Migrainak zein mekanismoren bidez sortzen diren identifikatu dute

2018/12/18 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduko populazioaren % 15ak pairatzen ditu migrainak. Arg. Photolia

Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroko ikertzaileek migrainak sortzearen arrazoietako bat aurkitu dute: proteina baten mutazioan dago gakoa. Neuronen jarduera elektrikoa inhibitzeko gaitasuna du berez proteinak, baina, mutazioz, gaitasuna galdu eta, ondorioz, hiperestimulazioa sortzen da neurona sentsorialetan.

Neuronen jarduera elektrikoa korronte ionikoa sortzen duten kanalen bidez kontrolatzen da, eta ioi-kanal horietako bat sortu ohi du ikertutako proteinak. Mutazioa dutenen kasuan, ordea, erdibitu eta bi proteina disfuntzional sortzen ditu. Haietako bat beste ioi-kanal bati lotzen zaiola ikusi dute, eta hori omen da funtzionamendu okerra gertatu eta neuronen aktibitate elektrikoaren hiperestimulazioa sortzearen arrazoia. Hala argitaratu dute Neuron aldizkarian.

Ikertzaileek jada bazekiten migrainek izaera hereditarioa izan dezaketela, baina ez zekiten zein mekanismo dagoen horren atzean. Hortaz, tratamendu eraginkorrik ere ez dago. Zientzialarien ustez, kanal ioniko horiek erregulatzeak neuronen aktibitate elektrikoa murriztera bideratutako botikak garatzeko bidea ireki dezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia