Menopausiarako test eta produktu komertzialen arriskua salatu du BMJk

2025/08/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

menopausiarako-test-eta-produktu-komertzialen-arri
Menopausiaren ikurra Arg. Adam Harangozó/Domeinu publikoa

Menopausia eta perimenopausia garaietarako merkatuan eskaintzen diren test hormonalak eta zenbait produktu alferrikakoak direla eta arriskutsuak ere izan daitezkeela ohartarazi du British Medical Journal aldizkariak (BMJ). Menopausiaren diagnostikoa klinikoa dela gogorarazi du, eta baieztatu du tratamendurik onena ez dela zenbakiekin hasten, baizik eta entzunaz.

Aldizkariak editorialean azaldu duenez, adituek ohartarazi dute menopausiari lotuta zuzenean kontsumitzaileari eskaintzen zaizkion zerbitzu gehienak alferrikakoak direla eta ez dutela zaintza hobetzen. Haien esanean, sintomak historia klinikoaren bidez ezagutzen dira, eta tratamentuari buruzko erabakiak, berriz, profesional klinikoak gidatu behar ditu, pazientearen nahiak aintzat hartuta.

Bereziki kezkatzen ditu menipausiaren sintomak ebaluatzeko boladan jarri diren test hormonalak, eta haien emaitzetan oinarrituta eskaintzen diren prdukutuak, hala nola hormona-terapia pertsonalizatuak eta gehigarriak. Azpimarratu dute, ez testak, ez terapia horiek, ez daudela oianrrituta ebidentzia zientifikoan. Hain zuzen, 45 urtetik gorako emakumeetan, menopausiaren sintomak klinikoki aztertzen dira, eta hormonen testak alferrikakoak dira.

Merkatuan eskaintzen diren hormona-terapia pertsonalizatu horiek ez dutela berme ofizialik eta ez dela ziurtatu eraginkorrak eta seguruak direla. Are gehiago, duten estrogenoen eta progestagenoen kantitateen arabera, umetokiko zelulak gehiegi ugaritzea ekar dezakete, baita minbizia ere.

Hormona-testak ohiko bihurtzea arazo handiago baten seinale izan daitekeela uste dute: emakumeen osasunaren komertzializazioa, ebidentzia zientifikoan oinarritu gabe. Aipatzekoa da lehen ere, BMJk ez ezik, The Lancetek ere salatu izan dituela menopausia medikalizatzeko eta irabazi komertzialak osasunaren gainetik jartzeko joera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia