Mintz biodegradagarri bat garatu dute, elikagaien bilgarri gisa erabiltzeko


Nekazaritza eta industria arloetako azpiproduktuetatik abiatuz, EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko BIOMAT ikerketa taldeak mintz bat garatu du, guztiz bideogradagarria eta konpostagarria, eta termozigilatzeko balio duena. Ikerketaren emaitzak Journal of Cleaner Production aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte.

Landare proteinak lehengai berriztagarriak eta oparoak dira, erraz lor daitezke nekazaritza eta industriako azpiproduktuetatik eta propietate egokiak dituzte ontzien eta bilgarrien eremuan aplikatzeko. Horrez gain, biodegradagarriak direnez, abantaila garrantzitsuak eskaintzen dituzte ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntuetatik. Ezaugarri horiek aintzat hartuta, BIOMAT ikerketa taldeak mintz berri bat ekoitzi du elikagaien bilgarri gisa erabiltzeko. Biodegradagarria eta konpostagarria izateaz gain, mintz berriak gaur egungo mintz komertzialek baino propietate hobeak ditu oxigenotik  eta argi ultramoretik babesteko.  Bestalde, ikertzaileek azpimarratzen dute mintza ezin hobeto itsasten dela azalera desberdinetan, eta termikoki zigilatu daitekeela, baita ontziratze industrian zailtzat hartzen diren azaleretan ere, esaterako, polietilentereftalatoaren kasuan (PET). Gainera, ekoitzitako biomintzaren propietate mekanikoak eta zigilatzeko aukera tenperatura baxuetan ere mantentzen dira (-20 ºC), eta ez da mintz gogor eta hauskor bihurtzen, ohiko mintz batzuekin gertatzen den bezala.

BIOMAT taldeko irakasle eta ikertzaile Pedro Guerrerok azaldu duenez, “ekoizteko prozesuan, nahiz bizitza erabilgarria bukatu ondoren, ingurumena errespetatuko duten material alternatiboen bilaketa honetan, gure ikerketen muina izan da industriaren azpiproduktuak balioztatuz material biodegradagarriak eta konpostagarriak garatzea eta produktuaren bizitza zikloari lotutako ingurumen kargak aztertzea, lehengaiak lortzen diren unetik hasi, eta, erabili ondoren, materialak desegin arte.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena