}

Mikroorganismoak hiri zaharretako katakonbetan

2000/08/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


XVIII. mendean hirietako biztanleen ohitura higienikoak hobetzen hasi eta komunak zein garbiketarako tresnak ugaritu egin ziren. Horiek, noski, ura erabiltzen zuten eta, ondorioz, denbora gutxian hondakin-urek ikaragarri egin zuten gora. Estolderiak urriak eta funtzionaltasun gutxikoak ziren eta agintariek hondakinak kudeatzeko bestelako bideak asmatu zituzten. Horiek, ordea, ez ziren ingurugiroarentzat oso mesedegarriak izan.


Hasiera batean hirietako- hondakinak hobietan pilatzen ziren. Hobiak betetakoan, hondakinak upeletan bildu eta hirien kanpoaldean eraikitako zabortegietan husten ziren. Hondakinak batez ere solidoak zirenez, erraz lehortzen ziren eta sedimentu lehorra gorotz gisa erabiltzen zen. XIX. mende hasieran, ordea, hirietako biztanleria asko handitu, hondakin-uren bolumena ikaragarri biderkatu eta zaborra solido izatetik likido izatera pasa zen.


Zabortegiek ez zuten ur hori guztia zurgatzeko gaitasunik eta segituan lokazti erraldoi bilakatu ziren. Hondakin-uren bolumenak etengabe egiten zuen gora, ohizko zabortegiek ez zuten balio eta agintariek premiazko konponbidea behar zuten. Zentzuzkoena estolderia eraikitzea zen;izatez, garai hartan hasi ziren hirietan estolderiak eraikitzen. Baina urte haietan behin behineko beste neurri bat ere martxan jarri zen.


Putzu artesiarrak


Putzu artesiarrak edateko ura lortzeko erabili dira antzinatik: akuiferoraino zuloa egin eta handik ura atera. XVIII. mendean, aldiz, hirietako hondakin-urak husteko erabili ziren. Putzuak 150etik 200era metro bitarteko sakoneran egiten ziren, lurpeko ur-poltsari lotuta, eta bertara iraulitako hondakinak ederki zurgatzen zituzten. Lehenengo putzuek funtzioa ongi bete zutenez eta epe laburrean gaixotasunik zabaldu ez zenez, segituan zulaketa gehiago egin ziren. Urte gutxitan behin behineko konponbidea zena Europa osoan errotu zen.


Alde batetik, geologia ez zen ezagutzen eta, ondorioz, puztuak ugaritu egin ziren; lurpeko ur-poltsak isolatuta ez daudela eta iragazketak izaten dituztela, adibidez, ez ziren kontuan hartu. Iragazketen bidez hondakin-urak aintzira, ibai eta beste poltsetara irits daitezke eta edateko ura polui dezakete. Horrek ondorio ekologikoak izateaz gain, gaixotasunak eta izurriteak eragin ditzake, hondakin-uretan patogenopila bizi baita.


Dena dela, lurpeko uraren dinamika ongi ezagutzen ez bazuten ere, agintariek jakin bazekiten putzuek osasun-arazoak eragin zitzaketela baina, hala eta guztiz ere, eraiki egin zituzten. Izan ere, bi edo hiru putzu zulatzea estolderia eraikitzea baino merkeagoa zen. Arduragabetasun eta lotsagabekeriak, beraz, zerikusi handia izan zuten putzuekin. Agintariek, hori bai, euren burua ongi babestu eta putzuen eta hondakin-uren tratamenduari buruzko dokumentazioa faltsutu eta suntsitu egin zuten. Artxibategietan ez dago ia aipu ofizialik eta garaiko idazkiak irakurriz gero, putzuak sekula ez zirela eraiki dirudi. Ondorioz, non kokatuta dauden jakitea ia ezinezkoa da.

Argiaren hiria


Putzuen gaineko ikerketa aipagarria Paris VIII Unibertsitateko Sabine Barles ikertzaileak egin du. Urtetan, ia detektibe lanak eginez, XIX. mendeko Paris-en hondakin-urekin zer egiten zuten ikertu du eta berari esker putzuen historia ilunari buruz zer edo zer argitu ahal izan da.


XIX. mendearen hasierako Paris argiaren hiria baino hondakinen hiria zen. 1797. urtean egunero 51 metro kubiko hondakin-ur sortzen ziren eta 38 urte beranduago bolumena seikoiztu egin zen; hau da, 1835erako egunero 350 metro kubiko ur zikin kudeatu beharra zegoen.Hiriko hondakin guztiak Montfaucon zabortegian husten ziren eta honek gainezka egin zuenean, Bondy-koa eraiki zen, 1818an. Baina 1832. urtean Bondy-ko zabortegia ur zikinez beteriko lokaztia zen dagoeneko. Zabortegia Parisera edateko ura garraiatzen zuen Ourcq ubidetik oso gertu zegoen, gainera, eta osasun-arrisku handia zen, beraz. Zorua zulatzea zorioneko konponbidea iruditu zitzaien agintariei eta, hala, 70 metroko sakonerako putzua eraiki zuten zabortegiaren hondoan.


Bondy-ko putzua Parisko lehena izan zen baina ez azkena, hamarkada berean beste bi zulatu baitziren. Azken horiek orduko 100 metro kubiko ur zurgatzeko gaitasuna zuten. Senako Prefekturak putzuak segurutzat jo zituen batzordea izendatu zuen eta agintariek aho betez onartu zuten erabakia. Putzuak merkeak ziren, hondakinak zurgatzeko gaitasun handia zuten eta estetika aldetik ere zabortegiak baino hobeak ziren. Higiene publikoari buruz 1835. urtean argitaratu zen txostenak hirietan halako putzuak egitea onartezin jo zuen baina han adierazitakoak hutsean geratu ziren; nahiz eta agintariek putzuak jendaurrean ez defendatu, bata bestearen atzetik eraiki zituzten.


Garai hartan Frantzian eraiki ziren putzuen errolda egitea ezinezkoa bada ere –txosten gehienak aidean desagertu ziren–, oraindik gutxi gorabeherako ideia egiteko adina dokumentu badira: 1862an eginiko karta hidrologikoan, adibidez, 14 putzu azaltzen dira Paris inguruan eta Lippman zulaketa konpainiaren agiriek 1833 eta 1893 denboraldian 70 putzu egin zirela adierazten dute. Datu urri baina esanguratsu horietan onarrituta, Sabine Barles-ek Frantzian batzu putzu zulatu zirela ondorioztatu du.


Frantziako gobernuak 1902an Osasun Publikoaren gaineko legea osatu zuen eta absortzio-putzuak zulatzea debekatu zuen, kasu zehatz batzuetan izan ezik. Baina kaltea jada egina zegoen, eta konponbideak bilatu eta antzinako putzuekin zer edo zer egin ordez, ostrukak bezala burua hondarretan gorde zuten: putzuen gaineko dokumentaziorik ez zegoela argudiatuz, horiek inoiz ez zirela egin ere esan zuten.


Bonba biologikoa


Bondy-ko putzua martxan jarri eta berehala kolera izurrite ikaragarria izan zen Parisen. Putzuaren erruz? Beharbada.Gaur egun ere putzu artesiar horiek gaixotasun-iturri izan daitezke. 200 urtetan hondakin-uretako mikroorganismo eta patogenoak hil izana baliteke; baina, bizi-baldintzak mesedegarriak izan bazaizkie, erruz ugaldu izana ere liteke.Hondakin organikoz betetako putzuetan bizirik irautea ez litzateke harritzekoa izango.Bestetik, mikroorganismoek oso baldintza gogorretan irauteko duten gaitasuna txundigarria dela ezin ahantz daiteke. Ilargian utzitako zundan, erreaktore nuklearretan edo mendeetan geruza mineraletan harrapatuta bizirik iraun duten bakterioak aurkitu dira.Euren jarduera metabolikoa gutxienekora murriztu eta urteak pasa ditzakete sor. Gero, giroa berriz ere mesedegarria zaienean, arazorik gabe esnatzen dira.


Baina bere garaian putzuak itxi eta kokalekuak "ahaztu" egin ziren eta gaur egun putzu zahar horiek non dauden jakitea ia ezinezkoa da. Hiri azpiak, ordea, ez dira bereziki leku lasaiak: lurpeko aparkalekuak direla, hodi-sarea zabaldu behar dela, eraikin berriaren zimenduak ipini behar direla, metroa eraiki behar dela... Obrak etengabeak dira lurrazpian. Horietako edozeinek putzu bat aurki dezake ustekabean eta, orduan, zer gerta liteke? Batek jakin. Ezer ez agian; ezbeharren bat beharbada.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia