Motibo bat nigana dago etorria...
1992/05/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Autobideari jarraituz azkar gidatzen ari naiz Goierrirantz. Azkar gidatzea nigan ez da gauza harrigarria. Gaur hala ere, arin ibiltzeko motiboa badut, ordua bederatzietan jarria dugulako. Erlojuaren orratz handia gorantz hurbiltzen ari da eta ez dut berandu iritsi gura.
Legorretan, laino artean oraindik, autobidea utzi egin dugu. Errepide nazional zaharra hartu eta kalea zeharkatu dugu. Ez dago jende askorik. Larunbat goiza baino gehiago, igande goiza dirudi. Eskuinerantz hartuta errepidea utzi eta asfaltatutako bide estu samar bati jarraitu gatzaizkio. Laster, bide-seinale arlote batek (zurezkoa itxuraz) aldapan gora egiten duen porlanezko bide estua hartu behar dugula adierazi digu.
Bideak gora egiten du sigi-sagan, aldatzak batzuetan lehen abiadura sartzera behartzen nauelarik. Beste autorik aurretik baletor zer egin da nere kezka. Erreka-lainoa meheago eta deslaiago bilakatzen ari da. Eguzkiaren argitasuna gero eta nabarmenagoa da.
Aldaparen gogorra zertxobait bigundu da. Zuzenune motz bat eta laino-argi artean Domingotegi, gure helburua, dager. Laino mehea zeharkatzen duten eguzki-printzek halako lilura eta xarma berezia ematen diote baserri xaharrari.
Inaxio, Joxe Jabier eta beste lagun bat daude atarian. “Hiltzailea ote?” pentsatu dut. Elkar agurtu dugu, adeitsu. Ezkaratza eta ikuiluan barrena, sukaldera goaz. Han, tipula-usain artean, Marixol dago, hiltzeko trasteak prestatzen. “Neri ez atea fotorik!” esan dit, kasik agur moduan eta begietan jenio biziaren distira duelarik. Txerriari egingo dizkiodala esan diot. “Ze, geo nun ateako dituk hoiek?” erantsi du. Bitartean, Baxilio txikia sugandila bezain nerbios atera da ikuiluko behi artetik.
Hiltzailea ez da oraindik igo; ezta Marixoli txerrikiak apailatzen lagunduko dion tia Jexuxa ere.
Lainoa disolbatzen ari da, zerua gero eta urdinago dago eta uste baino lehenago eguzkiak gogotik joko du.
Txerria hiltzeko garaia ea ez ote den pasa galdetu diot Inaxiori. Hark baietz esan dit, baina udazkenean hanka hautsi zuenez, sendatu eta pisua hartu bitartean, “amnistia izan dik” erantzun dit. Txerriari begiratu bat ematera txerrikortaraino hurbildu naiz. Barnean datzan txerramak itxura izugarria du. Ehun eta berrogeitamar bat kilo pisatuko duela esan dit Baxiliok.
Luis hiltzailea eta Jexuxa etorri dira jada. Luisek gakoa eta labanatzar bat dakartza eskutan. Aitontzar irribarretsua da. Hirurogei urte ongi beteak ditu, baina gaztetasuna darie haren begiei. Eguraldia da mintzagai, lanari ekin aitzin. Garbituko ote duen; erreka-lainoa gora ote datorren; sei t’erdietan garbiago ote zegoen. Bien bitartean argazki-kamera eta flaxa prestatu ditut.
Drama hastear dago eta protagonista guztiak, nagusia izan ezik, eszenatokia prestatzen ari dira. Txerrikortako bi ateak itxi egin dira. Lau gizonek, txerriari hanketatik sendo eutsi diote eta aulki luze baten gainera bota dute. Luisek trebetasunez eta urtetan ikasitako ofizioz, gakoa txerriaren mutur azpian sartu du. Txerriaren marrakak, trenaren txistua baino sarkorragoak, guztia betetzen du. Bere konfidantza izu bilakatu da. Ihes egin nahi du, baina gizonezkoen esku sendoek ez diote uzten eta konturatu baino lehen, Luisen labanatzar zorrotzak lepoa ebaki dio. Marixol, prestu, zauriari darion odol-iturria balde urdin batean biltzen ari da.
Txerrikortan gertatzen ari den drama ebitaezinaren aukerako lekuko bi dauzkagu: etxeko txakurretako batek katuetako bat lagun duelarik, ateko zirrikitutik erakutsi bait du burua, negar moduko kurrinka haren jatorria ezagutu asmoz seguruenik.
Jadanik, odolustuta dago txerria. Deblauki, dardar egin du, indarrez gainera, biziak gorpua utzi nahiko ez balu legez. Marixol, belauniko jarrita, baldean bildutako odolari eragiten ari zaio, eskua odoletan bustirik, behar baino lehen gatza ez dadin.
Giro berezia dago. Leihotik sartzen diren eguzki-izpiek, airean flotatzen ari den harrotutako hautsa nabarmentzen dute eta belauniko jarritako neskaren inguruan halako argitasun lauso, hunkigarri, magikoa sorterazten dute. Damu dut sentikortasun handiagoko filmea ez izana eta instant haren magia betirako fisikoki izoztu ezin izana. Kameraren obturazio-botoia sakatzean flaxaren argia lilura jaten ari dela sentitzen dut.
Drama bukatu egin da. Eszenatokia hustu. Historia ordea, ez. Hilotza kanpora atera dute eta porlanezko bidean luze-luze bota. Bizilaguna badoa, bere lana amaitu da eta. Garo iharrez estali dute gure protagonista. Su eman diote. Hau benetan hilik dago; ez bait da Bizkaiko txerria bezala zutitu eta are gutxiago ekin dio ihesari.
Gar gorri beroek puztu erazi egin dute txerria, airez betetako globoa bailitzan, nahiz eta azalaren azpian airea baino gozoagorik badagoen. Arretaz erretzen dizkiote ile guztiak ardura bereziz. Kris-kras ari da erretzen garoa, usain sarkor eta gozoa dago eta kea trinko dario. Garoak bere lana egin duenean, oraindik erre ez diren azken zurda egosgogorrak zaku-paperez kiskali dituzte.
Luisek, ea txerria hiltzen lehen aldiz ikusi dudan galdetu dit. Ezetz, erantzun diot. Lehen, orduan bezala egiten zela eta berak lana franko izaten zuela esan dit. Jarraian, “oaingo jendia komodoa dek!” erantsi du, sardeaz garo gehiago sutara bota bitartean.
Zerua guztiz urdindu da eta epel dago.
Txerria aulki luzearen gainean jarri dute berriro. Ur eta eskubilez Joxe Jabierrek larrua garbitu dio. Belztutako larrua marroi agertzen da. Luisek labana hartu du. Harakina lanean hastear dago eta nik kamera prest dut irudirik adierazgarrienak hartu asmoz. Aberea hiltzeko eginiko zauritik hasita mutur azpia ireki dio; bi labana-kolpe eta txerriaren mihia eskutan du. Besoa altxata trofeo moduan darakusa.
Segidan, bular aldean sartu du labana eta maisutasunez, ipurdi alderantz, bularrezur zuzenari jarraituz, ireki egin du. Hesteak agerian daude, masa gris zimur moduan. Errai artera eskua sartu, tira eta maskuria erauzi du. Katean lotutako txakurrari bota dio. “Ba dik zertan entretenitua” esan du barrez.
Txundituta nago Luisen trebeziaz. Anatomi ikastaroan nagoela sentitzen dut, bera erraiak banan-banan txerriaren gorputik ateratzen ari dela. Ez du hutsik egiten, edo bederen, nik ez diot horrelakorik somatzen.
Hustu du txerria. Haragi eta hezur da orain. Ohi bezala, emakumezkoen lana hasiko da; hesteak garbitzen lehenik eta horiek betetzen gero. Dena den, gizonezkoena ez da oraindik bukatu. Luisek atzeko hankak (orpazurda eta hezurraren artean) zulatu eta hesola bat sartu du; lokarriz ondo lotu eta segidan, ate ondoan, buruz behera, zintzilikatu dute.
Goizeko lana amaitu da. Gosaria prest daukagu. Tipula-usainez inguraturik Marixolek prestatutako jaki goxoei gogoz oldartzen gatzaizkie. Mokau artean, elkarrizketa lasaia eta gozoa da. Han eta hemengo kontuak; zeru-lurrak harrotu ditugu, Bizkaiko txerriarenak ahaztu gabe.
Luis joana da. Arratsaldean itzuliko da lanari berriz ekiteko, lagina aztertu ondoren albaiteruak trabarik jartzen ez badu behintzat. Gu ere bagoaz, aurtengoak bukatu direla eta. Maldan behera goazenean, erreka-lainoarenak ere egin duela eta txerriarekin batera disolbatu egin dela konturatu naiz.
Motibo bat nigana Nahikua egin dute Mazuarekin jo du |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia