}

Minarentzat sor bilakatzeko trikimailua

2022/06/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

minarentzat-sor-bilakatzeko-trikimailua
Arg. Manu Ortega santos/CC BY-NC-ND

Aiztoaren lehen bristadaren hain jarraian entzun zen zerraren kirrinka hezurrean, ezen bi gauzak aldi berean gertatu zirela iruditu baitzitzaien denei. Bi eskuak libratzeko, hortzen artean eutsi zion aizto odoleztatuari. Eta “denbora, jaunok, denbora, denbora!”, egin zuen oihu, lotuta, izerditan blai eta kordegabetuta zetzan pazientearen ondoan jauzi eginez. Ikasleek eskuetan zituzten sakelako erlojuei begiratu zieten.

Erresuma Batuko zirujaurik azkarrena izatearen ospea zuen Robert Listonek. Hanka bat ebakitzeko gai omen zen bi minutu eta erdian, eta ebakuntza asko segundotan egiten omen zituen. Beste zirujauek ezinezkotzat jotako kasuak ere hartzen zituen. Hain zuen izen ona, pazienteek nahiago izaten omen zuten egunak itxaron haren itxaron-gelan, beste zirujau batengana joan baino. Izan ere, Listonen mahaian etzaten ziren 10 gaixotik 9 bizirik ateratzen ziren. Listonek lan egiten zuen ospitalean bertan, berriz, Londresko Unibertsitate Ospitalean, lautik bat hiltzen zen, eta beste askok ihes egiten zuten, beldurraren eta minaren eraginez.

Izan ere, garai hartan, oraindik ez zegoen ebakuntzetan mina kentzeko modurik. Horregatik, azkartasuna dohain garrantzitsua zen zirujauentzat, mina gutxitzeko eta pazienteak bizirauteko aukerak handitzeko.

Hain zuzen ere, Liston bera izango zen Europan anestesia ezagutarazi zuena, 1846ko abenduaren 21ean, Londresko Unibertsitate Ospitalean egin zuen ebakuntza publiko batean. “Yankien trikimailu bat erakutsiko dizuet gaurkoan —aurkeztu zuen—, gizakia minarentzat sor bilakatzen duena”.

Bi hilabete lehenago Bostonen William Morton dentistak erakutsitako trikimailuaz ari zen. Mortonek eterraren ahalmen anestesikoak erakutsi zituen, beste ebakuntza publiko batean. Baina, Morton baino lehen, haren irakasle eta lankide izandako Horace Wells hasi zen haginak minik gabe erauzteko probak egiten, beste gas batekin: oxido nitrosoarekin.

1844ko abenduan, ikuskizun bat ikustera joan zen Wells: “Erakustaldi handia: oxido nitrosoa edo irriaren gasa arnasteak eragindako ondorioak”. Ikuskizun hartan, auzoko botikariak parte hartu zuen boluntario gisa. Gasaren eraginpean, jauzika hasi zen, era xelebrean, ikusleen gozamenerako. Eta, hala zebilela, egurrezko banku batekin gogor kolpatu zituen hankak. Wells konturatu zen ez zuela min-imintziorik egin; zirkinik ere ez. Eta berehala ikusi zuen gas hura zein baliagarria izan zitekeen bere lanerako.

Hurrengo egunean bertan, Wellsek berak arnastu zuen oxido nitrosoa, eta John Riggs kideari eskatu zion azkenaldian enbarazu egiten ari zitzaion azkenagin bat kentzeko. Ez zuen inolako minik sentitu. Zoragarria zen. Substantzia hari esker, hagin-erauzketak minik gabe egin ahal izango zituzten aurrerantzean.

Arg. Manu Ortega santos/CC BY-NC-ND

Dozena bat pazienterekin probatu zuen Wellsek, bere kontsultan. Eta, arrakasta ikusita, erakustaldi bat egin behar zuela erabaki zuen. Mortonek antolatu zion erakustaldia. 1845eko urtarrilaren 20an izan zen, Massachusettseko Ospitale Nagusian, Bostonen. Hagin-erauzketa bat egin zuten, baina gaixoa minez garrasika hasi zen (nonbait, ez zioten gasa ongi eman, edo ez dosi egokian…). Oihuka hasi ziren han bildutakoak, Wellsi “iruzurti” deituz.

Gaixotu egin zen Wells, eta lan gutxi egin ahal izan zuen hurrengo hilabeteetan. Mortonek, berriz, probatzen jarraitzea erabaki zuen. Horretarako, oxido nitrosoa eskatu zion Charles Jackson kimikariari. Hark, ordea, gas hura arriskutsua izan zitekeela eta, eterrarekin probatzea gomendatu zion.

1846ko urriaren 16an, berriz ere, Massachusettseko Ospitale Nagusiko agertokian, erakustaldia egin zuen Mortonek. Eterra arnasarazi zion Edward Gilbert Abbott inprimatzaileari, eta John Collins Warren zirujauak tumore bat erauzi zion lepotik. “Jaunok, hau ez da inolako asmakeria”, esan zuen Warrenek ebakuntza amaitutakoan, txunditurik.

Substantzia anestesiko hura “Letheon” izenarekin patentatzen saiatu zen Morton. Baina, laster argitu zen eterra baino ez zela, eta ezin izan zuen patenterik egin. Gainera, anestesiaren aurkitzaile izendatzeko ere arazoak izan zituen, hainbat lehiakide atera baitzitzaizkion: batetik Wells eta Jackson; bestetik, Crawford Williamson Long medikua. Longek lehenago erabili zuen eterra ebakuntza batzuk egiteko, baina ez zuen bere lana ezagutarazi Mortonen erakustaldiaren berri izan zuen arte.

Morton izan zen munduari anestesia aurkeztu ziona. Eta azkar zabaldu zen berria. Londresen, Listonek “Yankien trikimailu hura” aurkeztu eta segundo batzuetara, Frederick Churchillen hanka moztuta zegoen. Churchill esnatu zenean, “Utzidazue altxatzen, ezin dut hau egin!”, egin zuen oihu, oraindik ebakuntza egin gabe zegoelakoan. “Jainko maitea! Hipnosia baino hobea da hau!”, esan zuen Listonek (unibertsitate hartan bertan probatu zuten teknika hori ere).

Handik aurrera mina ez zen arazo izango kirurgietan, eta azkartasuna ez zen izango zirujauen dohain garrantzitsuena. Listonen garai onenak bukatzera zihoazen, baina orduantxe hasiko zen kirurgiaren benetako aroa.

 

BIBLIOGRAFIA:

BAKER, P.M.: “The Ether War”. Pilgrim Hall Museum.

GARGANTILLA MADERA, P. (2019): “Operar sin dolor: nace la anestesia”. National Geographic.

USHER, S. M., CHIEVELEY-WILLIAMS, S. (2004): “‘A Yankee dodge’: the first British public

demonstration of anaesthesia”. e-med.

VENTURA, D. (2018): “Robert Liston: el polémico y exitoso cirujano del siglo XIX que realizaba amputaciones en solo segundos”. BBC News.

WELLS, H. (1847): “A history of the discovery of the application of nitrous oxide gas, ether, and other vapors, to surgical operations”. Surgeon General’s Office Library.

Biographical sketch of Dr. William T. G. Morton”. Physicians and Surgeons of America. (1909)

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia