Minbiziaren kontrako edabea
2000/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zortzi landarez egindako infusioa leuzemiaren eta prostatako zein bularreko minbiziaren kontra eraginkorra dela frogatu berri du Estatu Batuetan New Jersey-ko New Brunswck-en Robert DiPaola irakaslearen taldeak. Berez minbiziaren kontra eraginkorra zortzi landareetako bat (erregaliza) baino ez da.
Erregalizetik A likokalkona izeneko substantzia landaretik atera eta prostata, bular edo odoleko minbizia zuten gaixoen tumoreetako zelulekin in vitro egin dira probak. Emaitza garbia izan da: tumore-zelula guztiak suntsitu dira. Orain animaliekin probatzeari ekin diote.
Zortzi landareko nahastea duen edabea Estatu Batuetan PC-SPES izenaz saltzen da elikagai osagarri gisa. Hasierako PC horrek "prostatic cancer" esan nahi du, eta ondoko SPES horrek itxaropena. Hauek dira erregalizaz gain edabeak dituen landareak: krisantemoa, palmondo-barietate bat, eskutelaria, Isatis tinctoria, Ganoderma lucidum, Panax pseudo-ginseng eta Rabdosia rubescens.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia