Monjeen medizina mongoliarrentzat
1992/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mongoliarrek, medikamentu-kontuetan, orain arte produktuak mendebaldetik inportatzen bazituzten ere, monjeengana itzultzen ari dira. Garai batean, Manba Datsansko monastegitik hornitzen ziren; bertan lantzen bait ziren medikuntza eta sendabideak. Gero, 1930. urte inguruan Manba Datsans txikitu egin zuten eta ondorioz mendebaldeko medikuntzak sartzeko aukera ezin hobea izan zuen.
Orain, aldaketa politiko batek ohizko medikuntza bideetara itzultzeko bidea eskaini du. Monje mongoliar batek, Natsagdorj Lamak hain zuzen ere, Ulan Batorko Manba Datsans berreraikitzen hasia da. Hala ere, antzinako monastegiarekin konparatuta diferentzia izango du: mendebaldeko medikuntzaren zenbait ezaugarri curriculumera eranstea.
Natsagdorj Lamak Indian ikasi zuen medikuntza eta dioenez mendebaldeko medikuek eta mongoliarrek elkarrengandik ikasi behar dute. “Helburua beti bera da, hots, gaixoa sendatzea” dio Lamak. “Onena zein medikuntza-mota den jakitea ez da garrantzitsua; gaixoa hobeto tratatzeko bi medikuntzen arteko konbinaziorik egokiena zein den jakitea baizik”.
Uztailean Lamak Londresko ospitale eta mediku-eskolak bisitatu zituen. Hauxe zioen: “Hemen zientzia eta teknologia oso garatuta baldin badaude ere, makinek ezin dute diagnostiko zuzena egin. Pazientearekiko harremana ezinbestekoa da”.
Lamak mendebaldeko medikuak monastegira joatea nahi du: ”Elkar laguntzea beharrezkoa dugu ekialdeko eta mendebaldeko bideen arteko konbinaziorik egokiena aurkitzeko”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia