Metastasiaren nondik norakoak
2001/10/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia
Minbiziaren kasuan, tumore primarioak desagertaraztea gero eta errazagoa da, baina tumoreak zabalduz gero, heriotza-arriskua, oraindik orain, handia da.
Metastasia minbizi-zelulen hainbat aldaketaren ondorio da. Zitoskeletoa da zelularen egitura orokorra mantentzen duena, eta metastasia gertatu aurretik zitoskeletoan aldaketa nabariak izaten dira. Bestetik, zelulen atxikidura-gaitasuna galtzen da eta beren mugikortasuna handitu egiten da. Hortik sistema linfatikora zein odol-hodietara pasa, eta urrutira iritsi ahal izango dira, eta minbizia zabaldu.
Hala ere, aldaketa horien oinarri molekularra ezezaguna da oraindik. Koloneko minbizian, badirudi batez ere PLR-3 deritzon proteina dela erantzule nagusia, metastasia gertatzen ari den kasuetan proteina hau kopuru handitan eratzen dela ikusi baitute ikertzaileek. Gainera, entzima hori kodetzen duen genea kromosoma berean hainbatetan errepikatua azaltzen da tumorea zabaltzen ari den kasuetan.
Esan beharra dago ikerketa hasi besterik ez dela egin. Lehenik PLR-3ak dituen funtzio biokimiko eta fisiologikoak zehaztu beharko dituzte. Gero, lan horren helburu nagusia PRL-3aren funtzioa inhibi dezaketen molekulak bilatzea izango da, eta inhibizio horrek metastasia eragotzi dezakeen aztertu beharko dute, tratamendu berriak garatzeko balioko duen jakiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia