}

Munduko grabitatearen mapa

2011/04/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Europako ESA agentziako GOCE satelitearen neurketak erabiliz, Lurraren grabitatearen maparik zehatzena osatu dute zientzialariek. Emaitza geoide bat da, alegia, Lurrak izango lukeen forma,itxura horretan grabitateak besterik ez balu eragingo. Horregatik egin dituzte Lurraren grabitatearen neurketa zehatzak. Bi urtez aritu da GOCE satelitea datuak jasotzen; guztira 70 milioi datu jaso ditu. Horretarako, sentikortasun handiko sei azelerometro erabili ditu, azelerazioa —eta, beraz, grabitatea— neurtzen duten gailuak.

Irudian ikusten dena itxura horretan oinarrituta dago, baina grabitatearen gorabeherak oso handituta daude. Grabitate txikieneko guneak horiz irudikatuta daude, eta grabitate handienekoak, urdinez.

Datu horietan informazio asko dago. ESAko adituek, adibidez, azpimarratu dute Lurraren barruko materiaren banaketaren berri ematen dutela datuek; oso garrantzitsua, adibidez, sismologian, lurrikarek aztarna jakin bat uzten baitute grabitatearen mapan. Bestalde, ozeanoetako zirkulazioa eta beste ezaugarri asko ere aztertu daitezke mapan.

Irudia: ESA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia