Mikroplastikoek eragin hilgarriak dituzte zapaburuetan eta ibaietako ornogabeetan

2020/03/09 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gero eta gehiago ari da handitzen mikroplastikoek eragindako kutsaduraren inguruko kezka, eta EHUko Stream Ecology ikerketa-taldeak emaitza esanguratsuak lortu ditu horren inguruan: anfibioen eta ibaietako ornogabeen larbentzat eragin kaltegarriak dituzte mikroplastikoek. Batzuetan, hilgarriak. Eta ekosistemen funtzionamenduan ere eragiten dutela ikusi dute; esaterako, materia organikoaren deskonposaketa eragozten dute. Environmental pollution eta Chemosphere aldizkarietan argitaratu dituzte emaitzak.
Arg. Shutterstock.com

EHUko Ibai Ekologia taldeak egin ditu esperimentuak, Madrilgo Natur Zientzien Museo Nazionalarekin (CSIC) lankidetzan: 15 egunez mikroplastikoen eraginpean izan dituzte zapaburuak eta orbelez elikatzen diren organismoak (intsektuen larbak). Animaliok bizi diren aintziren eta ibaien kondizioak erreplikatu dituzte, eta hainbat mikroplastiko-kontzentrazio jarri dituzte: mikroplastikorik gabeko sistemak (kontrola), kontzentrazio txikikoak, kontzentrazio ertainekoak eta altukoak. Laborategiko kontzentrazio baxu eta ertainen artekoak izaten dira ibaietan aurkitu ohi dituzten mikroplastiko-kontzentrazioak.

Aztertu dute nola eragiten duten mikroplastikoek zapaburuen biziraupenean, elikaduran eta hazkundean, bai eta nolakoa izan den haien ingestioa eta kanporatzea ere. Mikroplastiko-kontzentraziorik altuenean hil egiten direla animaliok; kontzentrazio txikiagoetan ez dira hiltzen, baina  anfibioen hazkundea murriztu egiten da.

Luz Boyero González, EHUko Stream Ecology taldeko ikerketa-burua. Arg. Luz Boyero

Bestalde, orbelaren deskonposaketa denez ibai-ekosistemetako prozesurik garrantzitsuenetakoa, aztertu dute mikroplastikoek nola eragiten duten deskonposaketa horretan eta orbelez elikatzen diren organismoetan. Orbelean atxikitzen diren mikroplastikoek materia organikoa gutxiago deskonposatzea eragiten dute, eta ornogabeen biziraupena ere txikitu egiten da haien presentzian, kontzentrazioa edozein delarik ere.

Esperimentuek erakutsi dute ingurumenean neurtu izan diren kontzentrazioetan estresore garrantzitsuak izan daitezkeela mikroplastikoak anfibioentzat zein materia organikoa deskonposatzen duten organismoentzat. “Mikroplastiko-kontzentrazio oso altuetan ere egin dugu lan. Azken finean, ikusi nahi dugu zein kontzentraziotan hasten diren kaltegarriak izaten, ez baitakigu zer gertatuko den etorkizunean —dio Luz Boyero González ikerketaren zuzendariak—. Egia da Europan hasi dela sortzen erabilera bakarreko plastikoen murrizketa ekarriko legedia, baina, oraingoz, plastikoen ekoizpenak hazten jarraitzen du. Eta ingurumenean eta zabortegietan dauden plastiko horiek guztiek degradatzen eta mikroplastikoak sortzen jarraituko dute datozen hamarkadetan. Beraz, ez dakigu zer kontzentraziotara iritsiko garen etorkizunean”.

Mikroplastiko-kontzentrazio handiek ibaietako materia organikoa desegiten duten detritiboroen biziraupenean eragiten du, eta materia organikoaren beraren deskonposaketa eragozten du. Arg. Environmental Pollution aldizkaritik moldatua

Ekosistema itsastarretan ikertu izan da plastikoek animaliengan duten eraginaz, baina ibai-ekosistemetan ezer gutxi. “Kontuan izan behar dugu mikroplastiko asko ibaien bidez iristen direla itsasora. Asko zuntzak dira, arropa sintetikoa garbigailuan sartzen dugun bakoitzean urak berekin eramaten dituen milioika mikroplastiko. Mikroplastiko horiek hoditeriatik doaz ibaietara, eta, handik, itsasora. Ekosistema lurtarretara nola iristen diren eta han duten eraginaz apenas dakigu ezer. Baina argi dago baita atmosferan ere aurkitu direla; hortaz, euritan egongo dira, eta lurrera eta landaretzara iritsiko dira”, dio Boyerok.

Ekosistemen arteko bektore

“Gure emaitzen arabera, badirudi mikroplastikoak ur gezatik lurreko ekosistemetara transferitzeko bide garrantzitsua izan daitezkeela anfibioak eta ornogabeak —dio Boyerok—. Adibidez, aztertu ditugun ornogabeek larba-fase urtarra dute, baina, gero, helduak lurtarrak dira. Eta heldu horiek ekosistema lurtarrean ari dira mikroplastiko kutsakor horiek guztiak sartzen; izan ere, narrastiek eta ugaztunek jaten dituzte. Zapaburuekin bera pasa daiteke”.

Elikagaiak asimilatzeko oztopo

“Ez dakigu nola eragiten duten mikroplastikoek pertsonetan eta, are gutxiago, maila zelularrean. Baina animalia itsastarretan dagoeneko frogatu da mikroplastikoak hesteetan xurgatu egiten direla eta ehunetara eta zeluletara sartzen direla —ohartarazi du Boyerok—. Litekeena da mikroplastikoak digestio-aparatuan egote hutsak, baita xurgatuak izan gabe ere, elikagaiak ondo xurgatzea eragoztea. Mikroplastikoek epitelioan bertan geruza bat sortzen dute, eta elikagaiak ez dira ondo asimilatzen. Uste dut, oraingoz, ez gaudela gizakiontzat larriak diren kontzentrazioetan, baina ez dakigu zer ondorio izan ditzaketen epe luzean. Eragina izateko aukera erreala da. Izan ere, sare trofikoko organismo guztiak pilatzen joan diren kontaminatzaileak jaten ditugu guk. Kontziente izan behar dugu”. Bestetik, mikroplastikoez gain, nanoplastikoak ere badira. Hain txikiak izanik, aztertu beharko da zeluletan sartzeko gaitasun handiagoa duten eta zer eragin duen horrek.

Ikerketaren egileak: Javier Pérez, Luz Boyero, Naiara López-Rojo eta Alberto Alonso. Arg. EHU

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia