}

Mikrobiologiaren aita

2001/09/28 Elhuyar Zientzia


Louis Pasteur kimikari eta biologo frantsesa gaurko egunez hil zen 1895. urtean. Hamaika aurkikuntza garrantzitsu egin zituen eta mikrobiologiaren sortzailea izan zen.

1847. urtean Parisen fisika eta kimikako doktore-ikasketak egin zituen eta han hasi zen lanean. Konposatu organiko naturalen disoluzioek argi polarizatua eskuinera edo ezkerrera desbideratzen zutela ikusi zuen, eta, aldiz, disoluzioan konposatu organiko sintetikoak jartzean, errotaziorik ez zela gertatzen. Ikerketa horietatik molekula organikoak isomeroak izan daitezkeela ondorioztatu zuen, hau da, konposizio bera izanik, bata bestearen ispilu- irudi direla.

1854an Pasteur Lilleko Unibertsitatean hasi zen lanean. Han eskualdeko industriaren arazo praktikoak ikertzen ziren, batik bat, alkoholdun edarienak, eta Pasteur hartzidura-prozesua ikertzen hasi zen. Hartzidura-prozesuan alkohola legamiari esker sortzen dela frogatu zuen, baita ardoa mintzen duten substantziak (azidoak) bakterioen presentziarekin lotuta zeudela ere. Ardoa eta garagardoa azidotzea arazo larriak ziren orduan, eta Pasteurrek konponbidea eman zien: hasierako disoluzioak berotu bakterioak hiltzeko. Esnearentzat gauza bera egitea proposatu zuen, eta, hain zuzen ere, horixe da pasteurizazioa.

Ardoko edo gorputzeko mikroorganismoak ez zirela berez sortzen proposatu zuen Pasteurrek, ingurutik sartzen zirela, eta eztabaida handiak izan zituen horren inguruan Felix Pouchet biologo frantsesarekin eta Henry Bastion bakteriologo ingelesarekin. Urteetako tirabiren ondoren, Pasteurren tesiak gailendu ziren eta mikrobiologiaren ikerketak aurrera egin zuen.

Pasteurrek zetaren gaixotasuna aztertu zuen, estreptokokoak eta estafilokokoak aurkitu zituen, hainbat gaixotasun infekziosoren jatorria ikertu zuen eta amorruaren kontrako txertoa sintetizatu zuen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia