Meteoritoaren ideiaren aldeko beste froga bat aurkeztu dute dinosauroen desagerpenaren auzian
2011/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dinosauro baten hezurra aurkitu du Yale Unibertsitateko paleontologo-talde batek Montanan, K-T muga deritzon sedimentu-geruzatik 13 zentimetrora. Orain arte iridiotan aberatsa den geruzatik hurbilen aurkitutako dinosauro-aztarna da, eta indartu egiten du dinosauroak meteorito baten talkaren eraginez desagertu zirelako ideia.
Izan ere, orain arte ez zuten aurkitu dinosauroen aztarnarik K-T mugatik 37 zentimetrora baino gutxiagora. Zientzialari gehienek uste dute dinosauroak meteoritoaren eraginez desagertu zirela, baina beste batzuek proposatzen dute meteorito hark Lurra jo baino lehenago desagertu zirela. Pixkanaka desagertuz joan zitezkeela diote, garai hartan oso ugariak ziren sumendien erupzioen eraginez eta barnealdeko itsasoak lehortuz joan zirelako, besteak beste.
Dinosauro baten aztarna K-T mugatik 13 zentimetrora bakarrik aurkitu izanak ezeztatu egiten du, ikertzaileen iritziz, dinosauroak meteoritoak jo baino lehen desagertu izanaren ideia. Onartzen dute, hala ere, posible dela meteoritoak jo zuenerako dinosauroak dagoeneko gainbeheran egotea. Esan dutenez, K-T mugatik hurbil bilaketa gehiago eginda argituko da auzia behin betiko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia