}

Mugikorrak vs minbizia: amaierarik ez duen istorioa

2001/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kale-bazter guztietan ikusten hasi ginenetik datorren kontua da: minbizia sortzen al du telefono mugikorrak? Hainbat ikerketa egin da telefono moderno horiek igortzen dituzten irrati-uhinek gure gorputzean duten eraginaren inguruan, baina, oraindik bederen, ez dirudi gauza handirik zehaztu dutenik. Oraingo honetan, Alemaniatik datorkigu notizia. Dirudienez, Essen-eko ikertzaile-talde batek telefonoaren eta begi barneko minbiziaren arteko lotura aurkitu omen du.

Ikerketa egiteko begiko mintz jakin batean melanoma bat zuten 118 gaixo aztertu zituzten. Ikertzaileek diotenez, gaixo horiek osasuntsu zeuden beste 475 lagunek baino maizago erabili ohi zituzten bai telefono mugikorrak bai irrati-uhinak igortzen dituzten beste gailu batzuk.

Nolanahi ere, zenbait zientzialarik emaitza horiek kritikatu dituzte, eta ikerketa-teknika akasdunak erabili direla salatu dute.Beren ustez, ikertutako lagunen erradiazio-maila determinatu barik ezinezkoa da emaitza serioak plazaratzea.

Gainera, melanoma hori oso arraroa da, 100.000 biztanletik banaka batzuek baino ez dute izaten eta, horregatik, jendeak ez duela zertan larritu esan dute. Plazaratzen diren ikerketa guztiekin larritzen hasi beharko bagenu...jai genuke!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia