zenean, izugarri gutxitu ziren. Azken urteetan badirudi populazioak berriz ere gora egin duela, hainbat eskualdetan artzantza desagertu edo urritzearen ondorioz. Hori bai, pumarik ez genuen ikusi batere.
Bertako biztanle ziren tehueltxeek ehizatutako guanakoak oso-osorik erabiltzen zituzten: larrua, haragia, tendoiak, hezurrak, guzti-guztia aprobetxatzen zuten.
Hiru biztanle horiek lanak izan zituzten gizaki zuria agertuz geroztik, tehueltxeek euren kultura ia erabat galtzeraino.
Ur gazikara aipatu dugula, bai Laguna del Carbón bera baita Patagoniako laku gehienak ere ur gazikoak edo gazikarakoak dira (ugari dira, euri gutxi egin arren) eta nahiko erraza da hegoaldeko flamenkoak ( Phoenicopterus chilensis ) ikustea uretako ornogabeak jaten, bereziki krustazeo gorriskak (zenbait lakutako urak arrosa-kolorekoak dira). Ikusgarria da oro har arre-kolorekoa den inguruan flamenkoek jartzen duten kolore-puntua hegan doazela.
Azkenik, itxura batean dirudiena baino aberatsagoa den faunaren artean narrasti bat aipatuko dugu, matuasto ( Diplolaemus darwini) izenekoa. Zail da urteko hilabete gehienetan nahiko hotza den paraje hartan muskerrak zer egiten duen asmatzea, odol hotzekoak izan ohi dira eta. Baina espezie horren odolak konposizio berezia du eta, horrela, neguak ere aise gainditzen ditu.
Laguna del Carbón?
Baina… Hego Amerikako punturik baxuena ez al zegoen Península Valdés-en? Salina Grande-n ( 48 m)? Ez ba! Datu oker hori mapa eta atlas ezagun askotan ageri da, baita National Geographyc-ekoetan ere. Argentinan bertan ere ez dute oso argi nonbait. Izan ere, Ediciones Larivière-k 2000. urtean argitaratutako La Patagonia sobre el mar; Península Valdés y Punta Tombo' liburuan, esaterako, hauxe dio egileak Salina Granderi buruz: "…Hego Amerikako punturik baxuena da; mundu osoan Kaliforniako (AEB) Death Valley (Heriotzaren Ibarra) eta Itsaso Hila soilik dira baxuagoak." Bertako beste hainbat mapatan, ordea, datua zuzen emana dago. Pangea espedizioaren helburuetako bat sakonune bakoitzeko hainbat datu hartzea zenez, altitudea ere neurtu eta -105 metroko datua baieztatu zen bidaian.
Beraz, Gran Bajo de San Julían-en dagoen Laguna del Carbón da Hego Amerikako punturik baxuena, eta Amerika osokoa ere bai. Hau da, Heriotzaren Ibarra ez da "mendebaldeko hemisferioko gunerik sakonena" AEBtako hainbat tokitan dioten moduan.
Munduan Laguna del Carbón baino sakonagoak diren bi gune daude: Itsaso Hila (-395 m), Asian, eta Assal lakua (-155 m), Afrikan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia